Aurreko Albisteak

BASURDEEK ZENTRAU DABE IRAUNKORTASUNERAKO ETA INGURUNE NATURALERAKO BATZORDEAREN EZTABAIDEA

Bizkaian gero eta basurde gehiago egoteak, eta zehatzago esanez, animalia basati horreek Basauriko Basozelai auzoan jentea bizi dan lekuetan agertu izanak, zentrau dau gaur egin dan Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako Batzordearen eztabaidea. Iratxe Arriola EH Bilduko batzordekideak eskatuta, Elena Unzueta Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako Diputatua batzordera etorri da, Bizkaiko Foru Aldunditik Basauriko Udalagaz koordinauta martxan jarri diran neurriak azaltzeko. Eduardo Andradek (Talde Berezia / Bizkaiko PP) be gai beraren ganeko ahozko erantzun-eskea egin dau, eta biak batera eztabaidau dira.

Irailean egin zan eta basurde bi hil ebazan batidea edo leku garaietan jateko lekuak instaletea izan dira Aldundiko Sailak martxan jarri dituan neurrietako batzuk. Saileko teknikariak, arazoari amaierea emoteko beste ekimen batzuk eta horreen eraginkortasuna aztertzen ari dira.

Dana dala, persona batzuek animalia horreei jaten emoten deutseela hauteman da. Horrek basurdeak jentea bizi dan lekuetara hurreratzea eta kontrol barik leku batetik bestera ibiltea errazten dau. Unzuetak behin eta barriro eskatu dau animalia basati horreei jaten ez emoteko, basoetan behar beste ezkur daukiezalako, eta baita Foru Aldundiak egokitutako jateko lekuak be. “Basurdeak ez dira etxeko maskotak, animalia basatiak dira eta, hori dala eta, kalte materialak eta baita pertsonalak be, eragin daikiez”.

Bileran argi geratu da gero eta basurde gehiago egotea ez dala bakarrik Bizkaiko arazoa, Euskadi osoan eta Europan be gauza bera ari dala gertatzen. Baserritarrek azken urteetan landa inguruetan jasan daben arazo larria da, baina larriago bilakatu da animalia horreek jentea bizi dan lekuetara hurreratzen hasi diranean, personen segurtasunerako arriskutsuak izan daitekezalako. Unzuetak azaldu dauenez, elikadura erraz eskuratzeko aukerea, tenperaturaren igoerea edo animalia horreen jaiotze tasaren handitzea (urte osora zabaldu da) dira azkenengo hamar urteetan basurde kopuruak izan dauen hazkunde garrantzitsuaren errazoietako batzuk.

Batzordean, Elkarrekin Bizkaia taldeko Héctor Fernándezek eskatuta, 500 HOBko (Grumenareko Mendiak) artzaintza guneak inguruko abeltzainen alkarteei esleitzeko erespideak be landu dira. Unzuetak azaldu dauenez, berak zuzentzen dauen sailetik larratzerako guneak erabagi dira, abeltzainen alkarteen eskariak kontuan izanda.