Aurreko Albisteak

GIZARTE EKINTZAKO SAILAK KOMUNIKAZIO BIDEAK SUSTATU DITU ZUZENDARITZA ETA BASAURIKO BIZKOTXALDE EGOITZAKO ERABILTZAILEEN SENITARTEKOEN ARTEAN

  • Horrela ziurtatu du Sergio Murillok, Gizarte Ekintzako Sailburua, Bizkaiko Batzar Nagusien Batzordean, non egoiliarren senitartekoen kexak ezagutzera eman dituen.

Basauriko Bizkotxalde egoitzako erabiltzaileen senitartekoek aurkeztutako kexak nagusitu dira Bizkaiko Batzar Nagusien Gizarte Ekintzako Batzordearen bileran. Sergio Murillo, Gizarte Ekintzako Sailburua, bertan agertu da, gai honen berri emateko, EH Bildu eta Alderdi Mistoa / PP Bizkaia alderdiek eskatuta.

Murillok adierazitakoaren arabera, senitartekoen kexa-idatziaren berri jaso bezain laster, Diputazioak bilerak antolatu zituen, sinatzaileen ordezkariekin zein Zuzendaritzarekin eta zaharren egoitza hau kudeatzen duen entitatearekin. Gizarte Ekintza Sailetik bitartekaritza lanak egin dira eta, dagoeneko, komunikazio bideak ezarri dira senitartekoen eta Bizkotxaldeko zuzendaritzaren artean.

Horrez gain, saileko Ikuskapen Zerbitzuak erabiltzaileen zenbait kexa aztertu du, eta garbiketa, pixoihal aldaketa eta erorketen protokoloak, langileen egonkortasuna eta zentroko bestelako zerbitzuak betetzen direla errebisatu du.

Diputatuak azaldu du, urte osoan zehar, ofizioz eta aurretik abisatu gabe, foru sareko zaharren zentro eta zerbitzu guztiak ikuskatzen direla eta, Sailetik, halaber, egoiliarren eta senitartekoen kexak eta salaketak ere ikuskatzen direla.

Bizkotxalde egoitzari dagokionez, 2017an 3 ikuskapen akta ireki ziren eta baita ikuskapen akta bat ofizioz ere, 2018an zein 2019an. Horietan guztietan ez zen inolako arau-hausterik atzeman. “Prozesuak bere horretan jarraitzen du eta ez dugu amaitutzat eman”, ondorioztatu du Murillok. Sailburuak adierazi du arratsaldean bertan bilera berri bat antolatuko dela, gai honetan aurrera egiten jarraitzeko.

Bestalde, Gizarte Ekintzako Sailburuak EH Bildu alderdiak ahoz egindako galdera bati erantzun zion, zaharren egoitzetako emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko protokoloei eta neurriei buruz, Barakaldoko Sanitas zentroko egoiliar batek jasandako sexu-abusuaren kasu bat ezagutu ondoren.

Murillok ziurtatu du zentroa bera izan zela kasua atzeman eta salatu zuena eta esan du, halaber, dagoeneko lanean ari direla sexu-abusuen kasuak ekiditeko protokolo bat osatzeko prozesuan. Azken hura hurrengo urtean garatuko da, tratu txarren edo sexu-abusuaren kasuak prebenitzeko eta horien aurrean jarduteko protokoloak finkatzen dituen 126/2019 Dekretua betearazteko.