AHO BATEKO ADOSTASUNA BIZKAIBUSEKO GIDARIENTZAT SEGURTASUN NEURRI GEHIAGO BULTZATZEKO
- Bizkaiko Batzar Nagusietako Garraio eta Mugikortasun Jasangarrirako Batzordeko talde guztiak, Aldundiari autobus linea batzuetan gertatu diran eraso fisikoak eta berbazkoak saihesteko neurriak martxan jarri daizala eskatzearen alde agertu dira.
(Bilbon, 2019ko azaroaren 26an).- Bizkaiko Batzar Nagusietako Garraio eta Mugikortasun Jasangarrirako Batzordeak aho batez onetsi dau gaur Bizkaiko Foru Aldundiari autobus linea batzuetan, Lemoako diskoteka baten ondoan geralekuak dituen 3911 eta 3912 lineatan batez be, gertatu diran eraso fisikoak eta berbazkoak saihesteko neurriak martxan jarri daizala eskatzea.
Talde guztiak agertu dira Talde Bereziak / PP Bizkaiak aurkeztu dauen Arauz Besteko Proposamen batetik sortu dan ekimenaren alde. Beste zer baino lehen, Arauz Besteko Proposamenak bere alkartasuna erakutsi deutse euren beharrean jarrera erasokorrak jasan behar dituen Bizkaibuseko gidariei, goizaldean Lemoako diskotekaren inguruan dabilzanei, batez be. Bigarrenez, Bizkaiko Foru Aldundiari eta eskumenak euki daikezan beste edozein administrazinori “beharrezkoak diran jarduketak atoan hartzea” eskatzen jake, autobusetako beharginak eta erabiltzaileak erasoetatik babesteko.
Bizkaibuseko beharginen eta erabiltzaileen segurtasunak hartu dau, baita be, eguneko gai zerrendako beste puntu bat. Aurreko ekimenean bezala, Talde Bereziak / PP Bizkaiak Arauz Besteko Proposamen bat aurkeztu dau, istripua gertatu ezkero ebakuazino azkarragoa ahalbidetzen dauen eta lesinoak saihesten dituan “biziak salbetan dituen jarlekuak” (E-Rescue), izeneko segurtasun sistema barria jarteko.
Arauz Besteko Proposamena, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek batera aurkeztu daben zuzenketa-eskea sartuta eztabaidatu da, proposamena aurkeztu dauen taldeak onartu dauelako. Onetsi egin da aldeko 12 botogaz (Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak, Elkarrekin Bizkaia eta Talde Berezia / PP Bizkaia) eta kontrako 2gaz (EH Bildu), testu honegaz: Bizkaiko Foru Aldundiari “Bizkaibuseko flotan kalidade eta segurtasun estandarrak eten barik hobetzeko politikea aurrera eroaten jarraitzeko, eta E-Rescue teknologiaren jarraipena egiteko eta horren ezarpena aztertzeko” eskatzea.
VTC plataformak
Miguel Ángel Gómez Viar Garraio eta Mugikortasun Jasangarrirako Diputatua Batzordearen aurrera etorri da, Elkarrekin Bizkaia eta EH Bildu taldeek eskatuta, hainbat gairen ganeko azalpenak emoteko.
Eztabaidaren parte handia gidaria daukien ibilgailuen plataformak Bizkaira heldu izanak bete dau. Gaia Elkarrekin Bizkaia eta EH Bildu taldeek jarri dabe mahai ganean, eta eztabaida bakarrean landu da.
Gómez Viarrek garbi itzi dau taxi zerbitzuaren defentsa eta horri emoten jakon laguntzea, eta zehaztu dauenez, “helburua ez da Uberren kontra joatea, bere jarduerea erregularizau daiala eskatzea baino”. Emon dituan datuak kontuan izanda, joan dan azaroaren 8an Bizkaian 38 VTC eta 1.247 taxi egozan. Euskadi osoan, zifra horreek 173 VTC eta 2.150 taxikoak dira.
Aldundiko garraio arduradunak azaldu dauenez, VTC eskari barriei ezetz erantzuten jarraitzen dabe, eskaria egin daben enpresak ezezko horreen kontrako administrazinoaren aurreko auzi-errekursoak jarten ari diran arren.
Gómez Viar erakundeen arteko lankidetzaren alde agertu da, VTC plataforma horreek arautegia ez betetea edo taxi zerbitzuaren aurrean lehia desleiala egitea saihesteko. Holan, esan dauenez, gidaria daukien ibilgailu horreetan azterketak egiten ditue. Urte honetan 17 VTC aztertu dira, eta horreetatik 6ri zehapen espedientea eregi jake.
Amaitzeko, eta Elkarrekin Bizkaia taldeak planteau dauen galdera bati erantzunez, Gómez Viarrek esan dau abenduaren erdialderako bukatuta egongo dala 2018-2028ko Bizkaiko Garraio Publikoaren Plan Estrategikoaren ganeko azterlana. Plan horrek txartel bakarraren bideragarritasuna eta kostua aztertuko ditu.