IRASKUNDE BATZORDEAK BILBAO BIZKAIA UR PARTZUERGOAREN ESTATUTUAK ALDATZEA ONETSI DAU
- Bizkaiko Ahaldun Nagusia Bizkaiko Batzar Nagusietako Batzordearen Aurrera etorri da, Londresera egin dauen bisitaren eta Gaztelugatxeko San Joanen aparkalekua eregitearen barri emoteko
Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamendu Onerako eta Gardentasunerako Batzordeak, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren Estatutuen aldaketea onetsi dau, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen bederatzi botoakaz. Aldaketaren kontrako proposamena aurkeztu dauen EH Bilduk kontrako botoa emon dau, eta gauza bera egin dau Elkarrekin Bizkaia taldeak. Talde bien artean kontrako bost boto batu ditue.
EH Bilduren izenean, testu barriak Partzuergoko presidentzia aukeratzeko quoruma desagertzea jasoten dauela eta “udalerri txikiek gero eta garrantzi gitxiago daukiela” kritikau dau Iratxe Arriolak. Horrez gain, Arriolak, estatutu barriek, alderdiek Kontuen Batzorde Berezian daukien ordezkaritzaren proportzionaltasuna jasotea be eskatu dau.
Eneritz de Madariaga Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeroaleak, aldaketea “munizipalitatearen kontra doala” esan dau, eta Aldunditik udalerri txikiak “ito” gura dirala, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan sartu daitezan.
Aldaketaren alde agertu diran taldeek azpimarratu dabenez, helburua Estatutuak arautegira egokitzea da, 40/2015 Legera, hain zuzen be, eta ukatu egin ditue aitatu diran kontrako argudioak. “Udal autonomiari eusten jarraitzen dogu, eta estatutu barri honeengaitik ez da hori murrizten”, defendidu dau Jesús Lekerikabeaskoak (Euzko Abertzaleak). “EH Bilduk planteetan dituan puntu batzuk ez dagoz aldaketan”, nabarmendu dau Ekain Ricok, Euskal Sozialistak taldearen izenean.
Londres eta Gaztelugatxe
Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Batzordera etorri da, Londresera egin dauen bisitaren eta Gaztelugatxeko San Joan inguruan 51 ibilgailurentzako aparkalekua eregitearen barri emoteko, Elkarrekin Bizkaiak eta EH Bilduk eskatuta, hurrenez hurren.
“Gure beharra Bizkaiko personengan pentsatuta egin gendun, gure lurraldera talentua erakarteko” erantzun dau Rementeriak, Ingalaterrako uriburura egindako bidaiaren ganean berba egitean. Esan dauenez, “epe ertainean, apurka-apurka, albiste onak helduko dirala uste dogu”.
Bigarren gaiari jagokonez, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak esan dauenez, aparkaleku barriak “Gaztelugatxeko San Joan ingurua zaintzea eta arautzea” eta bisitari asko joaten danez gaur egungo sarbideek sortzen dituen segurtasun arazoak saihestea bilatzen dau.
Rementeriak adierazo dauenez, aparkalekua Babestutako Biotopotik kanpo dago, eta azken helburua, “Juego de tronos” telesailean agertu zanetik, batez be, milaka bisitari erakarten dituan leku horretara joateko garraio zerbitzu publikoaren erabilera sustatzea da.