Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusietako Bilboko eta Gernikako egoitzetara antolatu dan lehenengo bisitak arrakasta handia lortu dau

Hogeta hamar persona inguruk gozau eben atzo “Egun bat Batzar Nagusietan. Erakundearen zerak burutzen” ekimenagaz, Bizkaiko Batzar Nagusietako egoitzetara antolatu diran bisiten arteko lehenengoagaz. Atzo, Bizkaiko Batzar Nagusietako Bilboko egoitzea (Hurtado de Amezaga, 6) bisitau eben. Egoitza horretan arte garaikide bilduma garrantzitsua be badago. Bertan, lurralde historikoaren gobernazinoagaz erlazionautako gaiak eztabaidatzen diran Batzordeen Aretoaren buru dan Jorge Oteizaren “Guernica” brontzea azpimarratu daiteke.

Ostean, autobusez joan ziran Gernikako Batzarretxera, eta partaideek erakundeetako liderrei eta nazinoarteko agintariei emoten jakena moduko harrerea jaso eben: txistulariakaz eta ohorezko aurreskuagaz. Osokoen Aretoa eta beste barruti historiko batzuk ezagutu ostean, Iñaki Irigoien folklorista ezagunak, Batzarrak egiten ziran egunetan Gernikan benetako jai giroa sortzen zala kontau, eta protokolozko sinbolo batzuen esanahia azaldu eban, “Agur Jaunak” edo emakumeen eguzkidantzea, beste batzuen artean.

Lehenengo ibilbide honetarako leku guztiak atoan bete ziran, baina ekimenagaz gozau gura dabenek zemendiaren 7tik abenduaren 15era luzatuko diran beste sei bisitatarako izena emoteko aukerea daukie. Guztiak doban izango dira. Bisitak euskeraz eta gaztelaniaz izango dira, Bilboko egoitzan hasiko dira, eta daborduko emon leike izena enkarterrimuseoa@bizkaia.eus helbidera idatzita edo 94 650 44 88 eta 94 610 48 15 telefono zenbakietara deituta.

Bizkaiko Batzar Nagusiek kultur jarduerez betetako udagoiena antolatu dabe. Jarduera horreen artean “Batzarretik Batzarrera” ekimenaren lehenengo edizinoa azpimarratu behar da. Programa horrek, Bizkaiko Batzarretxeen egoitzak sakon ezagutzeko aukerea emongo dau.

Guztietan, lehenengo Bilboko egoitza administratiboa bisitauko da, eta gero autobusez joango da jagokon egoitzara. Bilboko egoitzea ikusi eta gero, zemendiaren 7an eta 9an Gerediagako Batzarretxea (Abadiño), zemendiaren 28an eta 30ean Gernikako Batzarretxea eta abenduaren 12an eta 15ean Abellanedako Batzarretxea (Enkarterrietako Museoa, Sopuerta) bisitauko dira. Holan, Batzar Nagusien funtzionamendua ezagutzeaz gain, egoitzek historian zehar euki daben egitekoaren ikuspegi historikoa lortuko da.