Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako Foru Sail barriak Agintaldi honetarako Plana aurkeztu dau Batzordean
Imanol Pradales, Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko Foru Diputatuak bere sailaren lehentasunak azaldu ditu gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako jagokon Batzordearen aurrean. Agintaldiko Planak jarduketak jasoten ditu esparru honeetan: Aldundiaren esku dagozan errepide sarearen eta txirrindularientzako bideen diseinua, eregitea eta kontserbazinoa, barrikuntzea bide azpiegituretan, 7.000 biztanletik beherako udalerrietako lurralde antolamendua eta urigintza planeamendua eta, bukatzeko, errepidekoak ez diran azpiegituren garapena eta eraikuntza, ingurumenekoak izan ezik.
Pradalesek iragarri dauenez, Bizkaiko Foru Aldundiko sail barriak bere gain hartzen ditu azpiegituren plangintza egile eta inbertitzaile rolak, alde batetik, eta lurraldearen eraldatzaile rola bestetik. Beste horrenbeste helburu estrategiko izango dituen hiru rol: lurraldearen orekea, azpiegituren hobekuntzea eta, bukatzeko, konektibidadea, errepideei jagokena, inbertsino proiektu handiak gauzatuz, eta digitala, errepide adimendunak euki ahal izateko.
Azpiegituren arloan, sailak azpiegitura estrategikoak eta eraldatzaileak eroango ditu aurrera Bizkaiarentzat. Horreen artean, Ekintzailetzarako Nazinoarteko Zentroa, Nagusi Intelligence Center, Ezkerraldeko Teknologia Parkea edo Energy Intelligence Center izenekoa dagoz.
Errepideen konektibidadeari jagokonez, hainbat proiektu azpimarratu behar dira, Bizkaia Metropolitarreko saihesbide barria, hegoaldeko Saihesbide Metropolitarraren eta AP-68aren arteko lotunea –une honetan lanak egiten ari dira, eta agintaldi honetan bukatuko da– eta itsasadarraren azpiko tunela. Ganera, herrien arteko txirrindularientzako bide sarea be aurrera eroango da.
Konektibidade ikutuezinari jagokonez, sailak teknologia barriak sartuko ditu “smart road” (errepide adimenduna) kontzeptuagaz erlazionautako errepideen kudeaketan. Errepide horreek ibilgailuaren eta azpiegituraren arteko komunikazinorako aukerea emoten dabe, zirkulazinoa hobetuz, trafiko pilaketak aurreikusiz edo larrialdien kudeaketea erraztuz.
Bizkaiko biztanle guztientzako aukera bardintasunean aurrera egitea da sailak lurralde orekaren arloan aurrera eroango dituan jarduketak gidauko dituan helburua. Horretarako, eskualdeen arteko orekea bultzatzeko inbertsinoak aktibauko dira, bide azpiegituretara zuzendutako bigarren Bidesarea planagaz, eta Meatzaldea, Ezkerraldea eta Enkarterri bizibarritzeko plan estrategikoetan hartuko da parte, eta baita jarduera ekonomikorako lurzoruaren sustapenean be. Agintaldiko planak zarataren kontrako eta errepide foru sarearen ingurumen arloko eragina txikitzeko neurriak be aurreikusten ditu.