Aurreko Albisteak

EKONOMIAREN SUSTAPENAK 38 MILIOI EURO BIDERATUKO DITU EKINTZAILETZARA ETA AZPIEGITURA ESTRATEGIKOETARA

• Beste alde batetik, Kultur Ondasunerako eta euskararen sustapenerako eta kirolerako Bizkaiko aurrekontua 48 milioi eurora helduko da 2020an.

Bizkaiko Batzar Nagusiek Bizkaiko 2020ko Aurrekontu Proiektuaren ganeko Ogasuneko azken Informazino Batzordeak jaso ditue gaur: Ekonomiaren Sustapeneko eta Euskara, Kultura eta Kiroleko Sailenak.

Ainara Basurko Ekonomiaren Sustapeneko Diputatuak, 2020an %3,5 igon eta, beharginen gastuak kontuan izan barik, 78,4 milioi eurora helduko dan bere sailaren aurrekontu osoa kapituluka azaldu dau. Ekonomia sarearen lehiakortasuna eta ekintzailetza ekosistema aurreratua bultzatzea izango dira apustu nagusi biak.

38.020.500 euro –aurrekontuaren ia erdia, %48,5– Enpresa arloko Sustapeneko ekimenetara zuzenduko dira. 2,7 milioi euro inbertituko dira Ezkerraldeko-Meatzaldeko Teknologia Parkean, eta beste bi Ekintzailetzarako Nazinoarteko Zentroan, “Bizkairako estrategikoak diran azpiegitura bitan”, Basurkok adierazo dauenez.

Nabarmentzekoak dira, baita be, ekintzailetza aurreratuari laguntzeko 9,8 milioi euroak, talentuari, bikaintasunari eta ekintzailetzaren eta zientziaren kulturari laguntzeko programetara zuzenduko diran 3,2 milioiak eta potentzial handiko startup-en hazkundea bultzatzeko beste 2,2 milioiak.

Berrikuntzaren eta Lehiakortasunaren arloak 25,18 milioi euro izango ditu. Arlo horretan industriaren barrikuntza teknologikoari eta eraldaketari eta zerbitzu aurreratuei laguntzeko programak (11,8 milioi), sektore estrategikoei, automobilgintzari eta energiari, beste batzuen artean, emongo jaken bultzadea (6 milioi euro) eta 5,4 milioi euro jasoko dituan 3i programea (inbertsinoa, nazinoartekotzea eta barrikuntzea) jasoko dira. Kopuruari jagokonez, aitatutakoen ostean, ETEak nazinoartera zabaltzeko programak etorriko dira, aurrekontutik 3,8 milioi euro hartuz.

Datorren ekitaldian Kanpoko Sustapenean eta Turismoan egingo dan inbertsinoa 9,8 milioi eurokoa izango da, Bizkaiak daukan posizionamendua eta mundu osoko nodo nagusiakaz dauen konexinoa sendotzeko. Ganera, Bizkaiko hainbat eskualdetako ekonomia sarea dinamizetako hainbat ekimen jarriko dira martxan. Guztira 3.790.000 euro bideratuko dira eskualdeen garapenera.

Euskara, Kultura eta Kirola

Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kiroleko Diputatuak azpimarratu dauenez, bere Sailaren helburu nagusia euskara gizartean bizibarritzea izango da, hainbat arlotan indartuz, kirolean, aisian eta lan munduan, adibidez, erlazionautako produktuak eta zerbitzuak sortuz.

2020an Sail horrek 48.042.000 euroko aurrekontua eukiko dau. Horreetatik, 7.427.000 euro Euskarara zuzenduko dira, 29.460.000 Kulturara, 8.260.000 Kirolera eta 2.895.000 Zerbitzu Orokorretara.

Datorren urtean jarraitu egingo da personen euskalduntzea bultzatzeko beharragaz (580.000 euro), eta bizkaieraren erabilerea be sustatuko da, 710.000 eurogaz. Bizkaiko Foru Aldundiaren VI. Euskara Plana jarriko da martxan, Foru erakundeak emoten dituan zerbitzuetan eta egiten dituan beharretan euskararen erabilerea bermatzeko, 970.000 euroko partidagaz.

Kulturaren arloan, lehentasuna Bizkaian artearen inguruan dagon talentua indartzea izango da, bikaintasuneko zentroetan trebatzeko bekak emonez eta, beste batzuen artean, Japonian egoitzak barru hartzen dituan ERTIBIL-BIZKAIA programagaz. Horrez gain, Sailak arreta berezia emongo deutso modaren sektoreari –La Encartada Moda ekimena 150.000 eurogaz bultzatuz– eta baita kulturea eskualde guztietara zabaltzeari be, Udalek eta irabazi asmorik bako erakundeek egiten daben beharra 3,3 milioi eurogaz lagunduz eta sorkuntzara zuzendutako zentroak eta ekimenak bultzatuz, Pabellón 6 edo Break on Stage, beste batzuen artean. Azken horreetarako aurrekontu bateratua 382.000 eurokoa izango da.

Beste apustu bat Bizkaiko Orkestra Sinfonikoa da, “euskal musikaren panoraman ibilbide sendoa daukan erakundea”, Euskara, Kultura eta Kiroleko Diputatuak azpimarratu dauenez. 2020an, BOSek 5.289.000 euro jasoko ditu Foru Aldunditik.

Ganera, Sailak aurrera jarraituko dau bere kultur ondarearen kontserbazinoan, kudeaketan eta sozializazinoan Bizkaia Europa mailako erreferente bilakatzeko konpromisoagaz, eta 14,98 milioi euro zuzenduko ditu horretara. Holan, azpimarratzekoa da Bilboko Euskal Museoaren barriztatzea eta nazinoartera zabaltzeko prozesua. Museoa kudeatzen dauen erakundeak 1,6 milioi euro jasoko ditu.

Kulturaren arloan, ekitaldi nagusia 2020an Getxon egingo dan Sokatirako Munduko Txapelketea izango da, eta 150.000 euro bideratuko dira horretara. 2,51 milio euro zuzenduko dira herri-kirolak bultzatzera, 2,39 milioi herritarren artean kirol jardunbidea sustatzera, eta 2,13 milioi eskolako kirolera. Jardunbide horretan Bizkaiko 45.000 ume inguruk hartzen dabe parte, eta aniztasun funtzionala daukien personengana hurreratzen jarraituko da.