AHALDUN NAGUSIAK AZPIMARRATU DAUENEZ, ZERGEI JAGOKENEZ BIZKAIA LURRALDE LEHIAKORRENA DA
Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak azpimarratu dauenez, Bizkaia, “2019ko urrian, lurralde lehiakorrena da, zergen ganean berba egiten dogunean”, Task Foundationek eta Zergadunen Batasunak Lehia Fiskalaren Indizean adierazten dabenez. Rementeriak gehitu dauenez, Bizkaia lehenengo lekuan dago azken hiru urteetan, eta, ganera, beste lurralde batzuk baino gehiago batzen dau. Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Aldundiaren zerga politikea defendidu dau, eta 2020an, erakunde eskudunek apliketan ari dan zerga arautegia aztertuko dabela eta aurre egin beharreko erronketara egokituko dabela iragarri dau.
Amaya Fernándezek Talde Bereziko/ Bizkaiko PPko bozeroaleak egin deutson itaunari erantzunez esan dau hori Rementeriak. Itaun horretan, “karga fiskala murriztea” eskatzen zan, “Bizkaia lehiakorragoa izateko”. Ahaldun Nagusiak adierazo dauenez, talde popularrak oinarri guztiak %5 murrizteko egin dauen proposamena aplikauko balitz, Bizkaian 750 milioi euro gitxiago batuko litzatekez.
Rementeriak Elkarrekin Bizkaia taldearen itaun bati be erantzun deutso. Itaun horretan, Foru erakundea Bizkaiko metalaren sektorean zabalik dagon laneko gatazkari konponbidea emoteko inpliketea eskatzen zan. Israel Escalante batzarkideak harmailatik azpimarratu dauenez, “50.000 beharginengan eragina daukan” gatazkea da. Erantzunen txandan, Ahaldun Nagusiak “Aldundi moduan ez daukagu arlo horretan ezelango eskumenik, ez dagolako horretarako aukerea emoten deuskun arautegirik edo legerik” esan dau, eta inplikauta dagozan aldeak “negozietan eseri daitezala eta aurrean daukienaren azalean jarri daitezala” gura dauela adierazo dau.
Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako ordezkari gorena izan da gaur goizean Gerediagako Batzarretxean egin dan Kontroleko Osokoaren buru. Leku horretako historiak ia Erdi Arora garoaz. Osokoan beste itaun bi eta ahozko lau erantzun-eske eztabaidau dira.
Ainara Basurko Ekonomiaren Sustapenerako Diputatuak hainbat bider egin dau berba harmailatik. Arantza Urkaregik (EH Bildu) Nazinoarteko ekintzailetza Zentroak izango dituan helburuen eta neurrien ganean egin deutsan itaunari erantzunez, Basurkok azaldu dau helburua Bizkaia nazinoarteko “Ekintzailetzaren hub” bat bilakatzea dala, eta zentroak hainbat enpresa traktore, startup, ekintzaile edo business angel jasoko dituala.
Talde Bereziak/ Bizkaiko Talde Popularrak “BECen bideragarritasuna bermatzeko” Foru Aldundiak dituan proposamenen ganeko ahozko erantzun-eske bati be erantzun deutso Basurkok. Ekonomiaren Sustapenerako Diputatuak azpimarratu dauenez, BEC ardatz atlantikoko erakusketa eta azoka barruti garrantzitsuena da, eta azaldu dauenez, orain 8 urte hasi zan talka-planak emon ditu frutuak. Basurkok esan dauenez, BECeko diru-sarrerak, 2011-2012an izandako 22 milioi euroetatik 2017-2018ko 33 milioi euro baino gehiagora pasau dira.
Lemoizen dagon Jata mendiko hondakindegi zaharrean hauteman dan lindano isurketea izan da Elkarrekin Bizkaia taldeak aurkeztu dauen beste itaun baten gaia. Héctor Fernández talde horretako batzarkideak, legez kanpoko isurketa horrek segurtasunerako dituan arrisku larriak aitatu ditu. Daborduko eragina izaten ari da zugatzen azaletan. Lindanoak su hartzen badau fosgeno bilakatzen dala azpimarratu dau, gas hilkorra, hain zuzen be.
Gai horren inguruan itaunduta, Elena Unzueta Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko Diputatuak esan dauenez, arlo horretan eskumenak dituan erakundea Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurraldearen Plangintza eta Etxebiztitza Saila da. “Ikerketea zabalik dago, eta bukatzen danean, Aldundi hau oso adi egongo da ezarten diran neurri guztien aurrean, horren arabera jarduteko”, esan dau.
EH Bilduk eguneko gai zerrendan jaso diran ahozko beste hiru erantzun-eske aurkeztu ditu. Horreen artean, administrazino-konkurtso egoeran dagon Cables y Alambres enpresari jagokona. Ekonomiaren Sustapenerako Sailak gaiztasunak daukiezan enpresei laguntzeko protokoloa aplikau dau, eta bultzatu dituan neurrien artean inbertitzaileak bilatzea dago.
Bizkaian garraiorako txartel bakarra ezartearen gaiari, ezarpena aztertzeko agindu dan txostena urte amaieran jasoko dala erantzun deutso Miguel Ángel Gómez Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Diputatuak.