Aurreko Albisteak

GIZARTE EKINTZAKO BATZORDEAK AHO BATEZ ESKATU DAU UMEENTZAKO ETA NERABEENTZAKO EGOITZETAN BEHAR EGITEN DABEN BEHARGINEN RATIOAREN KONTROLA INDARTZEA

Umeentzako eta nerabeentzako egoitzetan dagozanei emoten jaken arretak zentrau dau Bizkaiko Batzar Nagusietako Gizarte Ekintzako Batzordearen bileraren zati handia. Ekimena Elkarrekin Bizkaia taldeak aurkeztu dau, Arauz Besteko Proposamen moduan, urtero egingo diran ikuskapenen bitartez egoitzetako beharginen ratioa beteten dala bermatzeko. Proposamena aho batez onetsi da, Batzarretako talde guztien aldeko botoagaz, eta Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek batera aurkeztu dituen zuzenketa-eskeak jasoz.

Adostutako testuak eskaria egiten deutso Bizkaiko Foru Aldundiari, “Umeak eta Nerabeak Babesteko Bizkaiko Foru Aldundiaren Sareko egoitzetako beharginen ratioari lotutako kontroleko formula osagarriak” aztertzeko eta sartzeko, “urte osoko datuen erreferentziak hartzeko eta ikuskapenen aurreko astekoak osatzeko”.

Batzarretako talde guztiak pozik agertu dira aho batez hartutako erabagia dala eta, baina ñabardura batzuekaz. Eneritz de Madariaga Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeroaleak “gitxieneko ratioen ganean gabilzala berbetan” zehaztu dau; “berez bermatzen dan bakarra, ratioa urteko aste batean beteko dala da”. Modu berean egin dau berba Izaskun Duquek (EH Bildu), eta gizarte zerbitzuak “dobakoak eta unibersalak” izan behar dirala defendidu dau.

Juan Oterminek (Euskal Sozialistak) azpimarratu dauenez, proposamena “beste elementu bat da gizarte zerbitzuen etenbako hobekuntzan”. Euzko Abertzaleak taldearen izenean, Celia Gómezek be lortutako akordioaren garrantzia azpimarratu dau. Eduardo Andradek (Talde Berezia / Bizkaiko PP) hiru hilebetez behingo ikuskapenak eskatu ditu, eta umeei eta nerabeei emoten jaken arretea arautzen daben Legea eta Dekretua egokitzea, “deutsielako gaur eguneko errealidadeari erantzuten”.

Gaur goizean egin dan Batzordera Sergio Murillo Gizarte Ekintzako Diputatua etorri da, Elkarrekin Bizkaiak eskatuta, gai batzuei erantzuteko: jasotzaileentzako plazak edo buruko nahasmendu larria daukien personei arreta sozio-sanitarioa emoteko Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean adostu dan Lankidetzarako Hitzarmenaren barruan Bizkaiko Foru Aldundiak zenbat diru jarriko dauen.

Murillok azaldu dauenez, hitzarmenak, egoitzen (348 plaza 62 etxebizitzatan eta 7 egoitzatan) eta eguneko arretarako zentroen (435 plaza 11 zentrotan) artean banatzen diran 783 plaza Aldundiak finantzetea aurreikusten dau. Murillok gehitu dauenez, plaza bakotxak egunero dituan kostuak asko aldatzen dira leku batetik bestera: 9 eurotik 48 eurora eguneko arretarako zentroetan; eta egoitzako arretari jagokonez, autonomia maila altua daukien personentzako tutoretzapeko etxebizitza bateko 32 euroetatik laguntza profesional asko behar dauen egoitzako plaza bateko 148 euroetaraino.

Eguneko gai zerrendako azkenengo puntuan, Gizarte Ekintzako Diputatuak, beharginek 2016 eta 2017 urteetan egin ebezan grebak zirala eta adinekoen egoitzetako enpresa kudeatzaileei eskatutako diru-kopurua itzultzera behartzen deutsien Euskadiko Justizia Epaitegi Gorenaren epaien aurrean Foru Aldundiak daukan eretxiren ganean EH Bilduk egin dauen ahozko erantzun-eske bati erantzun deutso. Sergio Murillok erantzun dauenez, errekursoak aurkeztuko ditue epai horreen aurrean, eta daborduko aurkeztuta dago epaileen ebazpen horreen kontrako kasazino errekursoren bat.