ZIN BIDETIK ZEHARREKO MARATOIA ONGINTZAZKO HELBURUEKIN
- Javi Conde, Jon Salvador eta Begoña Beristain Gernikako Batzarretxetik atera dira 42,19 kilometro egiteko bide historiko honetatik zehar.
Bizkaiko Batzar Nagusietako Ana Otadui Lehendakariak 13:50etan entregatu ditu Gernikako Arbola maratoi solidarioaren sariak, Gernikako Batzarretxean, haritz historikoaren aurrean. Javi Condek, Jon Salvadorrek eta Begoña Beristainek proba hau ongintzazko helburuekin egin dute, Bizkaiko Jaunek, Foruak berresteko, Bizkaira etortzeko erabiltzen zuten zin bide historikotik. Handik pasa zen azkena Fernando V.a izan zen, korrika, Mañariatik, bere helmugara berandu zihoalako.
42,19 kilometroak egin ondoren, 9:00etatik, helmugara iritsi dira Javi Conde, Begoña Beristain eta Jon Salvador. Begoña Beristain korrikalari eta kazetariak, estreinaldiko aldiz, maratoi honetan parte hartu du, lasterketa solidario honen alde egiteko eta emakumearen kirol esparruko zereginak nabarmentzeko.
“Batzar Nagusien Lehendakari gisa, eta oro har, bizkaitar guztiontzat, ohore handia da, aurten, zuen erronka solidarioan Gernikako Arbola sartu izana, euskal askatasunen sinboloa eta gure historiaren ikonoa baita”, nabarmendu du Otaduik, Foru Ganberako ordezkari gorena.
Javi Conde Maratoi Solidarioen Elkarteak, oraingo honetan ere, bere erronka solidarioenetariko bati aurre egin dio: maratoi bat egitea (42.195 metro) zirkuitu labur eta Bizkaiko leku ospetsu batean. 170 metroko zirkuitu bat izan da, alegia; guztira 85 metroko 514 zuzen, dagozkien joan-etorriko birekin.
Proba hauek homologatuta eta Bizkaiko Federazioko epaileek kontrolatuta daude, eta dirua biltzea eta ekintza solidarioetan erabiltzea dute helburu. Aurten, bildutako dirua honako elkarteei emango zaie: Aunar Taper Solidario Elkartea, Stop San Filipo Elkartea, Kirol Egokituaren Euskal Federazioa, Saharako Errefuxiatuen Kanpamendua, Basauriko Atletismo Egokituaren Kluba eta Aingeru-Etxebarri Proiektu Solidarioa, Jesusen Mirabeak, besteak beste.