Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ENKARTERRIETAKO, EZKERRALDEKO ETA MEATZALDEKO ARKITEKTURA INBENTARIOA AURKEZTU DABE

• Azterlanak, eskualde horreetako 20 udalerritan 1870 eta 1975 artean eregitako 1.500 eraikinen ganeko informazinoa jasoten dau.

• Kontsultarako tresna erabilgarria da erakundeentzat, profesionalentzat eta herritarrentzat.

Bizkaiko Batzar Nagusiek “Azterlan-Inbentarioa: Enkarterriko Arkitektura Garaikidea (1870-1975)” lana aurkeztu dabe, 1.500 eraikin jasoten dituan azterlan zorrotza. Orain arte Bizkaian egin dan epealdi horretako arkitektura ondarearen bilduma nagusia da, eta Enkarterriko 20 udalerri jasoten ditu, eskualdea historiaren ikuspegitik ulertuta, Ezkerraldea eta Meatzaldea be barruan hartuta.

Azterlana, Enkarterrietako Museoak ondare historikoa, kulturala eta etnografikoa berreskuratzeko eta hedatzeko egiten dauen behar garrantzitsuaren barruan dago. Bizkaiko Batzar Nagusien esku dagon museoak bultzatu dauen arkitektura inbentarioa, eraikinak banan-banan katalogetako lau urtez egindako ikerketaren eta azterketaren emaitza da.

“Lan barritzailea da, eta horregaz Bizkaiko Batzar Nagusiek beste pausu bat emon gura izan dabe, gure iragana eta ondarea hobeto ezagutzeko aukerea emongo dauen eta kontsultau beharra daukien erakunde eta persona guztientzat erabilgarria eta eskuragarria izango dan tresnea eskainiz”, azpimarratu dau Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak, inbentarioa aurkezteko egin dan prentsa aurrekoan. Bertan, Javier Barrio Enkarterrietako Museoaren Zuzendariak eta Gorka Pérez de la Peña historialari eta azterlanaren egileak be hartu dabe parte.

Inbentario horregaz amaierea emoten jake Enkarterrietako Museoak Bizkaian garrantzitsuenetakoa izan arren gitxien baloretan danetakoa dan ondarearen elementuetako bat balioan jarteko eta hobeto ezagutzeko bultzatu dituan lan eta ikerketa urteei: industrializazinoaren inguruan, 1870 eta 1975 artean, eregi ziran eraikinak.

Aurton gauzatu diran ekimenen artean honeek dagoz: martiaren 8tik joan dan urriaren 27ra arte museoan ikusi ahal izan dan “Enkarterri 1870-1975. Arkitektura garaikidearen distira” erakusketea; eskualdeko arkitekturaren lan bikainak ezagutzeko antolatu diran lau ibilbide kulturalak, maiatzaren 5ean, maiatzaren 19an, bagilaren 9an eta urriaren 6an, domekatan, antolatutakoak; eta baita “Enkarterri 1870-1975. Arkitektura garaikidearen distira” liburua aurkezteko apirilaren 11n egin zan konferentzia be. Azken liburu horren 500 ale argitaratu dira, museoetan, liburutegietan, unibersidadeetan beste kulturgune batzuetan banatzeko. Argitalpena https://enkarterrimuseoa.eus webgunean irakurri daiteke, eta museoan bertan be erosi daiteke.

Etxeak, eleizak eta jauregiak

Inbentarioan batzen diran eraikinak, Bilbora, Balmasedara edo Zallara bizitzen joan zan gero eta jente gehiagok eregi ebazanak dira. Gure aittitte-amamen etxeak, eleizak, eskolak, kanposantu modernoak edo Udaletxeak dira, eta horreei burgesia barriaren jauregiak, etxaldeak eta txaletak eta eregi ziran industriako eraikin ugariak gehitu behar jakez.

Azterlanak 1.500 eraikin inguru jasoten ditu. Horreetatik, 1.200 lehenengoz aztertu dira egitasmo honetan; ganerakoak, Portugaleteri, Sestaori eta Barakaldori buruzko monografietan daborduko aztertuta egozan eraikinak dira.

Azterlanean jasoten diran udalerriak Abanto-Zierbena, Alonsotegi, Artzentales, Balmaseda, Barakaldo, Galdames, Gordexola, Güeñes, Lanestosa, Muskiz, Karrantza, Ortuella, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sopuerta, Trapaga, Turtzioz, Zalla eta Zierbena dira. 20 udalerri horreetako bakotxak bere atala dauka, eta bertan aztertu diran eta eskualde horreetatik ibili ezkero ikusi daitekezan arkitekturako 11 estiloetan sailkatu diran eraikin guztiak aurkezten dira. Eraikin bakotxak bere fitxea dauka, datea, egilea, kokalekua eta arte eta ondare arloko azalpena jasoz.

Berbaldia eta kontsultea

Gorka Pérez de la Peña Oleagak “Azterlan-Inbentarioa: Enkarterriko Arkitektura Garaikidea” aurkezteko berbaldia emongo dau gaur. Arratsaldeko 19:00etan izango da, Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzan (Hurtado de Amezaga, 6) gura daben guztientzat zabalik egongo dan ekitaldian.

Inbentarioa, gure arkitektura ondarea herritarrei hurreratzeko elementua da, eta baita euren uri-plangintzak egiteko edo ondarea zabaltzeko orduan erabili ahal izango daben erakundeentzako, Udalentzako edo profesionalentzako lanerako tresnea be.

Inbentarioa Enkarterrietako Museoaren webgunean kontsultau daiteke, eta baita daborduko aitatu diran Portugaleteko, Sestaoko eta Barakaldoko monografien PDF bertsinoak be, esteka honetan:

https://enkarterrimuseoa.eus/home/publicaciones.asp

Lotutako estekak: