Aurreko Albisteak

IA 250 PERSONAK EZAGUTU DITUE BATZARRETXEEN ORAINALDIA ETA IRAGANA "BATZARRETIK BATZARRERA" PROGRAMAREN BITARTEZ

  • Joan dan urriaren 20tik antolau diran zazpi bisitetarako plaza guztiak bete egin dira, eta daborduko Bizkaiko Batzar Nagusien ekimen horren bigarren edizinorako itxaron zerrendea dago.

Herritarren artean Bizkaiko Batzarretxeen iragana eta orainaldia ezagutuazo dauen “Batzarretik Batzarrera” programaren lehenengo edizinoa arrakasta handiz amaitu da gaur. 16 eta 80 urte arteko 245 personak hartu dabe parte joan dan urriaren 20an hasi zan eta zazpi bisita izan dituan programan.

Parte hartu daben personen artean, Zientzia Politikoetako ikasleak, EHUko Zuzenbide irakasleak eta Bilbotik eta Bizkaiko beste herri batzuetatik etorritako familiak egon dira. Bisitari gehienek Bizkaiko Batzar Nagusien ekimenaren egokitasuna azpimarratu dabe. Batzar Nagusiek euren egoitzak herritarrentzat edegi ditue, erakundearen funtzionamentu historikoa eta gaur egungoa ezagutuazoteko.

Dobako bisita gidau horreetan guztietan, ibilbidea Bizkaiko Batzar Nagusietako Bilboko Egoitzan hasi da, Hurtado de Amezaga kaleko 6an. Egoitza horretan arte garaikide bilduma garrantzitsua ere badago. Bertan, lurralde historikoaren gobernazinoarekin erlazionautako gaiak eztabaidatzen diren Batzordeen Aretoaren buru dan Jorge Oteizaren “Guernica” brontzea azpimarratu daiteke. Bertan, instalazinoetatik ibilteko, eraikin osoan dagozan artelanak ikusteko eta Batzordeen Aretoan, normalean Batzarretako alderdietako batzordekideek eta Foru Diputatuek hartzen dituen jarlekuetan, jarteko aukerea euki dabe.

Bilboko egoitzea bisitau ostean autobusa hartu dabe, urriaren 20an eta azaroaren 28an eta 30ean Gernikako Batzarretxea bisitetako, azaroaren 7an eta 9an Gerediagako Batzarretxea ikusteko eta, amaitzeko, abenduaren 12an, eguenean, eta gaur, 15ean, Abellanedako Batzarretxea (Enkarterrietako Museoa) bisitetako. Enkarterriko Batzarretxean amaitu da, hain zuzen be, aurton programau dan azkenengo bisitea.

Bizkaiko Batzar Nagusiak “Batzarretik Batzarrera” programaren bigarren edizinoa antolatzen dabilz beharrean, herritarren aldetik jaso dauen erantzun bikaina ikusi ostean. Izan be, daborduko 80 persona dagoz itxaron zerrendan, gure lurraldeko Batzarretxeen egoitzak eta funtzionamentu historikoa eta gaur egungoa hobeto ezagutzeko gogoz.