Aurreko Albisteak

Aldundiak Bizkaiko zortzi industria eraikinetarako babesa eskatuko deutso Eusko Jaurlaritzari

Batzordea

Bilbon, 2014ko apirilaren 3an.

Batzar Nagusietako Kultura eta Euskera batzordeak, Bizkaiko geografian sakabanatuta dagozan hainbat industria aztarnetarako lege babesa eskatu dau. Bizkaiko Talde Popularrak (PP) aurkeztutako ekimenaren bitartez, Batzar Nagusiek eskaerea egingo deutsie Aldundiari, horrek, aldi berean, Eusko Jaurlaritzari eskaerea egin deion, Euskal Kultur Ondarearen Legeagaz bat etorriz, eraikin honeen “kontserbazinoa ondoen bermatuko dauen” babeseko lege neurria “aztertu eta onartu daian”: Orconerako karga gunea (Barakaldo), Riotinto Lehergaien Koloniak (Galdakao), Fábrica Española de Productos Químicos izenekoa (Leioa), La Navaleko 1 zenbakiko kai sikua (Sestao), Babcock & Wilcox (Sestao), Patalako zentral hidroelektrikoa (Berriz), Ormaza kontserba enpresaren eraikina (Bermeo) eta General Eléctrica Española (Trapagaran).

Batzarretako talde guztiak bat etorri dira, Eusko Jaurlaritzak eraikin horreek kontserbetako ahalegina egin behar dauela esatean, industriaren arloan “lagatako aztarnaren oroitzapena eta partea diralako”. Batzar Nagusien agindu hori jasoten daben arauz besteko proposamenak aho batez onartu dira, Riotinto Lehergaien Koloniak kontserbeteari jagokonean izan ezik, puntu horretan EH Bildu abstenidu egin da eta.


ZUGAZTIETAKO ERAIKIN BAT JAUSTEKO ARRISKUA

Batzorde berean, EH Bilduk aurkeztutako arauz besteko proposamena onartu da, Aldundiak jarrera aktiboa hartu daian, Trapagan dagoan Zugaztietako Madalena kaleko 1eko eraikinaren “arrisku egoereari behin betiko amaierea emoteko hartu beharreko neurriak hartu daizan”.

Batzar Nagusiek eskaerea egin deutsie Aldundiari, beharrezkoa bada, Kultur Ondasunari buruzko Euskal Legeak horretarako emoten dauen aukerea erabili daian, eta higiezinaren jaubeak, epe egoki batean, eraikinaren osotasuna gordetako eta herritarren segurtasuna bermetako aukerea emongo daben obrak egin daizan, “edo bestela Aldundia bera izan daiten obrak egingo dituana, jaubearen kontura”.

Onartutako ekimenak apustua egiten dau, baita, Aldundia Zugaztietako “Moltso Monumentalean” inplikautako erakunde guztiakaz alkartu daiten, neurri horreek guztiak martxan jarteko eta, beharrezkoa bada, eta jaubeak bere erantzukizuna betetan ez badau, haren kontra hartu beharreko neurriak agindu daizan.


TREN GELTOKIAK

Ganera, koalizino abertzalearen ekimenez, eskaerea egin da Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzara jo daian, Neguriko, Deustuko, Bilbo/Galtzadetako –gaur egungo Arkeologi Museoa– eta Derioko tren geltokiak ondasun kultural izendatu daizan. Arauz besteko proposamena ez da onartu, EAJ-PNV taldearen kontrako botoagaz. Talde horrek ez dau proposamenaren aldeko jarrerarik erakutsi gura izan, bere eretxiz geltoki horreetako bi –“Neguri eta Malloako Galtzadak”– babestuta dagozalako, eta besteen kasuan, Eusko Jaurlaritzak hasi beharreko espedienteak hasi ditualako “dagoaneko”. PSE-EE eta EH Bildu taldeek aldeko botoa emon dabe, eta PP abstenidu egin da, jeltzaleakaz bat etorri diralako eraikinak “ez dirala konparagarriak” esatean, ez dirala danak Batzarretako ekimen berean sartzeko modukoak.


GUGGENHEIM MUSEOA LONDRESEN


Azkenik, Josune Ariztondo Kultura diputatua, PP taldeak eskatutako agerraldiari erantzuteko joan da batzordera. PP-k, Boris Johnson Londresko alkateak, Guggenheim “markako” arte garaikide zentro bat bertan jarteko aukerari buruz “jaurtitakoari” eta horrek Bilboko museoan izan daikean eraginari buruzko azalpenak eskatu ditu.

Popularren eskaerea, zezeilaren 27ko “The Art Newspaper” aldizkari espezializauan argitaratutako albistean oinarritzen da. Bertan, Londresko alkateak, Guggenheimegaz eta beste kultur erakunde batzuekaz berbetan dabilela esaten dau. Ariztondok adierazo dauenez, “New Yorkeko Guggenheim museoko komunikazino zuzendariak goitik behera ezeztu dau hori”.

Diputatuak, PP taldeari emondako erantzunean, Estadu Batuetako museoaren arduradun horrek esandako berba berak erabili ditu. “Solomon R. Guggenheim Foundation erakundeak ez dauka ezelango alkarrizketarik Londreseko erakunde edo agintariakaz Guggenheim museo bat egiteko aukeraren inguruan, eta aurretik be ez dau gai horri buruzko ezelango alkarrizketarik izan”, esan dau.

Halanda be, Ariztondok gogoratu dau aldeen artean sinatutako akordioak dirala eta, New Yorkek Guggenheim Bilbao Fundazinoaren “aurretiko baimena” beharko dauela, fundazino amerikarrak Europan beste museo bat instalau gura izan ezkero.

PP-ko Arturo Aldecoak gai horren ganean adi egoteko gonbidapena luzatu deutso Aldundiari, Londres “oso etsai arriskutsua” dalako Bilboko museoaren etorkizunerako, ekonomiaren eta gizartearen aldetik daukan potentzial handia dala eta. Bizkaiko interesentzat “zenbat eta konpetentzia gitxiago, hobe”, baina aurreratu dau, benetako interesa euki ezkero, Londresek “ahalegin guztiak egingo dituala” akordio horreek ez betetako, Europan beste zentro batzuk eregiteko baimena emoteko orduan “giltza guk izan arren”.