Aurreko Albisteak

EGUENA, APIRILAK 3. PP alderdiak eskatzen dau "aztertu daitela" Bizkaiko industria ondareko zortzi eraikin babestea

Cargadero Orconera

Barakaldoko Orconeraren zamalekua

Bilbon, 2014ko martiaren 31an

Bizkaiko Talde Popularrak (PP) eskatu egin dau Bizkaiko iraganeko industria ondareko zortzi eraikinen lege-babesa. Horretarako, bada, Arturo Aldecoa batzarkideak beste horrenbeste Arauz Besteko Proposamen aurkeztu ditu, Batzar Nagusien Kultura eta Euskerako Batzordean eztabaidatuko diranak eguenean, apirilaren 3an. Arauz Besteko Proposamen horreen bidez, batzarkide popularrak gura dau Batzar Nagusiek eskatu deioela Aldundiari Eusko Jaurlaritzara jo dagiala eta, Euskal Kultur Ondarearen Legeagaz bat etorrita, aztertu eta onartu daitela babesteko lege-figurarik egokiena hurrengo eraikinotarako: Barakaldoko Lutxanako Orconeraren zamalekua, Galdakaoko Explosivos Riotinto Kolonia, Fábrica Española de Productos Químicos FAESen Leioako lantegi-multzoa, Sestaoko La Naval enpresako 1 zenbakidun dike lehorra, Sestaoko Babcock & Wilcox lantegi-multzoa, Berrizeko Patalako zentral hidroelektrikoa, Bermeoko Conservas Ormaza enpresaren eraikina eta Trapagaraneko General Eléctrica Española enpresearen lantegi-multzoa.

Beste alde batetik, Batzordearen bilera berean beste Arauz Besteko Proposamen bi eztabaidatuko dira, bat PPrena eta bestea EHBildurena, biak be Zugaztietako Magdalena kaleko lehenengo zenbakian dagoan etxebizitzaren egoerea txarrera joan ez daiten neurriak hartzea eskatzen dabenak.

Era berea, talde abertzalearen ekimenez, eskatu egin gura jako Aldundiari “Eusko Jaurlaritzari galdegin diezaiola Deustu, Bilbo/Galtzadak —gaur egun Arkeologi Museoa dana— eta Derioko trengeltokiak kultura-ondasun kalifikatutzat jo ditzan”.

Amaitzeko, PP alderdiak eskatuta dauka Josune Ariztondo Kulturako Foru Diputatu andrearen batzorderatzea, argibideak emoteko Guggenheim Museo barria Londresen jarteko proiektuaz Aldundiak dituan datuei eta horrezaz daukan eretxiari buruz.

Lotutako artxiboak: