BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ANTONIO DE TRUEBAREN ONDARE ELEMENTUAK ESKURATU DITUZTE, HURA JAIO ZELA 200 URTE BETE ONDOREN
- Foru Ganberak 2020. urtean Galdameseko intelektual eta idazleari omenaldia egingo dio, erakusketa handi batekin, Enkarterrietako Museoan.
- Eskuz idatzitako jatorrizko gutun bat eta bi argazki zahar erosi dira, zeintzuk Bizkaiko Batzar Nagusietako ondarea osatu duten.
Kulturaren ikuspuntutik, 2020 Truebaren urtea izango da Bizkaiko Batzar Nagusietan. Galdameseko egile eta intelektual hau eta bere ondarea nagusituko dira Enkarterrietako Museoan antolatuko den erakusketa handi batean, Bizkaiko Batzar Nagusien eskutik. Erakusketa hura 2020. urteko lehenengo hiruhilekoan inauguratuko da, baina intelektual eta uste osoko foruzale honen omenaldia, dagoeneko, hasi egin da. Foru Ganberak Antonio de Truebarekin lotutako hainbat ondare elementu eskuratu ditu, jaio zela 200. urteurrena ospatzeko. Hura bihar ospatuko da, abenduak 24.
Antonio María de Trueba y de la Quintana (Galdames, 1819ko abenduaren 24 – Bilbo, 1889ko martxoaren 10) XIX. mendean gehien nabarmendu zen Bizkaiko intelektualenetariko bat izan zen. Eleberri, haur ipuin eta poesia anitz idatzi zituela, lan etnografiko garrantzitsua burutu zuen, bere kontaketetan Bizkaiko istorioak eta tradizioak bilduz. Lehenengo Karlistadatik ihes egiten ari zela, 15 urterekin Madrilera joan zen lanera, non garaiko idazle nagusiekin harremanetan jarri zen.
De Truebak euskal balioak eta foruak irmotasunez defendatu zituen eta hain ospetsu bihurtu zen, ezen 1862. Urtean, Batzar Nagusiek Jaurerriko Kronista eta Artxibozain izendatu zuten. Azken horri esker, Bilbora itzuli ahal izan zuen.
Albia lorategietako estatua, herri harpidetzaz finantzatuta, eta Manuel María de Smith-ek Galdameseko Montellano auzoan egindako monumentua (bertan jaio zen) intelektual honen ospea eta pisuaren hainbat adierazgarri dira. Hil bada ere, pertsonaia honen ospea gure egunetara arte iritsi da eta jaio zela, bi mende igaro ondoren, oraindik ere omendu eta miresten dugu.
Bizkaiko Batzar Nagusiek eskuratu dute Antonio de Truebak Fernando Pedrosari, 1873ko abenduaren 6an eskuz idatziko jatorrizko gutun bat. Bertan, besteak beste, Madrileko helbide berria jakinarazi zion.
Horrez gain, bi argazki erosi dira: horietako bat Adolfo Guiard argazkilari frantsesak 1874. urtean ateratako argazkia da eta bestea, berriz, formatu handikoa da, 1920. urtekoa, non neska bat eta bi mutil Antonio de Truebaren omenez, Bilboko Albia lorategietan, eraikitako monumentuaren aurrean agertzen diren. Argazkiaren oinean zera irakur daiteke: “Alberto Díaz López. Gramatika akatsei buruzko salaketen Lehiaketaren lehen saria”.
Eskuratutako hiru elementu hauek oso interesgarriak dira, ez baita ezagutzen Truebaren jatorrizko artxiboa non dagoen edo bizirik irauten duen, beraz, ezinezkoa da bere bizitzan zehar garaiko politikari eta intelektual ospetsuenei idatzitako gutun ugariak kontsultatzea.
Ikerketa eta erakusketa
2018ko urriaren 15ean, Bizkaiko Batzar Nagusiek, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Galdameseko Udalak lankidetza protokolo bat sinatu zuten, Antonio de Truebari buruzko ikerketa kritiko bat egiteko. Bertan, honako hauek aritu dira lanean: Joseba Agirreazkuenaga, UPV/EHUko Historia Garaikideko katedraduna; Montserrat Amores, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoaren irakaslea; Jesús Arrate, XIX. mendeko gudetako ikertzaile aditua; Goio Bañales, Enkarterrietako esparruan aditutako ikertzailea, eta Javier Barrio Marro, Enkarterrietako Museoaren zuzendari teknikoa.
Lan talde honek pertsonaia hau ikertu du politikaren eta literaturaren ikuspuntutik, eta baita ere karlistadek bere bizitzan izandako eragina eta jaioterri zuen Enkarterriekin izandako harreman estua. Ikerketa proiektu hauek egilearen ikuspegi berri bat ekarri dute. Esate baterako, hari dagokion erromantizismotik haratago eginez, pentsalari modernoa eta industriaren defendatzaile sutsua izan zen. Baita kazetari bikaina ere.
Ikerketa proiektua amaitzear dago eta bere emaitzak ezagutzera emango dira lan honen argitalpenaren eta Enkarterrietako Museoan, hurrengo urteko lehenengo hiruhilekoan, inauguratuko den erakusketaren bidez.