Batzar Nagusiek, Bizkaibuseko unidadeen aurrekaldean "bizikletak eroateko sistemak" instaletako azterlana egiteko eskaria egin deutsie Aldundiari
Bizkaiko Batzar Nagusiek, gaur goizean Herri Lan eta Garraioetako Batzordean hartutako erabagian, eskaerea egin deutsie Foru Aldundiari, Bizkaibuseko unidadeen aurrekaldean bizikletak eroateko sistemea ezarteko aukerea “aztertu” daian. Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) taldeak adierazo dauenez, une honetan hori Zirkulazinoko Araubide Orokorraren kontrakoa da. Talde horrek ez dau Socialistas Vascos (PSE-EE) taldeak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamena bultzatu gura izan. Dana dala, azkenean onartu egin da, Batzarretako beste talde bien laguntzari esker (EH Bildu eta PP).
Joaquín Colmenero batzordekide sozialistak esan dauenez, proposamenaren helburua “herritarren mobikortasuna erraztea eta Lurraldean bizikleten erabilerea bultzatzea” da. Sistema “erraza” da, eta Europako eta Ipar Ameriketako hainbat uritan “urte asko” daroaz martxan, eta oso erabilgarria izan daiteke garraiobide biak behar dituen herritar askorentzat. Aurrekaldean bizikletak eroateko sistemak instaletako ekimena, Bilboko Udalak joan dan azaroan onartu eban mozino baten hariari jarraitzen deutso. Mozino haretan, osoko bilkurak eskaerea egin eutsan Udal Gobernuari, sistema hori instalau eiten Bilbobuseko material mobikor barrietan.
Ildo berari jarraituz, PP eta EH Bildu taldeak neurria aztertzearen alde agertu dira, sistemea homologauta badago. Puntu horri jagokonez, proposamena aurkeztu dauen taldeak popularren zuzenketa eske bat onartu dau, euskarriak, Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailaren on eretxia euki ezkero instalau daitezan, Sail hori dalako holango mekanismoak “baimentzeko eta homologetako” eskuduna.
EAJ-PNV taldearentzat, ezin da alderatu Bilbobuseko eta Bizkaibuseko zerbitzuen egoerea. Aldundiaren esku dagoan zerbitzuan, lineetako abiadurea handiagoa da eta unidadeak “oso mota desbardinekoak” dira. Jon Larrea jeltzaleak ezeztu egin dau Bilboko Udalak autobusen aurrekaldean “parrillak” jarri behar dituanik, material mobikor barria erosteko baldintzen pleguetan hori atzekalderako baino ez dabelako aurreikusten, aurrekaldean jartea debeketan dauen Zirkulazinoko Araubide Orokorrak baimentzen dauen moduan. Colmeneroren berbetan, hori “oso gertu dagoan etorkizunean” aldatu daiteke, Estadu mailan gai hori aldatzeko bultzatzen ari dan gazte ekimen bat dala eta. Aitor Torrek (EH Bildu) adierazo dauenez, Madrilgo linearen bat aurrekaldeko euskarria erabilten ari da une honetan.
Jeltzaleek barriro esan dabe estadu mailako araubidea dala aurrekaldean euskarriak jartea debeketan dauena. Jon Larreak (EAJ-PNV) uste dau bizikletak eroateko sistemek “kalteak eragin daikiezala oinezkoen artean”. Ganera, “ibilgailuaren argiak eta seinaleak behar dan moduan ikustea ezinezko egin”, eta autobusen “bira zaildu egiten dabe”. Hori dala eta, euren ustez, ezer egin aurretik, Bizkaian “holango ekimenak planteau orduko” legedia aldatu beharko litzateke Madrilen.
EAJ-PNV-ko batzordekidearen eretxiz, kontuan izan beharreko beste gai batzuk dagoz, bizikleta jausten bada norena dan “ardurea”, kaltetuek, zer edo zer geratu ezkero, Foru Administrazinoari erantzukizunak eskatuko deutsiezalako. “Zein izango litzateke arduraduna”, Bizikletak gidariak jarri beharko ditu”, galdetu dau Larreak. Bere ustez, bizikletak jarteak denporea eskatuko leuke, eta horrek “kalteak eragingo leukez ganerako erabiltzaileen artean, zerbitzuak atzeratu egingo litzatekezalako”.
Jeltzaleek eta EH Bilduk gogoratu dabe une honetan Bizkaibusen bizikletagaz bidaiatu daitekeala, aireportukoa moduko zerbitzu batzuetan, maletak eroateko lekua daukien autobusetan, eta artikulauetan “bidaiari gehieneko orduak ez diranetan”, erdiko plataforman bidaiaririk ez dagoanean.
BIZKAIBUSEN A-3141 LINEAREN (BARAKALDO-LARRAÑETAKO FUNIKULARRA) GERALEKUA MAX CENTERREN
Socialistas Vascos (PSE-EE) eta Bizkaiko Popularrak (PP) taldeek, bakotxak bere aldetik, arauz besteko proposamenak defendidu ditue batzordean, Aldundiko Herri Lan eta Garraioetako sailari eskaria egiteko, Barakaldo eta Larrañetako Funikularra lotzen dituan Bizkaibusen A-3141 linearen ibilpidea aldatu daian, autobusek Max Center inguruko bidaiariak hartu ahal izateko.
Talde biek aldaketea defendidu dabe trazauan, linea horretako autobusek desbideraketa “txikia” egin daien, 634 errepide nazionalean dagoan markesinan, merkataritza guneko oinezkoentzako urteera nagusiaren aurrean, bidaiariak hartu ahal izateko, horretara erabiltzaileek ez dabelako Max Center inguratzen dauen errepidea “leku ezegokiren batetik” kurutzatu beharrik izango Ugarte auzoan dagoan gaur eguneko geltokira heltzeko.
Aurkeztutako ekimen bien artean PP-rena izan da onartu dan bakarra, Batzarretako talde jeltzaleak ez dauelako eztabaidatu eta bozkatu gura izan, bere eretxiz batzordeko presidenteak –Gonzalo Zorrilla-Lequerica popularrak–, batzordean lantzeko bete behar dan arauzko izapide guztia bukatu aurretik sartu dauelako eguneko gai zerrendan. PP-ko ordezkariak adierazo dauenez, “atzo” itxi zan zuzenketa-eskeak aurkezteko epea, eta batzordekide popularrak ulertu dau gai zerrendan sartu daitekeala, jatorrizko testuak ez dauelako zuzenketa-eskerik jaso. Eztabaida horren ostean, ekimen popularra onartu egin da, aldeko 4 botogaz (PP eta PSE-EE) eta 3 abstentzinogaz (EH Bildu), eta sozialistek aurkeztutakoa ez da onartu, EAJ-PNV-ko 6 ordezkariek kontrako botoa emon dabelako.
Eztabaidan, PP eta PSE-EE taldeek, linea hori Max Centerrera joateko erabilten daben Trapagako biztanle batzuen kexa azaldu gura izan dabe. Erabiltzaile horreek “modu ezegokian” kurutzatu behar ditue merkataritza zentroa eta Ugarte auzoa bereizten dituen errepideak, bertan dagoalako A-3141 lineako (Funikularra-Barakaldo) geralekua.
EH Bilduren eretxiz, konponbiderik onena oinezkoentzako igarobidea egitea izango litzateke, egungo trazaua aldatu beharrean, azken aukera horrek “ibilpidearen denporea luzatu egingo leukelako”, eta horrek kalteak eragingo leukezalako erabiltzaileen artean. Proposamena aurkeztu daben taldeen eretxiz, konponbide horrek “oso zirkulazino arazo larriak” eragin daikez, Ugarte auzoa eta merkataritza zentroa bereizten dituen errepideen artean dagoan trafiko dentsidade handia dala eta.
Jeltzaleak be ibilpidea aldatzearen kontra agertu dira, zerbitzua bere “osotasunean” begiratu behar dalako. EAJ-PNV taldearen esanetan, badagoz Trapagako biztanleak Max Centerreko geraleku horretara hurbiltzen dituen beste linea batzuk, eta, hori dala eta, ez dabe beharrezko ikusten Larrañetako funikularra Ezkerraldeko herriagaz lotzen dauen linearen ibilpidea aldatzea. Esan behar da linea horrek, batez beste, puntu horretan “20 erabiltzaile” jasoten dituala egunean noranzko batean –Trapagatik Barakaldora– eta “erabiltzaile 1” beste noranzkoan. Nerea Ahedoren ustetan, “ganerako bidaiariak kaltetu egingo litzatekez, bidaia egiteko denporea 5 minutu luzatuko litzatekelako”. Bere datuak kontuan izanda, A-3141 linea “1.100 bidaiarik” erabilten dabe egunero.