Aurreko Albisteak

KLIMAREN ALDAKETEA, ESKAERETARAKO ETA HERRITARRAKAZKO HARTU-EMONETARAKO BATZORDEAREN BILERAREN ARDATZA

Klimaren aldaketaren kontrako burrukea eta meatzaldeko abeltzainek larratzeko daukiezan eskubideak izan dira Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzordearen agintaldiko lehenengo bileraren protagonistak. Batzordea, eskaerak, kexak, erreklamazinoak eta iradokizunak planteau gura dituen norbanakoei eta alkarteei zabalik dago.

Berba egiten lehenengoa Andres Gallego izan da, Euskal Herriko 60 alkarte inguru batzen dituan Klima Larrialdirako Aliantza ordeztuz. Gallegok azaldu dauenez, alkartea beste lekuetan baino aktiboagoa da Bizkaian. 40 mozino baino gehiago aurkeztu ditue Bizkaiko Udaletan, klimaren aldaketaren ondorioak arintzeko neurriak bultzatzeko.

Gallegok “asmo handiagoko politikak” eskatu ditu Bizkaiko Batzar Nagusietako talde guztietako batzordekideen aurrean, eta “beharrezkoa dan lana” egin daiela eskatu deutse, maila guztietan neurriak martxan jarriz, komunidade zientifikoak aurreikusten dituan ondorio negargarriak arintzeko. Proponidu dituan neurrien artean, 2040an 0 isurketa lortzeko arautegiak ezartea, erregai fosilak baztertzea eta naturaren eta gizakien ekosistemak babestea dagoz.

Batzordeak El Chaparral abeltzain Alkartea be jaso dau. José Antonio Quintanak eta Javier Ugartek ordeztu dabe alkartea, eta Zugaztietan eta Grumeraneko mendietan larratzeko eskubidea bermatzeko eskatu dabe. 1974tik, arrazoi bat edo beste dala eta, inguru haretako abeltzainek larratzeko eta lurzorua indibiso eukiteko eskubide historikoak zelan murrizten diran ikusi dabe, Ortuella, Abanto-Zierbena eta Trapaga hartzen dituan inguruan. Azaldu dabenez ordutik epaitegietara joan dira sarritan, eta errekursorik onartzen ez daben eta eskubide hori bermatzen daben aldeko bost erabagi ditue. Halanda be, arazoek bardin jarraitzen dabe, eta egoera hori bideratzen laguntzeko eskatu deutsee talde politiko guztiei.