Aurreko Albisteak

LUIS ERNESTO PEDERNERA UMEAREN ESKUBIDEEI BURUZKO NBE-KO BATZORDEKO PRESIDENTEA GERNIKAKO BATZARRETXEA BISITAU DAU

• Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak Luis Ernesto Pedernera hartu dau, Umearen Eskubideen Konbentzioaren 30. urteurrena eta Osoko Txikia ospatu baino egun gitxi lehenago

Umeen eskubideen derrigorrezko babesa nagusitu da gaur Gernikako Batzarretxeko giroan. Bizkaiko Batzar Nagusien egoitza historikoak, joan dan maiatzaren 13tik Nazio Batuen Erakundeko Umearen Eskubideei buruzko Batzordeko Presidentea dan Luis Ernesto Pedernera hartu dau gaur. Batzorde hori, NBEko kide diran herrialdeek Umearen Eskubideen Nazinoarteko 1989ko Konbentzinoa beteten dabela zaintzearen arduraduna da.

Ana Otadui, Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak Luis Ernesto Pedernera, umeen eta nerabeen eskubideen defentsan esperientzia zabala daukan jurista uruguaiarra hartu dau Gernikako Batzarretxean. Pederneragaz batera, bisitan Francisco Alcolea, Ignacio Ágreda eta Elsa Fuente etorri dira, Euskadiko UNICEFen Batzordeko Lehendakariordea, Diruzaina eta Koordinatzailea, hurrenez hurren.

Txistuaren eta danbolinaren soinuek lagundu dabe Batzarretxearen kanpoaldetik egin dan bisitea. Arbola Zaharraren eta Gernikako Arbolaren aurrean geratu dira, eta bertan argazkia atera dabe, bisitea gogoratuazoteko. “Agur Jaunak” eta “Gernikako Arbola” izan dira txistulariek interpretau dituen kantetako batzuk. Dantzari bikote batek ohorezko aurreskua dantzatu dau eta, horren ostean, taldeak Osokoen Aretoa, Beiratearen Aretoa eta Artxibategia-Liburutegia bisitau ditu.

Harrerea, Umearen Eskubideen Konbentzioaren –historia osoan berrespen handiena euki dauen hitzarmena– 30. urteurrena baino egun batzuk lehenago izan da. Urteurrena azaroaren 20an izango da. Esan behar da, baita be, bisitea, Gernikako Batzarretxeak urteroko Osoko Txikia jaso aurretik egin dala. Ekitaldi horretan, datorren azaroaren 22an, ikasleek berbea hartu eta eurak izango dira arduratzen dituen gaiak aztertzeko egingo daben osokoaren protagonistak.

Bisitea, Pedernerak Batzarretxeko Ohorezko Liburuan egin dauen sinadureagaz bukatu da. Oroitzapen moduan, Otaduik, 1609an margotu zan eta Osokoen Aretoaren buru dan Francisco de Mendietaren “Esku-mosuak” margolanaren erreplika bat emon deutso Umearen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Batzordeko Presidenteari.