Sabino Arana erasteak 3 milioi euroko inbertsinoa eragin eban
Aldundiak, azkenean, 3.020.000 euro inbertitu ebazan Sabino Aranako bide-zubiak erasten. Eraspenaren esleipenaren prezioan 2.785.000 euro aurreikusi ziran arren, Herri Lan eta Garraioetako Sailak beste 235.000 euro gehitu behar izan ebazan, “haserako proiektuan beren beregi aurreikusi bako” hainbat obra zirala eta, Itziar Garamendi sail horretako foru diputatuak gaur goizean, EH Bildu taldeak eskatutako agerraldian, adierazo dauenez. Halanda be, azken kostua obraren lizitazinoko preziotik urrun geratzen da, “4 milioi eurokoa” izan zalako.
“Holango neurriko” lanetan, beharrak hasi eta gero, Aldundiak hainbat jarduketa egin behar zirala hauteman eban “behar bezala bukatzeko”. Hasera batean aurreikusi bako jarduketa horreen artean, Egia Jeneralaren kaleko bideari jarraipena emotea egoan. Kale hori bide-zubien estribu batek eteten eban. Obra horren kostua 46.376 eurokoa izan da. Ganera, seinaleztapen bertikala eta horizontala instalau da, noranzkoak aldatu diralako. Eginbehar horreen kostua 18.089 eurokoa izan da.
Obrari bukaerea emoteko aparteko ekarpen horren barruan, obrak hartzen ebazan lekuak hormigoi armauz ixtea be sartu da, eta horrek 78.173 euroko gastua eragin dau. Aldundiak, obren eragina jasan daben leku batzuk hobetu ditu, estetikari jagokonez, eta horretarako 31.207 euro gastau ditu landaredian eta beste 61.451 euro beste leku batzuk egokitzen, baldosatan, eta zintarrietan, eta horma batzuetan estalgiak jarten.
Garamendik adierazo dauenez, Aldundiak “bete egin dau” hasera batean aurreikusitako 8 hilebeteko epea, eta gogoratu dau eraspen lan horreek amaitu eta gero –joan dan martian– egingo diran jarduketak Bilboko Udalaren esku egongo dituala, inguruko biztanleakaz iragarritako “partaidetzan oinarritutako prozesuaren” ostean.
Oposizinoaren ustez “partidistea” eta “ez beharrezkoa” izan dan eta obrak bukatzean egin dan publizidade kanpainari jagokonez, 34.903 euroko kostua eragin dau. Garamendiren eretxiz “instituzionala” izan dan kanpaina horretan “esandakoa egin” goiburua erabili zan, eta helburua, pertsona eta enpresa guztiei obrak bukatuta egozala, eta hemendik aurrera, “euren bizitza kalidadea hobetuko dauen egoera barriaz gozau ahal izango dabela” “jakinarazotea” zan, foru diputatuak adierazo dauenez.
Oposizinoak publizidadean gastautakoa kritikau dau. Aitor Torreren (EH Bildu) eretxiz, kanpaina instituzionala baino gehiago “partidistea” izan da, eta horregaz, Aldundiak “harrokeria erakutsi dau” eraspen lanen ostean. Goiburua ironiaz erabilita, Jesús Isasik (PP) “esandakotik egitera” “20 urte” igaro dirala kritikau dau. Eta Joaquín Colmenerok (PSE-EE) merituak kendu gura izan deutsaz Foru Aldundiari “biztanleen mobimenduari eta batzar honetan obra horren alde agertu izan diran taldeei” emoteko, Aldundiak errepidea erasteko emon eban berbea “benetan” betetearen aldeko apustua egin ebelako. “Danon artean” lortu da, argitu dau.
PUNTU BALTZAK BIZKAIKO ERREPIDEETAN
PP taldeak, bere aldetik, diputatuaren agerraldia eskatu dau Bizkaiko Batzar Nagusietako Herri Lan eta Garraioetako Batzordean, “puntu baltzak” izenekoetan trafikoaren baldintzak hobetzeko Aldundiak markau dituan “helburuak” azaldu daizan.
Gaur egun Bizkaian dagozan “25 puntu baltzen” egungo egoerari buruz erantzun aurretik, Garamendik argitu gura izan dau leku arriskutsu horreek Segurtasun Sailburuak Legebiltzarrean emondako erantzun batean definidu zirala, hiru lurraldeetako istripu-mailei buruzko datuakaz, zerrenda bitan oinarrituta: Istripuak Kontzentretan diran Zatiak (TCA) 2007-2011 epealdian, eta 2013an puntu horreetan egon diran istripu guztien datuak.
Diputatuak argitu gura izan dau, baita be, istripu-mailan lau faktorek daukiela eragina: errepideak, ibilgailuak, gidariak eta eguraldiak. “Estadistikako azterlanek” erakusten dabenez, errepidea “%4 baino gitxiagotan” da istripuen eragile “bakarra”, eta “%12an” beste faktore batzuekaz batera agertzen da, adierazo dau.
Agerraldi eskarian aitatutako 25 puntu baltzei jagokenez, Garamendik adierazo dau horreetako 20tan “beharrak egin dirala edo une honetan egiten ari dirala”, 2 ez dagoz foru sarearen barruan, eta ganerako 3etan istripuen zergaitiak hobeto ezagutzeko azterketak egiten ari dira. Beharrak egindako lekuetan, errepideak “arrisku maila txikiagoa dauka orain”, esan dau.
Bizkaiko Batzarren aurrean emondako erantzunean, Garamendik gogoratu dau, baita, Euskadiko Bide Segurtasunaren Osoko bilkurak “modu positiboan” balorau ebala azken hamarkadan istripu mailak izan dauen bilakaerea, eta Eurostatek, 2012ko datuak erabilita, Euskadi, arlo horretan aurreratuenak diran herrialdeen “antzeko” istripu mailan jarri ebala, hau da, Erresuma Batuaren, Suediaren, Danimarkaren edo Herbehereen parean.
Jesús Isasik (PP) zehaztasun gehiago eskatu ostean, aldundiko arduradunak adierazo dau 25 zati horreetatik 9 A-8 autopistan dagozala, eta bertan, “bide segurtasunagaz, zoladuragaz eta zorua barrizteteagaz” erlazionautako hobekuntzak egin dirala. Beste esku-hartze batzuk –asfaltoa hobetzea, batez be– BI 625 errepidean, Basauriko lotunearen barruan, eta Txorierriko Igarobideko hainbat puntutan, eta BI 628, BI 631, BI 637 eta 240 nazionala errepideetan, egin dira.
SOBERAKINEN GORDELEKUA ALONSOTEGIN
Batzordeari hasera emoteko, diputatuak “Alonsotegiko soberakinen gordelekuaren” egoerari buruzko erantzuna emon dau. Gordeleku hori, Kadaguako Igarobideko obrak egitean sobran geratu ziran lurrak metatzeko instalau zan, aldi baterako. Aitor Torre EH Bilduko batzordekideak “kontrolik bako hondakindegia” dala esan dau. Koalizino abertzaleko ordezko bozeroaleak adierazo dauenez, epaitegiek emondako erabagi batek, lurrak, euren jaubeei obren aurretik egozan moduan “itzultzeko” agintzen eutsan Aldundiari. Salatu dauenez, gordeleku horretan “etxeko tresna elektrikoak, pneumatikoak eta metalak” metatzen dira.
EH Bildu taldeak material horreek bertatik kentzeko egin dauen eskariaren aurrean, Garamendik adierazo dau Barakaldoko epaitegi batek emondako 2010eko iraileko epai batek autortzen dauela “lur horreetan ez dagoala Bizkaiko Foru Aldundiaren aldetik bete bako inolako jarduketarik edo eginbeharrik, eta horreen jaubetzea bertako titularrena dala”. EH Bilduk, lurrak aurretik egozan moduan itzultzeko aitatu dauen epaiari jagokonez, Garamendik adierazo dau epai horrek esaten eban gauza bakarra, Aldundiak lurren jaubetzea itzuli behar ebala zala.
Eta autopistea eregiteko beharrek iraun eben bitartean bertan itxitako materialei jagokenez, Garamendik adierazo dauenez, beharrak egin ziren bitartean “zainduta” egoan leku horretan, hondeaketa beharretatik eta lur mobimenduetatik ekarritako “harkaitzak eta harriak” itxi ziran. “2008ko maiatzaren 30ean” obrak amaitu ziranetik, Interbiak erakundeak “ez dauka inolako erantzukizunik” bertan ixten diran gauzen gainean, garai haretan lurra jaubeei itzuli jakelako, aldi baterako besterentzea izan zan eta.