Aurreko Albisteak

BOST KONTINENTEETAKO 162.675 TURISTAK BISITATU EBEN GERNIKAKO BATZARRETXEA 2019AN, AURREKO URTEAN BAINO %7,2 GEHIAGOK

  • Batzarretxea Bizkaiko turismoaren erreferentzia moduan finkatu da, eta gora egin dau Ameriketatik, Asiatik, Ozeaniatik eta Afrikatik etorritako turista kopuruak.

  • 15.000 persona baino gehiagok hartu eben parte Enkarterriko Museoan urtarriletik abendura luzatu zan kultur eskaintzan; partaide kopurua 2018an baino %15 handiagoa izan zan.

Gernikako Batzarretxeak, euskal herriaren bakearen eta askatasunaren ikurrak, gero eta bisitari gehiago erakarten ditu urtero. 2019an, bost kontinenteetatik etorritako 162.675 bisitari hurbildu ziran Gernikaraino, Bizkaiko Batzar Nagusien egoitza hori ezagutzeko, hau da, 2018an baino %7,2 gehiago, 11.037 bisitari gehiago, hain zuzen be. 2016ko datuakaz alderatuta, igaz bisitari kopuruak %15,7 egin eban gora, 2016ko 140.510 bisitarietatik igazko urtarriletik abendura etorri ziren 162.675era pasauz. Kopuru horreek Bizkaiko turismoaren erreferentzia moduan finkatzen dabe Batzarretxea.

Jatorriari jagokonez, Estadua izan da, igaz be, kopuru osoan bisitari gehien jarri dituana, 82.091. Estaduko zerrendaren buru Katalunia (19.123), Madril (15.286) eta Andaluzia (11.812) dagoz. Euskal Herritik 29.974 persona gerturatu ziran Batzarretxera, 10etik 6 Bizkaitik (19.045 bisitari).

Europa izan da, beste urte batez, Bizkaiko Batzarren egoitzara sartu diran bisitari gehienen jatorrizko kontinentea. Europako herrialdeetatik 33.828 bisitari heldu ziran 2019an. 2018an gainditu zan lehenengoz 30.000 biztanleren kopurua Gernikako Batzarretxean, eta joera horrek gorantz jarraitu eban igaz be. Herrialdeei jagokenez, Frantzia, Alemania eta Italia dira Europako bisitari gehien ekarri ebezan herrialdeak: 11.992, 7.148 eta 2.958, hurrenez hurren.

Halanda be, azpimarragarria da urruneko kontinenteetatik, Ameriketatik, Afrikatik, Asiatik eta Ozeaniatik etorritako turista kopuruak erakutsi dauen gorakadea. Gernikako egoitza historikoa eta bertako ikur ezagunena, Gernikako Arbolea, bisitau eben.

Ameriketatik, 2019an 12.215 bisitari heldu ziran, eta 2018an 9.331. Asiatik, 3.966 turista 2019an, 2018an baino %35,3 gehiago. 2018an Ozeaniatik 280 persona etorri baziran, 2019an kopurua 471ra igon zan. Afrikako herrialdeetatik igaz 130 bisitari heldu ziran, eta 2018an 84. Holan, bisitari gehien ekarri eben beste latitude batzuetako herrialdeak Estatu Batuak (7.222), Japonia (2.234), Australia (411) edo Hego Afrika (54) izan ziran.

Gernikako Batzarretxeak dobako bisitak eskaintzen ditu urte osoan, astelehenetik domekara. Neguko ordutegia 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara da, eta udakoa 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Historiaz beteta dagon eta Gernikako Arbolea jasoten dauen Batzarretxea urte osoan bisitau leike –Osokoak egiten diran egunetan izan ezik– eta, ganera, ibilbide gidauak be eskaintzen ditu. Informazinorako telefono zenbakia 94 625 11 38 da, eta bisitak esteka honen bitartez erreserbau leikez: https://www.jjggbizkaia.eus/home2/sedes/solicitud_visitas.asp.

Enkarterrietako Museoa

Sopuertan dagon Abellanedako Batzarretxea da kultura eta turismo jomuga moduan finkatzen ari dan Bizkaiko Batzar Nagusien beste egoitzetako bat. Enkarterriko eskualdeko kontzejuetako eta haranetako ordezkariak biltzeko lekua izandakoak, urte osoan zehar erakusketak, eta adin guztietarako kultur jarduerak eta tailer didaktikoak emoten dituan Enkarterrietako Museoa jasoten dau gaur egun.

2019an, 15.003 personak hartu eben parte Enkarterrietako Museoaren kultur eskaintzan, hau da, partaide kopuruak %15 baino gehiago egin eban gora 2018agaz alderatuta.

Hazkunde horren errazoiak, “Enkarterri. 1870-1975. Arkitektura garaikidearen distira” erakusketak izan eban bisitari kopuru handia, aurrera eroandako kultur jarduera eskaintza handiagoa, eta udan lekuaren historia ezagutzera museora hurbildu zan persona kopuruaren hazkundea dira.

Azpimarragarria da Enkarterriko arkitektura garaikidearen eta arkeologiaren ganean egindako kultur ibilbideek izan daben arrakastea. Ganera, jarduera pedagogikoak egiteko eskaini ziren plazen %100 bete egin zan. 9.100 ikaslek hartu dabe parte egin diran tailerretan eta bisitetan.

Bakarka joandako bisitarien jatorriari jagokonez, %70 Bizkaikoak dira, %14 Euskadikoak, %12 Estadukoak eta %4 Europako eta munduko ganerako lekuetakoak. Bizkaiko bisitari kopurua aurreko urtean baino %18 handiagoa izan da 2019an.

Enkarterrietako Museoa 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara egoten da zabalik martitzenetik zapatura, eta 10:00etatik 14:00etara domeketan eta jaiegunetan. Udan, arratsaldeko ordutegia aldatu egiten da, eta 17:00etatik 19:00etara zabaltzen da. www.enkarterrimuseoa.eus webgunetik, urte osoan zehar antolatzen dituan kultur jardueren eta ondarea ezagutuazotera zuzendutakoen ganeko informazinoa eta horreetan parte hartzeko formularioak eskaintzen ditu.

Batzarretik Batzarrera

2019an, Bizkaiko Batzar Nagusiek lehen aldiz antolatu dabe “Batzarretik Batzarrera” ekimena, lurraldeko Batzarretxeak bisitetako programea. 16 eta 80 urte arteko ia 250 personak hartu dabe parte Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzen iragana eta orainaldia ezagutuazoteko aukerea emon dauen programan: Bilboko administrazino egoitzea eta Gernikako, Abellanedako eta Gerediagako Batzarretxeak. Dobako zazpi bisita gidauak urriaren 20tik abenduaren 15era luzatu ziran.

Bizkaiko Batzar Nagusiak “Batzarretik Batzarrera” programaren bigarren edizinoa antolatzen dabilz beharrean, herritarren aldetik jaso dauen erantzun bikaina ikusi ostean. Izan be, daborduko 80 persona dagoz itxaron zerrendan, gure lurraldeko Batzarretxeen egoitzak eta funtzionamentu historikoa eta gaur egungoa hobeto ezagutzeko gogoz.