Aldundiak adierazo dau Proiek likidetako konkurtso prozesua dala eta ezinezkoa dala San Mameseko beharren ez ordainketen arazoan bitartekari legez jardutea
Athletic taldearen zelai barria eregiten ari dan San Mames Barria soziedadeko kide legez, Aldundiak, Fagor taldearen barruan dagoan Proiek konpainiak azpi-kontratautako hamahiru enpresak bizi daben egoeran bitartekari lana egiteko “erabateko borondatea” erakutsi dau gaur. Konpainia horrek 2,4 milioi euro zor deutseez hamahiru enpresa horreei, “Katedral barrian” egindako beharrak dirala eta. Halanda be, PSE-EE-k preminaz eskatutako Batzar Nagusien aurreko agerraldian, José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantza foru diputatuak autortu dau oraindino konpondu barik dagoan Proiek-en likidazinorako konkurtso prozesua dala eta, une honetan ezinezkoa dala San Mames Barritik edozein mobimendu egitea edo enpresa horreei ezelango laguntzarik emotea.
Gai horri jagokonez, Iruarrizagak baieztu dau Athletic taldeak, Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiak, Bilboko Udalak eta BBK-k osatzen daben soziedade publikoak “bete egin dauela” Cerramientos ABEE-agaz sinatutako kontratua. ABEE horrek estalkiko behar batzuk eta itxidura Proiek enpresari azpi-kontratetea erabagi eban, eta denpora bat igaro ostean, enpresa horrek “ez eban hitzartutakoa bete”, egindako beharren “kalidadeari” zein “epeei” egokenez –diputatuaren berbetan–. Hori dala eta, “ABEE-ak kontratua balio barik itxi behar izan eban”.
Une honetan, San Mames Barriak ezin dau ezer egin Donostiako epaitegi batean zabalik dagoan konkurtsoa ebatzi arte. Hor jakin izan da enpresa horrek 11 milioi euroko zorra daukala hainbat hornitzailegaz, eta kopuru horren barruan egon daiteke Athletic taldearen zelai barria eregiteko beharretan parte hartu daben Bizkaiko enpresa txikiei eta ertainei zor deutsena. “Legez ezin dogu ezer egin” konkurtso hori ebatzi arte, beste hartzekodun batzuk be badagoz eta, esan dau Iruarrizagak, kontratua bete ez dauena Proiek dala, eta ez soziedade publikoa, gogoratu ostean.
Iruarrizagak gogoratu dau, baita, Proiek-ek ez ordaintzearen eragina jasan daben enpresak epaitegietara jo dabela ordainketa horreek eskatzeko, baina epaileak prozesua geratu egin dauela, konkurtsoa amaitu arte. Esan dau, zoritxarrez, konpainia horreetako arduradunak ez dirala San Mames Barria soziedadearengana zuzendu arazoa konpondu ahal izateko, eta holan egin izan baeben, legeagaz bat etorriko litzateken konponbidea bilakatzeko ahalegina egingo zala. “Enpresen artean bitartekari legez aritzeko esfortzu handiak ari gara egiten, baina kasu honetan likidazinoko konkurtso prozedura batean gagoz”, esan dau diputatuak barriro.
Batzarretako oposizinoko taldeek eskaerea egin deutsie Aldundiari, Bizkaiko enpresa txikiengan eragina daukan eta, EH Bilduko Joseba Gezuragaren berbetan, 14 behargin “kalean egotea” ekarri dauen gatazkan bitartekari legez aritu daiten.
PSE-EE-k gaiak daukan “lege konplexutasuna” ulertzen dau, baina baliabide publikoak erabiliz egin dan San Mameseko zelai barria moduko obra “enblematiko batean” Aldundiak “konponbide politikoren bat bilatu beharko leukela uste dau, enpresa horreek itxi ez daitezan”, Iñaki Egaña bozeroalearen berbetan.
Esther Martínez PP-ko bozeroaleak esan dau “ezin dauela sinistu ezer egin ezin daitekeanik”, eta Foru Aldundiak “ez dauela zer egin daitekean ondo aztertu” gehitu dau.
EAJ-PNV taldearen aldetik, Lorea Bilbao bozeroaleak enpresa horreen egoerea “oso injustua dala” autortu dau, baina ganerako taldeei esan deutse Foru Aldundiak ahalegina egin dauela “konponbidea bilatzeko”, “baina epaile batek hori ezin daitekeala egin dinoala”.
PIZGARRI FISKALEN ITZULKETARI BURUZKO EBAZPENAREN ZAIN
Beste alde batetik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek 50 milioi euroko zigorra jasateko arriskua daukien pizgarri fiskalei buruzko epaiketagaz lotuta, EH Bildu taldeak eskaerea egin deutso Aldundiari, Eleanor Sharpston EB-ko abokatuaren txostenean jasoten diran “baieztapen larriak” argitu daizan. Bertan, “opor fiskalei buruzko informazinoa ezkutau egin dala edo informazino hori jasoteko prozesua atzeratu egin dala” esaten da. Taldeak galderea egin deutso Ogasun diputatuari, bere eretxiz Aldundiaren kudeaketea Bizkaiko interesetarako “egokia” izan dan ala ez esan daian.
1996an Foru Aldundiek enpresei zuzendutako pizgarri fiskalak jarri ziran martxan, eta handik hamar urtetara Europar Batzordeak araudiagaz “ez etozala bat” esan eban. Denbora tarte horretan gertatu izan diran gertakizunak aztertu ostean, Iruarrizagak adierazo dau, Aldundiak, gai honetan, “Bizkaitarren interes orokorrak eta zergadun guztien segurtasun juridikoa landu, lantzen eta landuko dauela, Bizkaiko Batzar Nagusi honeek hartutako erabagien legetasuna defendiduz”.
Diputatuak zein Batzarretako EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeak, “datozan hilebeteetan” Europako Justizia Epaitegiak, Aldundiei eta Espainiako Erresumari hasera batean proponidutako zehapenari buruzko epaia emotearen zain egotearen alde agertu dira. Iruarrizagak gogoratu dauenez, “Estaduak emondako laguntzakaz erlazionautako gai bati historia osoan eskatutako zigor altuena da”. Laburbilduz, Europako erakundeek ulertzen eben laguntza horreen itzulketea ez zala 2008ko abuztuaren 26an baino lehen egin. Data hori zan Europar Batzordeak ezarritakoa.
Iruarrizagak horren guztiaren oinarria ezeztu dau, eta gogoratu dau Bizkaiak pizgarri horreen zenbatekoa “oso-osorik” berreskuratu ebala 2007an, “96,3 milioi euro printzipalaren kontzeptu legez eta beste 38,5 milioi euro interes moduan, pizgarriak jaso ebezan 43 enpresetatik 21ek ordaindutako kopuruak, hain zuzen”. Ganerako 22 enpresek “Europar Batasunak onartutako mugen barruan aplikau ebezan pizgarri fiskalak”. Foru Aldundiak horreek “amaituta geratzen zirala” ulertu eban, eta horren barri emon eutsan Europar Batzordeari, “200.000 dokumentazino orri inguru” aurkeztuz, gogoratu dau.
Europako epaitegiak zehapen ekonomikoa ezartearen aukerearen aurrean, Iruarrizaga ez dator bat “isuna jarteko beharragaz ezta isun horren zenbatekoagaz”. Isuna beharrezkoa da –bere berbetan– baten bat gurata ari danean, eta bere betebeharrak zer egiten ari dan jakinda betetan ez dituanean, eta ez errazoizko erespideak fede onez apliketan dituanean”.