ALDUNDIAREN ESKU DAGOZAN AUTOPISTETAKO ORDAINSARIEK ZENTRAU DABE AZPIEGITURA ETA LURRALDE GARAPENERAKO BATZORDEKO EZTABAIDEA
- Imanol Pradalesek ordainsariakaz jarraitzea defendidu dau, erespide komun bi jarraituz: erabilerarengaitiko ordainketea eta ingurumena.
Imanol Pradales, Azpiegitura eta Lurraldearen Garapenerako Diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietako jagokon Batzordera etorri da gaur, berak eskatuta, joan dan abenduaren 3ko 182/2019 Foru Dekretu bitartez ezarri ziran AP-8ko, Hegoaldeko Saihesbide Metropolitarreko eta Artxandako Tuneletako 2020ko ordainsarien zenbatekoen eguneratzea aurkezteko.
Azkenengo urteetako erespideak jarraituz, ohiko erabiltzaileentzako eta merkantzien garraiorako errepide horreek erabilten dituen ibilgailu astunentzako ordainsarietan murrizketak ezarriko dira. Beherapenak, ordaintzeko zerbitzu telematikoa daukien personei baino ez jakez zuzentzen, tarte jakin batzuetan apliketan dira, eta Durangaldean eta Lea-Artibain bizi diranentzat dagoz zuzenduta batez be.
Pradalesek Aldundiaren esku dagon autopista sarean ordainsariakaz jarraitzea defendidu dau, eta Europar Batasunak Europa barruko sarean apliketan dituan kontzeptu bi sartzen dirala azpimarratu dau: erabilteagaitik ordaintzea eta kutsatzen dauenak ordaindu egin behar dauela. Gehitu dauenez, ganera, errepide horreek erabilten dituen ibilgailuen %60 ez dira bizkaitarrenak, eta ordainsariagaz foru errepide sareari eusten laguntzen dabe.
Errepliken txandan, Eduardo Andradek (Talde Berezia / PP Bizkaia), 2020an ordainsariek daukien batez besteko %2,5eko igoerea kritikau dau, eta horreek kentzea eskatu dau. Emilio Lobatok, Elkarrekin Bizkaia taldearen izenean, alderdi politiko guztien artean garraio publikoa sustatzeko akordioa lortu beharra defendidu dau. “15 urte igaro dira daborduko AP-8 autopistako emakidea amaitu zanetik, eta Durangaldeko ordainsariak kendu egin beharko litzatekez”, adierazo dau Lobatok.
Euskal Sozialistak taldearen izenean, Iñaki Jerónimo Azpiegitura eta Lurraldearen Garapenerako Foru Sailaren “neurrien alde” agertu da.
“Ordainsarien sistemea zaharkituta dago eta guztiz bidebakoa da”, adierazo dau Raúl Méndezek (EH Bildu), eta alderdien artean “errepideak finantzetako sistema barriak aztertzeko” adostasuna bilatu behar dala gehitu dau.
Oscar Aranak adierazo dauenez, bere taldea (Euzko Abertzaleak), oso pozik dago Aldundia egiten ari dan beharragaz, eta erabilteagaitik ordaintzearen erespidea defendidu dau.
Gaur egin dan Batzordean beste hiru gai landu dira, guztiak be Talde Bereziak / PP Bizkaiak planteautakoak eta Imanol Pradales Diputatuak erantzundakoak. N-636 errepideak Elorriotik igarotean erakusten dauen istripu maila altua izan da horreetako bat. Pradalesek azaldu dauenez, puntu horretako argiztapena eta seinaleztapena hobetu dira, eta gaur bertan bilera bat egin da Elorrioko Udalagaz, gai hori lantzeko eta Iguria auzoko biztanleen eskariei erantzuteko.
Pradalesek adierazo dauenez, Bizkaiko Foru Aldundiak halan eskatuta, Trabaku Ganean radarrak instalauko dira istripu mailea murrizteko eta Santo Domingoko Ganeko argiztapena bat dator araudiagaz. Ganera, azpimarratu dauenez, Kukularrako lotuneko bigarren faseko obrak segurtasunez egiten ari dira.