Aurreko Albisteak

GERNIKAKO ARBOLAREN OINORDEKO BAT HAZTEN ARI DA DABORDUKO GETXOKO AGIRRE LEHENDAKARIA PLAZAN

• Ana Otadui Batzar Nagusietako Lehendakariak oinordekoaren egiazkotasunaren ziurtagiria eman dio Amaia Agirre udalerriko Alkateari

Getxok Gernikako Arbolaren, Euskal Herriaren bake eta askatasun gogoaren ikurraren, oinordekoaren ekitaldi ofiziala jaso du gaur. Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak eta Amaia Agirre Getxoko Alkateak, Algortako Agirre Lehendakaria plazan landatu dena Gernikako Arbolaren oinordekoa dela ziurtatzen duen plakaren estalkia kendu dute.

Bertan, hau irakurri daiteke gaurtik aurrera: “Gernikako Haretxaren leinukoa, Euskal Herriaren askatasunen eta bake gogoaren ikurra. 1937an, herritar zibilen aurka munduan berariaz egindako lehen bonbardaketa jasan eban Gernikak. Pablo Picassok horren gomutaz egin eban “Guernica” artelana. Gernikako arbola da bedeinkatua, euskaldunen artean guztiz maitatua. Eman ta zabal zazu munduan frutua. Adoratzen zaitugu, arbola santua (Jose Maria Iparragirre 1820-1882)”.

Herritarrek parte hartzeko zabalik egon dan ekitaldia izan da eta bertan Batzarretako kideak, Udaleko zinegotziak eta udalerriko biztanleek hartu dute parte. Ekitaldian, Jose Maria Iparragirrek 1853an idatzi eban “Gernikako Arbola” ereserki ezaguna abestu da, Gernikako haretxari eta euskal foruei eskainitako omenaldia. Horren ostean ohorezko aurreskua dantzatu da eta Bizkaiko Batzar Nagusietako ordezkari gorenak oinordekoaren egiazkotasuna erakusten duen ziurtagiria eman dio alkateari.

Gernikako Arbolaren aldaxka Agirre Lehendakaria plazan dago daborduko, XIX. mendetik bost kontinenteetako lekuetan landatu diran bostehun oinordeko ingururekin bat eginez. Horrela, Getxo, Gernikako haretxaren oinordekoa daukaten herrien zerrenda luzean sartu da: Gotemburgo, Padron, Laudio, Pforzeim, Sidney, Auschwitz edo Washington, besteak beste. Ekitaldiari amaiera emateko, familia argazkia atera da haretx txikiaren aurrean.