ASTE HONETAN AMAITUKO DA BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAKO ERAKUSKETA ARETOAN EGOAN OZTOPORIK BAKO BILBAO FORMARTE ESKOLAREN "HARRERA" ERAKUSKETEA
- Oztoporik bako Bilbao Formarte eskolak, urritasun psikikoa edo adimenekoa daukien artistek egindako 21 azterlan erakutsi ditu azarotik.
- Ehundaka personak gozau dabe aste honetan amaituko dan erakusketa horregaz Bilboko Batzar Nagusien egoitzan.
- Sevillako suhiltzaile batzuek Egeo itsasoan egin daben ekintza solidarioa, Gernikako Arbolea biziraupenaren ikur moduan, gerrek eragiten dituen suntsipena eta mina, ume errefuxiatuen sufrimentua edo mugak zalantzan jartea dira erakutsitako artelanetan ikusten diran gaietako batzuk.
Aste honetan amaituko da joan dan urteko azaroaren 28an Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa aretoan erakutsi dan “Harrera” erakusketea. 22 artistek, Oztoporik bako Bilbao FormArte arte eskolako ikasleak, 21 artelan erakutsi ditue, eta erakusketak oso harrera ona jaso dau erakusketa aretora hurbildu diran ehunka personaren artean.
Oztoporik bako Bilbao FormArte arte eskola, urritasun psikikoa edo adimenekoa daukien personei arte sorkuntzaren bitartez garapen pertsonalerako eta profesionalerako programea emoten deutsen prestakuntza zentroa da.
“Harrera” izenburua daukan erakusketak, hainbat teknika eta euskarri erabilita egindako margolanak eta eskulturak jasoten ditu: instalazinoak, marketeria lanak, ikus-entzunezkoen emonaldiak… Lanak mota askotakoak dira, eta gizakiengan aurkitzen doguzan edertasuna eta maitasuna eta krueltasuna eta gorrotoa.
Erakusketan parte hartzen daben 21 artistek 10 hilebete egin ditue “Harrera” proiektuan beharrean. Informazino fasean, Gogora institutuak, Frantziara, Belgikara, Ingalaterrara eta Errusiara babes bila joan behar izan eben Espainiako Gerra Zibileko umeen lekukotzakaz egin dituan bideoak ikusi ebezan.
Gernikako Bakearen Museora egindako bisitak eta Arteako Giltzik Bako Etxetik egindako beste ibilbide batek, gatazka belikoak saihestu beharraren eta harreraren garrantziaren ganeko gogoetak sortu ebezan ikasleen artean, eta gogoeta horreek, erakusketan ikusi daitekezan artelanetako batzuetan islatzen dira.
Dokumentazino eta errefuxiatuakaz hartu-emon fase horren emaitza dira “Harrera” erakusketan erakusten diran mota guztietako 21 artelanak.
Erakusten daben artistak honeek dira: Claudia Aguinaga Gumuzio (““Has dadila funtzioa”), Lucía Arístegui Echevarría (“Nik babesten zaitut”), Sergio Fernández Gallastegi (“Errautsetatik irteten” ), Imanol Yébenes Pozo (“Denon artean hobeto ereingo dugu”) Miren Santiago Bilbao (“Kontsolamendua” ), Jon Ander Gil Hernández (“Non dago muga?”), Leire Zelaia Eizagirre (“Sua”), Arantza Campino Villegas (“Batetik nahiz bestetik begiratu…” ), Igor Plaza Tolosa (“Harrera versus arbuioa” ), Miguel Cordero González (“Harrera unibertsala” ), Daniel Esteves Alonso (“Espazioa, azken muga”), Inés Subijana Puertas (“Hiru begirada: berdintasuna, askatasuna, bizitza” ) Alex Ortega de la Serna (“Denontzako ispilua”), Gorka Guezuraga Delgado (“Babesgabetasun xaloa”), Estibaliz García Bernales (“Ongi etorri Giltzarik Gabeko Etxera”), Itziar Gil Hernández (“Busti zaitez”), Estibaliz Ortiz de Laiseca Uribe (“Bizirik aterako ote naiz?”), Nerea Vergara Luis (“SOS - Ba al da inor hor?”), Uxue Azaola Sanz (“Bizitza aldean” ) y Marisa González Martín (“Erdu nirekin ehuntzera”). Gorka Pérez Matosek eta Arrate San Armoleak “Bakerako bidea” aurkeztu dabe, erakusketan dagon egile bat baino gehiagoko artelan bakarra.
Sevillako suhiltzaile batzuek Egeo itsasoan egindako lan solidarioa, Gernikako Arbolea, gerrek eragiten daben biziraupenaren, sarraskiaren eta minaren ikur moduan, ume errefuxiatuen sufrimentua edo mugak zalantzan jartea dira erakusten diran artelanetan ikusi daitekezan gaietako batzuk.
Beste behin, Bizkaiko Batzarrek, Lurraldean aritutako artisten beharra gizarte osora helduazoteko bozgorailu izan gura dauen lekua eskintzeko apustua egiten dabe. Aste honetan amaituko dan “Harrera” erakusketea helburu horren beste adibide bat da. Urtarrilaren 17ra arte egongo da zabalik, Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzako Erakusketa Aretoan (Hurtado Amezaga, 6 – beheko solairua. Bilbo), 08:00etatik 20:00etara, astelehenetik barikura. Sarrera librea da.