2020KO BIZKAIKO AURREKONTUA ONETSI DA BATZAR NAGUSIEN OSOKOAN
- Bizkaiak 8.444,3 milioi euro izango ditu datorren urtean. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeak aurrekontu proiektuaren alde agertu dira, euren 33 botoakaz, eta EH Bildu, Elkarrekin Bizkaia eta Talde Berezia / PP Bizkaia, barriz, kontra.
Bizkaiko Batzar Nagusietako Osokoak lurralde historikoaren 2020rako aurrekontua onetsi dau gaur goizean Gernikako Batzarretxean. Bizkaiaren esku 8.444,3 milioi euro –horreetatik 1.286,6 milioi Foru Sailen esku egongo dira– jarriko dituen kontuak, gobernua osatzen daben taldeen (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak) aldeko 33 botoei esker onetsi dira. EH Bilduk, Elkarrekin Bizkaiak eta Talde Bereziak / PP Bizkaiak, kontrako botoa emon dabe, eta guztien artean 17 boto batu ditue.
2020rako aurrekontua ezelango aldaketa barik onartu da. Oposizinoko hiru taldeek aurkeztu ebezan osotasunaren aurreko zuzenketa-eskeak ez ziran onartu joan dan abenduaren 11n egin zan Osokoan. Horren ostean, abenduaren 16tik 18ra, Ogasun eta Finantzetako Batzordearen bederatzi saiotan, ez ziran onartu EH Bilduk, Elkarrekin Bizkaiak eta Talde Bereziak / PP Bizkaiak aurkeztutako 600etik gorako zuzenketa-eske parzialak.
Hiru talde horreek gaurko osoko saiorako erreserbau ebezan euren zuzenketa-eskeak, baina gaur be, Bizkaiko Foru Batzarretan gehiengo zabala daukien Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek atzera bota ditue.
Euzko Abertzaleak taldearen izenean, Mikel Baganek adierazo dauenez, 2020rako aurrekontuen helburua “Bizkaia hobea” lortzea da, eta “ekimenak gehituko eta aukerak zabalduko dituan proposamenak baino gehiago ildo ideologikoak diralako” ez dirala zuzenketa-eske bakar baten alde agertu azaldu dau.
Jarlekuetatik, Ekain Rico Euskal Sozialistak taldearen bozeroaleak defendidu dauenez, aurrekontuek “erantzun zehatzak emoten deutseez Bizkaiko herritarrek egunero aurrean dituen arazo zehatzei”, eta aurkeztutako zuzenketa-eske parzialek ez dakarre ezelango “barrikuntzarik”.
Arantza Urkaregik (EH Bildu) esan dauenez, EAJ-PNVren eta PSEren “konformismoagaz” eta “arraboleagaz”, “Bizkaian egoera okerrenean dagozan personek galtzen dabe”. Urkaregik azpimarratu dauenez “gauza barria” da zuzenketa-eske bakarra be onartu ez izana. “Agintaldia txarto hasi da”, adierazo dau.
Eneritz de Madariaga Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeroaleak Aldundiko karguen soldata igoerea kritikau dau. “Alderdien interesak herritarren interesen ganetik jarten ditue”, adierazo dau De Madariagak, zuzenketa-eske bakarra onartu ez izana kritikau ostean.
Amaya Fernándezek (Talde Berezia / PP Bizkaia), Aurrekontu Proiektuan enpleoaren eta herritarren arduren aldeko apustu faltea aurpegiratu deutse. Bere eretxiz, aurrekontuak “gehiago zentretan dira Gobernuaren interesetan personen interesetan baino”.
2020ko Aurrekontu Proiektua joan dan urriaren 31n erregistrau zanetik egon da Batzarretako tramitazinoan. Tramitazino horretan, herritarrek alegazinoak eta aldaketa eskariak aurkeztu ahal izan ditue, eta arauzko fase guztiak gainditu ostean, gaur amaitu da, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen aldeko eretxiagaz.