Aurreko Albisteak

Bizkaiak badenen instalazinoari buruzko foru araudia apliketako eskatu deutse udalei

Batzordea

Bilbon, 2014ko apirilaren 4an

Bizkaian badenen eta zarata egiten daben banden instalazinoa ekainaren 22ko 88/2010 Foru Dekretu bitartez dago araupetuta Lurraldeko errepide foru sarean. Udalen esku dagozan bideetan ez da derrigorrez bete behar arau hori, baina udalek kontuan izaten, euren kaleetan abiadurea murrizteko elementu horreek instaletako orduan. Batzarretako taldeak ez dira ados jarri udalerri guztietan aholku horreek betetan diran ala ez esateko orduan, baina Bizkaiko Batzarrak aho batez onartu dau udalei alderdi hori araupetu daien edo, bestela, beste administrazino batzuen araudia eurenganatu daien eskatzea. Itziar Garamendi Herri Lanetako diputatuak be esan dau hori, Arartekoak gai horren ganean emondako aholkuak jasoz.

Aldundiko arduraduna Bizkaiko Batzarretako Herri Lan eta Garraioetako batzordera joan da gaur goizean, PP-k eskatuta, Bizkaian badenak eta alertako zeharkako bandak (AZB-BTA) jarteko baldintzak zeintzuk diran argitu daian, aginpideduna udala izan edo Aldundia izan, eta zeintzuk diran aitatutako segurtasun-neurriok jarteko eskatu behar diran baimenak eta emon behar diran pausuak. Bere berbetan, neurri horreen azken helburua “trafikoaren eta ingurunearen segurtasuna bermatzea da”.

Badenei edo abiadurea murrizteko gailuei jagokenez, ezin dira “Lehentasunezko” edo “Oinarrizko” sarean jarri, ezta uri barruko errepide baten lehenengo 50 metroetan be, eta ezta larrialdietako ibilgailuen edo txirrindularien presentzia ohikoa dan zatietan, beste batzuen artean. Arau orokor moduan, abiadurea txikia dan lekuetan baino ezin dira instalau, oinezkoak ibilten diran eta espaloiak dagozan puntuetan.

AZB-BTA-ei jagokenez, gidariari, abiadurea murriztu behar dauen leku batera hurreratzen dagoala edo bere arretea handitu behar dauela jakinarazo gura jakon lekuetan jarri behar dira, gehienetan herritarrak bizi diran lekuetatik kanpo, ibilgailuak igarotean sortzen dan “zarata dala eta”.

Garamendik gogoratu dauenez, arau horreek errepide foru sarean aplikau behar dira, baina ez udalen esku dagozan bideetan, “baina badakigu holango araubiderik ez daukien udalerri askok erreferentziazko eskuliburu moduan erabilten dabela”, esan dau. PP taldeari emondako erantzunean, diputatuak baieztu dau bide segurtasuneko elementu horreek instaletako beharrezkoa dala jagokon “egokitasun azterlana” egitea, eta azterlan hori berak zuzentzen dauen sailak edo uri barruko bideetan abiadurea murriztuko dauen elementua instalau gura dauen Udalak idatzi behar dauela.

PP eta PSE taldeen ustez, arau hori “ez da betetan” Udal askotan. “Beharbada, udal araua aldatu egin beharko litzateke”, esan dau Jesús Isasi popularrak. Gai horri “bueltea emon behar jako”, udalek “gura daben moduan” jarten dituelako, eta “gehienetan” ez dabelako foru araudia betetan, gehitu dau Joaquín Colmenero sozialistak.

EH Bilduk be gogoratu dau araua betetea ez dala derrigorrezkoa, baina, halanda be, Aitor Torrek ez dau uste ez betete egoerarik dagoanik. Dana dala, bere eretxiz, gai horrek “arreta handiagoa merezi dau”, badenek eragina daukielako “taxi eta autobus gidarien laneko osasunean”, eta zarata egiten daben bandak “arriskutsuak” diralako txirrindularientzat.


HORMIGOI PLANTEA GEREDIAGA-ELORRIO ERREPIDEAN

Beste alde batetik, Garamendik, Gerediaga-Elorrio autobidea eregiteko Abadiño eta Atxondo arteko mugan dagoan hormigoi plantaren instalazinoa errepide horren eraikuntza proiektuan zein lan horren Ingurumen Eraginari buruzko Adierazpenean jasota dagoala baieztu dau. Aurretik Aitor Torre EH Bilduko bozeroaleak hori ez dala holan esan dau. Bere berbetan, obra horretara hormigoia hornitzeko plantea “ilegala da, ez daukalako Abadiñoko Udalak emon beharreko jarduerarako lizentziarik”.

Diputatuak esan dau bere saila ez dagoala “ezelango ilegaltasunik” egiten. “Abadiñoko Udalari jagoko udal lizentzia beharrezkoa dan ala ez erabagitea”, esan dau, eta Nerea Ahedo jeltzaleak geroago baieztu dauenez, udalerriak ez dau ezer esan. “Udala bera da lizentzia beharrezkoa dan ala ez erabagi behar dauena. Aldundiari ez dala beharrezkoa iruditu jako, elementu auxiliarra dalako”, adierazo dau Ahedok.

Garamendik, errepide horren inguruan eten barik “zalantzak” sortzen ibiltea aurpegiratu deutso Torreri, Batzar Nagusietan “klasiko” bilakatuz, EH Bilduk ez dauelako bide horren beharrean eta erabilgarritasunean sinisten, baina koalizino abertzaleko bozeroaleak ezeztu egin dau hori guztia. “Bitxia iruditzen jat guzur batean edo errealidadea ez ezagutzean oinarrituz batzorderatze eskari hau sortzea, eta zuk Gerediaga-Elorrio errepidearen ganeko edozein abagune negatibo mahai gainean jarteko erabiltea”, aurpegiratu deutso diputatuak.


AGREGAKINEN GARRAIOLARIEI EGIN BEHARREKO ORDAINKETEN ATZERAPENA

Beste alde batetik, PSE-EE taldeak diputatuaren presentzia eskatu dau batzordean, herri lanen esleipenak dituen enpresen aldetik agregakinen garraiolariei ordaintzeko erabilten dituen epeen luzapena salatzeko, eta Aldundiari, horren gainean zer edo zer egin daitekean itauntzeko. Isaac Fernández sozialistak esan dauenez, enpresa batzuk epe horreek luzatzen ari dira. “kobretako epea bataz beste 210 egunekoa da, eta badagoz epe hori 350 egunetara luzatu dan kasuak”,Berankortasunaren aurkako uztailaren 5eko 15/2010 Legeak, “ordainketarako epea enpresen kasuan 60 egun baino gehiagokoa izan ez daiten” neurriak ezarten dituan arren.

Aldundiak “badaki” oso garrantzitsua dala beharra kobretako epeak betetea, eta, hori dala eta, foru herri lanen kontratuak arautzen dituen pleguetan beren beregi ezarten dira kontratistak, kobretea “legez ezarritako epeen barruan” bermatzeko dituan beharrak, eta ez beteteren bat gertatzen bada hartu beharreko neurriak jasoten dira.

Garamendik gogoratu dauenez ez ordainketaren bat gertatzen bada eta azpi-kontratistak Interbiak-i jakinarazoten badeutso, erakunde horrek erreklamautako kopuruari “eusteko” gaitasuna dauka, erreklamazinoa ebatzi arte. “Argi geratzen da jarrera proaktiboa daukagula, erreklamazinoak denpora eta modu egokian konpontzeko”, baina autortu dau Aldundiak “eskuak lotuta dituala”, aurretik, foru erakundeari legez kanpoko zer edo zer gertatzen ari dala jakinarazoten deutsan salaketaren bat jarten ez bada.

Isaac Fernández sozialistak adierazo dau “ondo ezagutzen dituala” jarduteko modu horreek, garraiolarien alkarteen bitartez, eta ez beteteak behin eta barriro ari dirala gertatzen, baina autonomoek gertakari horreek salatzeko bildurra daukiela, “salatu ezkero barriro ez dituelako kontratauko”. Jesus Isasik (PP) jardunbide horreek epaitegietan salatzea eskatu dau, eta Aitor Torrek (Bildu) herri lanetako esleipenak lortzen dituen enpresak gehiago zaintzeko eskaria egin dau. Dana dala, autortu dau Aldundiak “eskuak eta hankak lotuta dituala” salaketarik aurkezten ez bada.