Aurreko Albisteak

Martiak 28. EH Bilduk proposatzen dau Urdulizen Metroa lurperatzeko lanak azkartzea, ospitale barria laster edegiko da-ta

Urduliz

Bilbon, 2014ko martiaren 27an

Bariku honetan batzartuko dan Herri Lan eta Garraioetako Batzordean aztergai izango da, besteak beste, EH Bildu Taldeak aurkeztutako ekimen bat, Urdulizeko eskualde ospitalea edegiteak trafikorako izango dituan ondorioei buruzkoa. EH Bildu Taldeak aurkeztu dauen Arauz Besteko Proposamenak planteatzen dau Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak “ahalik eta arinen” bultzatu dagiala metroa lurperatzeko lanak eta “era berean, bai metroaren maiztasuna eta, zelan ez, Mungialdetik datorren Bizkaibus zerbitzuaren maiztasuna handituz”.

EH Bilduren aburuz, ospitalea edegiteak “arazoak” eragingo ditu sarbideetan, eta hori kontuan izanik, Aldundiari eskatzen deutso “Osakidetza, Bizkaiko Garraio Partzuergoa, Urdulizko eta Sopelako udalekin batera batzar bat egin dezala… irtenbide egokiak elkarlanean bilatzeko”. “Eskualdeko ospitalearen sarbideak, sistema lokal moduan utzi beharrean, eskualde errepide sistema izendatu dezala” be eskatzen dau Talde abertzaleak. Socialistas Vascos Taldeak (PSE-EE) zuzenketa-eskea aurkeztu dau, proposamenaren azken puntua kentzeko; sozialisten ustez errepidearen sailkapena aldatzea “ez dago borondate politikoaren pentzu, indarrean dan legeagaz bat etorri behar dau eta”.


BATZORDERATZE-ESKEAK

Itziar Garamendi Herri Lan eta Garraioetako Foru Diputatu andreari zuzenduriko batzorderatze-eske bi be gauzatuko dira batzordearen bileran. Bizkaiko Talde Popularrak (PP) gura dau Foru Diputatu andreak argibideak emotea neguko azken tenporalen ondorioz Bakio-Bermeo errepidea itxi izanari buruz. EH Bilduk “presaz” batzorderatzeko eskatu deutso Diputatu andreari, argibideak emon dagizan “Autzaganeko tunelaren inguruko obrak direla eta, Oka ibaian izandako isurketei buruz”.

Lotutako artxiboak: