Aurreko Albisteak

Ahaldun Nagusiak Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluaren bileraren barri emon dau Bizkaiko Batzar Nagusietako Batzordearen aurrean

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, joan dan urriaren 11n egin zan Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluaren bileran landutako eukia azaldu dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasun Batzordearen aurrean. Azaldu dauenez, Bizkaiak 7.947,13 milioi euroko diru-bilketeagaz itxiko dau 2019a, hau da aurrekontuan jasotakoa baino 78,81 milioi gehiago (%1) eta 2018an baino %2,7 gehiago.

Rementeriak 2020rako aurreikuspenen barri be emon dau. Urte horretarako, PFEZren eta zeharkako zergen (BEZ eta zerga bereziak) bilketan hazkunde handiagoa aurreikusten da, eta murrizketea Soziedadeen Zergan, azkenengo urteetan gertatu dan moduan.

Halanda be, zehaztu dauenez, 2019an Bizkaian Soziedadeen Zergea dala eta 770 milioi euro biltzea aurreikusten zan, eta kopuru hori 785 milioi eurora heldu da. 2020an, zerga horren bitartez batzea aurreikusten dan kopurua 769,7 milioi eurokoa da.

Lurralde bakotxak erakunde komunei egin beharreko ekarpenen koefizienteei jagokenez, Bizkaiak aurton %50,41eko ekarpena egingo dau, eta 2020an %50,39koa. Ganera, Gizarte Zerbitzuetarako Ez Ohiko Funtsaren sorkuntzaren barri emon dau. 20 milioi euroko funts hori Eusko Jaurlaritzak (%70,04) eta Foru Aldundiek (%29,96) hartuko dabe euren gain.

Batzarretako taldeen esku-hartze txandan, Amaia Fernández Talde Bereziko / Bizkaiko Talde Popularreko bozeroaleak, “gastuan zuhurtasuna eta zorroztasuna” eskatu deutsaz Bizkaiko Foru Aldundiari, aurreikusten dan ekonomiaren moteltzea dala eta. Elkarrekin Bizkaia taldearen izenean, Eneritz De Madariagak, “beharginen ganean presino handiagoa eta enpresen eta fortuna handien ganean txikiagoa dagola” kritikau dau.

Ekain Ricok (Euskal Sozialistak), barriz, PFEZn ikusi dan diru-bilketaren handitzea “beharginen soldata baldintzen hobekuntzaren” ondorio dala esan dau. Arantza Urkaregi EH Bilduko bozeroaleak esan dauenez, “zerga sistemea ez da ez zuzena ezta ekitatiboa be”.

Bukatzeko, eta Euzko Abertzaleak taldearen izenean Jon Andoni Atutxak hartu dau berbea. Beste taldeei gogoratuazo deutsenez, BEZak “bardin zigortzen ditu errenta maila guztiak, bere eskumenak ez dagoz Bizkaiko Foru Aldundiaren esku. Gurako geunke!”.

Erantzunen txandan, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak adierazo dauenez, 2020an Euskadin BPGk %2ko benetako hazkundea izatea aurreikusten da. “Datorren urterako ez dogu agertoki txarragoa ikusten”, azpimarratu dau, eta horren ostean esan dau ez dabela ekonomiaren moteltzerik ikusten ez Bizkaian ezta EAEn. Rementeriak Batzarretako talde batzuen kritikei erantzun deutse, Soziedaden Zergea eta PFEZ bereiztuz. Azpimarratu dauenez, azken zerga hori “mundu guztiak ordaintzen dau”, errenta baxuenek izan ezik.

Eguneko gai zerrendako bigarren puntuan, buru nahasmendu larria daukien personei gizarte-osasun arretea emoteko Bizkaiko Foru Aldundiaren eta EAEren artean sinatu dan Lankidetzarako Hitzarmenaren kontra Talde Bereziak / Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztu dauen oposizino proposamena landu da. Proposamena ez da onetsi, beste talde guztiak kontra agertu diralako.