NAZHA EL-KHALIDI SAHARAR AKTIBISTAK ETA KAZETARIAK MENDEBALDEKO SAHARAN BIZI DUTEN ERREPRESIO-EGOERAREN BERRI EMAN DU BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN
- Duela hilabete batzuk, kazetaria kalean eraso eta atxilotu zuten mugikorrarekin manifestazio bat emateagatik. Nazha El-Khalidik zona okupatuetan duten informazio-blokeoa eta jasaten ari diren giza eskubideen urraketa salatu ditu.
Bizkaiko Batzar Nagusietako Ana Otadui Lehendakaria eta alderdi politiko ezberdinetako ahaldunak Nazha El-Khalidi saharar aktibista eta kazetariarekin bildu dira Batzar Nagusiek Bilbon duten egoitzan. Kazetaria El Aaiúnen jaio eta bertan bizi da (Mendebaldeko Saharako marokoar okupazioko herria), eta lanbide horretan ari da 2010. urteaz geroztik, RASD TVren berriemaile gisa; era berean, Equipe Media talde independistako kidea ere bada.
Nazha El-Khalidi aktibistak eta kazetariak Bizkaiko Batzar Nagusietara egindako bisitaren bitartez, zona okupatuetan jasaten ari diren informazio-blokeoa eta Marokoko gobernuaren aldetik Mendebaldeko Saharan duten giza eskubideen urraketa salatu ditu. Nazha El-Khalidirekin batera izan dira Euskadiko Fronte Polisarioko delegatua den Abdulah Arabi, Euskadin bizi den Aichetu Yeslem Beissat sahararra eta Euskal Fondoako kideak.
Nazha El-Khalidik adierazi du 2018ko abenduaren 4an Marokoko poliziak atxilotu eta eraso zuela sare sozialetan El Aaiúngo manifestazioaren berri ematen aritzeagatik. Ginebran, Fronte Polisarioaren eta Marokoko Erresumaren artean Mendebaldeko Saharako gatazka konpontzeko negoziazioak berriz hasi zirela-eta, manifestazioa deituta zegoen, eta kazetaria manifestazio horren berri emateko zegoen.
El-Khalidiren hitzetan, “jendea kalera irten zen gatazka konpontzea bultzatzeko asmoarekin. Ni Smara etorbidean grabatzen ari nintzen, baina ez ziren ezta lau minutu ere igaro, eta atxilotu, kolpatu eta indarrez eraman ninduten poliziaren auto batera. Komisarian orduak igaro nituen, tratu txarrak jasaten eta galderei erantzuten”.
Mendebaldeko Saharako kazetariak egoera hori bizitzen ari dira Munduko gainerako jendeari lurraldean zer-nolako egoera bizi duten azaltzeagatik. El-Khalidik badaki bere lana arriskutsua dela: “Mendebaldeko Saharan giza eskubideen gainean egiten diren urraketen berri ematen ahalegintzen gara, eta horrek arrisku handian jartzen du gure segurtasuna. Atxiloketak eta torturak jasaten ditugu. Gure familiak mehatxatu eta presionatu egiten dituzte. Egin nuen delitu bakarra izan zen poliziak sahararren kontra egindako erasoak grabatzea; hori dela-eta, hiru hilabetetik 2 urtera bitarteko espetxe-zigorra izan nezake. Baina egin beharra daukagu Marokok ezarritako blokeoa hausteko”.
Saharar aktibistak Marokok egiten duen lurraldearen militarizazioa ere salatu nahi izan du: “Mendebaldeko Saharatik lurraldea bakarrik axola zaie, ez jendearen egoera edota han bizi garenon giza eskubideak”.
Nazha, beste hainbat saharar gazteen artean, Mendebaldeko Sahara okupatuaren gaineko blokeo mediatikoaren intentsitatea dela-eta, azken urteetan, blokeo hori hausteko eta nortasuna eraikitzeko kazetaritza hautatu duen beste gazte bat da. Ondorioz, aste honetan Bizkaira etorri da, Mendebaldeko Saharan bizi duten errealitate hain gogorraren berri emateko.