Aurreko Albisteak

Nekazaritzako sailak 119.000 euro baino gehiagotan kalkulau ditu martiaren 9an Karrantzan izandako suteek sortutako kalteak

Batzordea

Bilbon, 2014ko apirilaren 10ean.

Irene Pardo Nekazaritza Foru Diputatuak 119.000 eurotan kalkulau ditu joan dan martiaren 9an Karrantzan izan ziran eta herri horretan 200 hektarea inguru hartu ebezan suteek eragindako kalteak. Hautemandako 14 fokuak amatetako suhiltzaileen 8 erreten mobilizau behar izan ziran, bolondresak, teknikariak eta Basalan foru enpresako beharginak barru, eta baita helikoptero bi be, bat Ertzaintzarena eta bestea Ingurumen Ministerioarena, Asturiasetik etorritakoa. Nekazaritza Saileko arduraduna oposizinoko taldeek eskatuta agertu da batzordearen aurrean, gertakari horri eta beste gai batzuei buruzko azalpenak emoteko.

Irene Pardo bat etorri da Bizkaiko Talde Popularreko eta EH Bilduko bozeroaleek esandakoagaz, martiaren 9an Enkarterriko herrian izandako suteak “gurata egin izan zirala emoten dauela”, eta Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari dala jakinarazo dau. Ganera, egun haretan egindako jarduketeak, basoetako suteak itzaltzeko OCELA protokoloa bete ebala be esan dau, Asier Vega EH Bilduko ordezkariak egin dituan kritikei erantzunez. Asier Vegak “segurtasuneko protokoloa ez zala bete” eta sutearen kontrako burrukan “akats teknikoak, giza baliabideen falta eta erakundeen arteko koordinazino falta” egon zirala kritikau dau.

Foru diputatuak adierazo dauenez, egun beroa izan zan, hego haizea egon zan, eta beste sute txikiagoak be egon ziran Abadiñon, Mañarian, Sopuertan eta Trapagan. Azken kasu horreetan, zazkarak kontrol barik erretzearen ondorioz sortu ziran suteak.

Arturo Aldecoa PP-ko, gai horri buruzko informazinoa emon daian diputatuaren agerraldia eskatu eban taldeko, batzordekideak, gertakari “kezkagarria eta arriskutsua” dala esan dau, eta, ganera, babestutako gune bi kaltetu dituala, Ordunteko mendizerrea eta Armañoneko Parke Naturala.


ABEREAK SOLTE ZUGAZTIETAN

Nekazaritzako batzordeak, batzordekide popularraren ekimenez, Zugaztieta inguruan, Trapagako udalerrian, “libre” dagozan abereen arazoa be landu dau. Aldecoaren berbetan, “inguru horretan abereak libre ibilteak arrisku bi ditu: trafiko istripuak alde batetik, eta higiene publikoa bestetik, gura daben moduan, leku guztietatik, ibilten diran animalien kakak dirala eta”. Holan, nekazaritzako sailari neurriak hartzeko eskatu deutso “antxinatik datorren arazo horri bukaerea emoteko”.

Bere erantzunean, Irene Pardok, Foru Aldundiak hartutako hainbat neurri aitatu ditu. Horreen artean, abereei eusteko itxidurak eta azpiegiturak eta igarobide kanadarrak eregiteko inbertsinoak azpimarratu ditu. Behar horreetara 16.000 euro bideratu dira. “Solte dagozan animaliak batzea eta jaubeak identifiketea udalei jagoken eginbeharra” dala gogoratu ostean, “abeltzainen jarrerea ezinbestekoa dala arazo hori konpontzeko” azpimarratu dau foru diputatuak. “Arduragaz erlazionautako kontua da”, gehitu dau.

Asier Vega EH Bilduko bozeroaleak, bere taldeak, Zugaztieta inguruan solte dagozan abereen arazoari aurre egin ahal izateko abeltzainen, herritarren eta erakundeen parte hartzea eukiko leuken alkarrizketarako mahaia eratzeko aurkeztu eban proposamena gogoratu dau. Edorta Rodrigo EAJ-PNV-ko batzordekideak esan dau “alkarregaz bizitzen jakin behar dala, Zugaztieta ez dalako aisiarako eta denporea pasetako lekua bakarrik, inguru horretan nekazaritza eta abeltzaintza jarduera garrantzitsua dagoala”. Azpimarratu dauenez, “solte dabilzan animalien presentzia asko murriztu da, Aldundiak azken urteetan hartu dituan neurriei esker”.


LUR BANKUA

Beste alde batetik, batzordeak, Bizkaiko Udalek Lur Bankuan emondako laguntzea landu dau. Batzarretako talde guztiek oso modu positiboan balorau dabe banku horren existentzia eta funtzionamentua.

Irene Pardok, bere agerraldiaz baliauz, Nekazaritzako Sailak, une honetan Bizkaian jarduten daben Landa Garapeneko sei Alkarteei alkarlanean aritzeko proposamena egin deutsela iragarri dau, Nekazaritzarako Zoruaren Funtsaren edo Foru Lur Bankuaren gaian. Lea-Artibai, Urkiola, Gorbeialde, Urremendi, Jata-Ondo eta Enkarterrialde alkarteei egindako proposamenaren helburua, lur-zatien eskaintzea eskualde guztietan banatzea da. Holan, Nekazaritzako Foru Sailak alkarte horreekaz alkarlanean jarduteko beste bide bat zabaldu dau. Alkarte horreekaz lehendik be egiten dau lan, euren mantentze, funtzionamentu eta kudeaketa lanen parte bat ordainduz eta euren landa garapen proiektuak bultzatuz.

Ganera, gogoratu dau bere Sailak 85 hektarea eskiniko dituala geografiaren ikuspegitik oso banatuta dagozan 28 lotetan, aurton gauzatuko dan fase barrian. Gatikan eta Mungian Bizkaiko bigarren Agrogunea martxan jartea azpimarratu behar da. Horrez gain, norbanakoek Arrigorriagan, Urduñan, Bilbon eta Zeanurin lurrak laga ditue, eta gauza bera egin dabe Lezamako eta Loiuko udalek, foru enpresa publikoek eta Aldundiak berak lagatakoez aparte.

2012. eta 2013. urteen artean, Bizkaiko Foru Aldundiak 700.000 euro bideratu ebazan Bizkaiko landa inguruneen garapena bultzatuko daben azpiegituretara. Laguntza horreekaz, erakundeak alkarteen eta norbanakoen 60 proiektu bultzatu ebazan.


ZURBALTZ KANTABRIARREKO BASOA MENDEXAN

Bildu taldeak barriro eroan dau Batzar Nagusietako saio batera Mendexako Vista Alegre inguruan dagoan eta “balio ekologiko handia” daukan zurbaltz kantabriarreko basoak azken urteetan desagertzen joan izanari buruzko arazoa. Baso horren egoerea SOS Karraspio plataformak salatu eban.

Bere erantzunean, nekazaritzako sailak SOS Karraspio alkarteak joan dan urtarrilaren 21ean aurkeztutako idazkiaren bitartez izan dauela horren barri adierazo dau Irene Pardok. Hori ikusita, Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuak egoerea aztertu eta txostena idatzi dau. “Txosten horrek erakusten dauenez, egon daitekezan arau hausteak orain hiru urte baino gehiago egindakoak dira, hesiz itxitako lur pribaduan. Hori dala eta, egon daitekean delitu ekologikoa une honetan preskribiduta egongo litzateke”, esan dau Pardok.

Asier Vegak, EH Bildu taldeak batzordean daukan bozeroaleak, foru erakundeak “Vista Alegreko zurbaltz kantabriarreko basoaren kasuan beste alde batera begiratu dauela” salatu dau, eta “inguruan espezie autoktono berbera landatzen dala” egiaztetako hartu beharreko neurriak hartu daizala eskatu deutso Aldundiari.