Aurreko Albisteak

OMENALDIA HERRI IJITOARI GERNIKAKO BATZARRETXEAN

• Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak eta Irune Muguruza Eusko Jaurlaritzako Familia Politika eta Aniztasun Zuzendariak hainbat alkarteren ordezkariak jaso ditue, Euskadin egingo dan Herri Ijitoaren Eguna ospatzeko

Bizkaiko Batzar Nagusiek bat egin dabe Euskadin egingo dan Herri Ijitoaren Egunaren ospakizunagaz. Gernikako Batzarretxean egin dan omenaldira Ramón Motos Euskadiko Ijito Kontsejuaren Presidenteordeaz eta danek errespetetan daben Marcelo Borja (Tito) ijitoaz gain, ijitoen alkarteetako hainbat kide, gizon eta emakume, joan dira.

Euskadin egingo dan Herri Ijitoaren Nazinoarteko Eguna Gobernu Kontsejuak aukeratu eban 2005eko azaroaren 8an, Herri Ijitoaren Integrazinorako eta Sustapenerako Plana onetsi zan egunagaz bat etorriz. Eguna abenduaren 16an beteten dan arren, egun bat lehenago kolektiboak harrerea jaso dau, merezi dituan ohore guztiakaz.

Gernikako Batzarretxeko atean Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako ordezkari gorenak eta Irune Muguruza Eusko Jaurlaritzako Familia Politika eta Aniztasun Zuzendariak egin deutse harrerea.

Omenaldia, ondo etorria adierazoteko “Agur Jaunak” abestiagaz hasi da, eta ohikoa danez, herri ijitoari eskainitako Ohorezko Aurreskua be dantzatu da. Txistulariak musikaz lagundu dau Batzarretxearen kanpoaldetik egin dan ibilpidea. Lehenengo, haretx zaharraren enborraren aurrean geratu dira. Jatorria Erdi Aroan daukan Gernikako Arbolatik kontserbetan dan aztarna zaharrena da.

Bisitea ez ahazteko, Gernikako Arbolaren aurrean argazkia atera dabe. Arbolaren adarrek euskal herritar guztiak babesten ditue. Aniztasunaren errespetuan oinarrituta, bardintasunean alkarregaz bizi beharra islatzen dauen irudia.Horren ostean, Osokoen Aretoa eta Beirategiaren Gela bisitau ditue, eta adierazpenak egin ditue bertan. Esan dabenez, %100 ijito eta euskaldun sentitzen dira.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika Sailburua da Herri Ijitoaren Euskadiko Sustapen Integralerako eta Gizarte Partaidetzarako Kontsejuaren burua. Kontsejua, hiru lurralde historikoetan bananduta dagozan ijitoen 12 alkartek eta ijitoen aldeko gizarte arloko erakunde bik osatzen dabe.

Euskal historian bete izan dauen lekua dala eta, Batzarretxeak mundu osotik etorritako erakunde-bisita ugari jaso ditu, lurraldearen foru araubidearen oinarriak ezagutzeko xedez. Euskadin bizi diran ijitoak izan dira gaur protagonista bakearen eta askatasunaren ikur dan leku horretan, Ohorezko Liburuan sinatuz bukatu dan harrera ekitaldian.