Aurreko Albisteak

INGURUMENEKO EBALUAZINO TXOSTEN TEKNIKOAK EZ DAU ERAGIN KALTEGARRIRIK HAUTEMAN GAZTELUGATXEKO SAN JOANGO APARKALEKURAKO PROIEKTUAN

  • Holan ziurtatu dau Elena Unzueta Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko Diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietako Batzordearen aurrean.

Elena Unzueta Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietako Batzordearen aurrera etorri da, Elkarrekin Bizkaia eta EH Bildu taldeek eskatuta, Gaztelugatxeko San Joan inguruko Urizarreta aparkalekuaren ganean ingurumenaren ikuspegitik egin diran azterlanen ganeko informazinoa emoteko. Elena Unzuetak saileko teknikariek egindako ingurumeneko ebaluazino txostena irakurri dau, eta bertan esaten danez ez dago eragin kaltegarririk eta isurketen mailak ez dau gora egingo. Hori dala eta, proiektuak aldeko txostena jasoko dau.

Foru Diputatuak adierazo dauenez, 51 automobil, 2 autobus eta bizikletak aparketako lekuak izango dituan aparkalekua, daborduko onetsita dagon eta hainbat neurri moltsoaren barruan dagon aurreko proiektuan jasoten da. “Azken helburua garraio pribaduaren erabilerea murriztea da”, azpimarratu dau Unzuetak. Gaztelugatxeko San Joan turista asko joaten dan lekua bilakatu da, eta joan dan udan bakarrik 235.000 bisitari izan ebazan.

Elkarrekin Bizkaia taldearen izenean, Xabier Benitok proiektua, “milioi eurotik gertu dagon 1.600 m²ko molea dala” esan dau, eta kontra agertu da. “Idea txarra da, ezer konpontzen ez dauen oso inbertsino handia dalako eta ingurumenagaz erlazionauta hainbat arazo sortzen ditualako, eta, ganera, ez dauelako ibilgailu pribaduaren erabilerea murriztuko”.

“Non sartzen da proiektu hori klimaren aldaketaren kontrako estrategiaren barruan?”, galdetu dau EH Bilduko Iratxe Arriolak, eta “ingurunea artifizialdu egiten dauela” kritikau dau. Arriolak proiektua barriro planteetea, Bermeotik eta Bakiotik Bizkaibuseko anezkak martxan jartea eta Gaztelugatxeko San Joanera oinez edo bizikletaz joateko bidea eregitea eskatu dau.

Eduardo Andraderen (Talde Berezia / PP Bizkaia) eretxiz, proiektua “ia itzulezina izango dan ingurumeneko eragin larria daukan obrea” da.

“Aurkeztu diran txostenak aztertuko doguz”, adierazo dau Amaia Rebollok (Euskal Sozialistak), Unzuetaren azalpenak eskertu ostean. Gorka Beitiak (Euzko Abertzaleak) azpimarratu dauenez, Aldundiak dituan txostenak zabalak eta edegiak dira, eta eztabaidea termino politikoetan eta ez teknikoetan gauzatu izana kritikau dau.

Getxoko Akuarioa

Unzueta Elkarrekin Bizkaia taldeak eskatuta be etorri da Batzordera, Getxoko akuarioa itxi izanaren ganeko azalpenak emoteko. Foru Diputatuak adierazo dauenez, Getxoko Udalagaz adostu zan akuarioa ixtea, Aldundiak bete egin ditu Udalagaz sinatu zan eta joan dan urrian iraungitu zan hitzarmenaren alderdi guztiak eta bere Sailak ez dauka ezelango zerikusirik akuarioan zerbitzua emoten dauen enpresagaz dagon kontratu hartu-emonean.

Batzordeak ez dau onartu Javier Arbuniés Erceren agerraldia. Biologoa da, iraunkortasunean aditua, eta Nafarroako Hondakinen Plana egiteko prozesuan hartu dau parte. Elkarrekin Bizkaia taldearen eskariak ez dau aurrera egin Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek kontrako botoa emon dabelako, eta proposamena aurkeztu dauen taldeak, EH Bilduk eta Talde Bereziak / PP Bizkaiak, aldekoa.

Bukatzeko, Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko diputatuak, Elkarrekin Bizkaia taldeak Zugaztietako “Ostión” pozuaren garbiketaren ganeko ahozko erantzun-eskeari erantzun deutso. Unzuetak adierazo dauenez, garbiketea arin egin zan aintziraren alde batean, bertatik pneumatikoak eta baita ibilgailu bat be, kendu zirala, eta pozua garbitu zala, hori buzoentzat arriskutsua izan zan arren. Uda osteko euriteak dirala eta, pozua barriro bete da.