BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAKO OSOKOAK AHO BATEZ ONETSI DITU EA, IBARRANGELU, BUSTURIA ETA MURUETARAKO MUGAPEN BARRIAK
Gernikako Batzarretxean osoko saioan gaur alkartu diran Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez onetsi dabe Urdaibaiko lau udalerritako mugapenak aldatzea. Alderdi politiko guztien aldeko botoakaz aurrera urten dau Ea, Ibarrangelu, Busturia eta Muruetako udalerriak aldatzeko proposamenak, Iraskunde, Gobernamendu On eta Gardentasun Batzordearen aldeko irispenen ostean.
Holan, 2.997,63 m2 Muruetatik banandu eta Busturiaren esku geratuko dira, eta 1.658,56 m2 Busturiatik kendu eta Muruetan geratuko dira, Etxetxubarri eta Motorduene/Ganpe artean. Eako eta Muruetako aldaketari jagokonez, M17 eta M18 mugarrien artean beste mugarri bat jartera mugatuko da, gune bat Earen esku itziz.
Horren ostean, Osokoak EH Bilduk aurkeztu dituan itaunaren osteko mozino bi eztabaidatu eta bozkatu ditu, 11/2005 Foru Araua barriztetako eta adinekoen egoitzen ganeko 126/2019 Dekretura egokitzeko, alde batetik, eta, bestetik, Uriko Hondakinen Kudeaketarako Plan Integral barriaren idazketan gizartearen, teknikarien eta espezialisten eta Bizkaiko udalen parte hartzea bultzatzeko. Elkarrekin Bizkaia taldeak zuzenketa-eske bat gehitu deutso azken proposamen horri, gai horretan zeresana daukan erakunde bakotxagaz gitxienez bilera 2 egiteko eta herritarren partaidetzarako webgune bat zabaltzeko. Proposamena aurkeztu dauen taldeak zuzenketa-eskea onartu dau.
Proposamen biek ezezkoa jaso dabe, bozketetan emaitza berbera jasoz: kontrako 32 boto (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak), aldeko 15 boto (EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia) eta Talde Bereziaren / Bizkaiko Alderdi Popularraren abstentzinoa (boto 2).
Bizkaiko Batzar Nagusietako saioak EH Bilduk aurkeztu dauen Arauz Besteko Proposamen bategaz jarraitu dau, Bizkaiko Foru Aldundiari 2020ko aurrekontuak egiteko herritarren partaidetzarako proiektu pilotua diseinetako eskaria egiteko, lurraldeko eskualdeetan informazino saioak antolatuz. Arauz Besteko Proposamenak ez dau aurrera egin, EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia taldeen aldeko 15 botoak baino ez ditualako jaso, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek kontrako 32 boto emon ditue. Talde Berezia / Bizkaiko Alderdi Popularra abstenidu egin da.
Amaitzeko, Elkarrekin Bizkaia eta EH Bildu taldeek lurraldeko industria politikaren ganeko azterketarako batzorde bat sortzeko aurkeztu daben eskaria eztabaidatu da. Ez da onetsi, aldeko (EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia taldeen 15) baino kontrako (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen 31) boto gehiago izan ditualako, Talde Bereziaren / Bizkaiko Alderdi Popularraren abstentzinoagaz.
Ganera, gaurko osokoan, Jesús Ortiz Zaballa (Euskal Sozialistak) eta Amaia Ibernia Belamendia (Euzko Abertzaleak) batzarkideek euren kredentzialak jaso ditue, kargua beteteko ezelango bateraezintasunik ez daukiela egiaztau ostean.
Osokoaren une batean, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak Gernikako Batzarretxera ondo etorria emon deutse Aitor Esteban Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakari ohi eta gaur egun Diputatuen Kongresuan EAJ-PNVko bozeroalea danari eta Lehendakariak berak konbidauta Batzar Nagusietako saio bat ikustera etorri dan Estatu Batuetako German Marshall Fundazinoko ikasle talde bati.