Aurreko Albisteak

AURREKONTUEK TRAMITAZINO PROZESUAGAZ JARRAITZEN DABE, ENPLEGU, EKONOMIAREN SUSTAPEN ETA IRAUNKORTASUN SAILETAKO AURREKONTUEN AURREAN BATZORDEETAN AURKEZTU DIRAN ZUZENKETA-ESKEAK ATZERA BOTA OSTEAN

  • 2020ko aurrekontu proiektuaren ganeko saioen bigarren jardunaldian, EH Bildu, Elkarrekin Bizkaia eta Talde Berezia / PP Bizkaia taldeek aurkeztutako 277 zuzenketa-eske bozkatu dira

Bizkaiko Batzar Nagusiek, Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun, Ekonomiaren Sustapen eta Iraunkortasun eta Ingurune Natural Sailetako aurrekontuen aurrean aurkeztutako zuzenketa-eske partzialak bozkatzeko Ekonomia eta Ogasuneko Batzordearen saioen bigarren jardunaldia jaso dabe gaur. Guztira, oposizinoko taldeek aurkeztu dituen 277 zuzenketa-eske partzial bozkatu dira. Horreetako bat be ez da onartu Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek kontrako botoa emon dabelako.

Holan, Aldundiko hiru sail horreetako aurrekontuen proiektuak Batzordean onetsita geratu dira. Partidei emondako argi berde hori behin behinekoa da, talde guztiek, datorren abenduaren 27an egingo dan 2020ko Osokoan eztabaidetako eta bozkatzeko erreserbau dituelako zuzenketa-eske guztiak.

Lehenengo saioan, Teresa Laespada Diputatua buru dan Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Sailaren aurrekontuen aurrean aurkeztutako 84 zuzenketa-eske partzial bozkatu dira, horreetako bat baztertu egin da eta. Sail horrek 2020rako daukan aurrekontua 68,63 milioi eurokoa da, eta zutabe nagusietakoa emakumeen eta gizonen arteko bardintasuna da. Helburu horretara 16 milioi euroko partidea zuzentzen da, inbertsino osoaren %1,25, hain zuzen be.

Horren ostean, Ekonomiaren Sustapen Sailaren kontuei jagokon Batzordea egin da. Ainara Basurko Foru Diputatuak zuzentzen dauen saila izan da zuzenketa-eske partzial gehien jaso dituana, Aldundiko bederatzi sailen aurrean aurkeztu diran 630 zuzenketa-eske partzialetatik 105 sail horren aurrekontuen aurrean aurkeztu dira eta. Aldaketarako proposamen bat be ez da onetsi.

Arratsaldean, Elena Unzuetak kudeatzen dauen Iraunkortasun eta Ingurune Natural Sailaren aurrekontuen ganeko azkenengo saioa egin da. 88 zuzenketa-eske partzial eztabaidatu eta bozkatu dira.

Gobernu taldea osatzen daben taldeak hiru sailetako aurrekontu proiektuen alde agertu dira, eta euren gehiengoagaz atzera bota ditue EH Bilduk, Elkarrekin Bizkaiak eta Talde Berezia / PP Bizkaiak aurkeztu dituen zuzenketa-eske guztiak.

Bihar, Bizkaiko Batzar Nagusietako egoitza administratiboak Ogasun eta Finantzetako Batzordearen azkenengo hiru saioak jasoko ditu, Garraio eta Mugikortasun Jasangarri, Herri Administrazio eta Erakunde Harreman eta Ogasun eta Finantza Sailen aurrekontuen aurrean aurkeztu diran zuzenketa-eskeak bozkatzeko. Aurreikusten danez, 2020ko Bizkaiko Aurrekontu Orokorrak onetsiko dituan Osokoaren aurreko azkenengo izapidea izango da.