Batzar Nagusiek onartu egin dabe zerga barriak egokitzen dituan Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren akordioa berresten dauen Foru Araua
Gernikan egindako Batzar Nagusietako osoko bilkurak aho batez onartu dau joan dan urtarrilaren 16an Madrilen egindako Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren azkeneko bileran sinatutako akordioa berresten dauen Foru Araua. Arau horren bitartez, araubide komuneko tributu sisteman sartutako zerga barriak egokitzen dira. Horreen artean Itunaren edo Kontzertuaren beraren aldaketea azpimarratu behar da.
Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatuak itun horrek jasoten dituan euki garrantzitsuenak azaldu deutsez Batzarretako taldeei. Aldaketa horreetako gehienak, orain denpora gitxi Lurralde Komuneko tributu sisteman sartutako zerga barrien beharrezko kontzertazinoaren ondoriozkoak dira. Horreen kudeaketea Foru Aldundien eskuetara pasauko da.
Sektore elektrikoari buruzko hiru zergak dira, Energia Elektrikoaren Produkzinoaren balioaren ganeko Zergea, Gastautako Erregai Nuklearraren eta Hondakin Erradiaktiboen Produkzinoaren ganeko Zergea, eta Gastautako Erregai Nuklearraren eta Hondakin Erradiaktiboen Biltegiratzearen ganeko Zergea. Foru Arauak Negutegi Efektuko Gas Fluoratuen gaineko Zergea, Kreditu Erakundeetako Gordailuen ganeko Zergea eta Joko Jardueren ganeko Zergea be jasoten ditu.
Sei zerga horreez gain, Batzar Nagusiek, irabazien ganeko atxikipenen barruan, loteria eta apustu jakin batzuen sarien ganeko grabamen bereziari buruzkoak kontzertetea be onartu dau. Horreek, bakotxaren araudiaren arabera, Estaduko Administrazinoak edo lurralde bakotxean eskumenak dituan Foru Aldundiak eskatuko ditu, sariaren irabazlearen ohiko bizilekua edo helbide fiskala Euskadin edo Euskaditik kanpo egotearen arabera.
Batzarretan aho bateko adostasuna lortu bada be, EH Bilduk kritikau egin dau Madrilegaz zerga barri horreek negozietako jarraitu dan prozedurea. Talde horren eretxiz, prozedura hori beste Aldundiak eta talde politikoak kontuan izan barik egin da. Ganera, arauaren eukia “garrantzi gitxikoa” dala esan dau. “Gai garrantzitsu guztiak albo batera itxi ditue, Gizarte Segurantzaren eskumena, adibidez, gauza txikiak lortzeko”, esan dau Asier Vega batzarkideak.
Ganerako taldeek “erakundeen arteko alkarlanari” esker lortutako akordioa txalotu dabe. “Beste akordio batzuetarako atea zabaldu daike”, autortu dau Jon Andoni Atutxa jeltzaleak.
AHO BATEKO AKORDIOA FINANTZETAKO EUSKAL KONTSEILUAN
Izaera ekonomikoa eukien gaien artean, Socialistas Vascos (PSE-EE) taldeak osoko bilkuran egindako Itauna egon da, Jose Luis Bilbao Ahaldun Nagusiak Finantzetako Euskal Kontseiluak (FEK-CVF) 2014ko otsailaren 13an izandako bileran lortutako akordioari buruzko argibideak emon daizan.
Ohiko bilera haretan, FEK-CVF-k, 2013. ekitaldiko kontzertautako tributuen diru-bilketea ixtea, Foru Aldundiek Eusko Jaurlaritzari urte berean egin beharreko ekarpenak likidetea eta Doikuntzako Funts Orokorra likidetea erabagi eban. Balantzeen eguneratzearen ondoriozko baliabideen ekarpenari jagokonez, Kontseiluak, Kontseilua bera osatzen daben lau erakundeen –Eusko Jaurlaritza eta hiru Foru Aldundiak– arteko banaketea be onartu eban, baliabide horreen esleipen orekatua lortzeko asmoagaz.
Batzarretako talde sozialistak, Eusko Jaurlaritzaren eta hiru aldundien artean Kontseiluan lortu dan itunagaz “erabateko desadostasuna” erakutsi dau, eta adierazo dau Ekarpenen Legean oinarritutako gaur eguneko banaketa sistemea “barrikustea beharrezkoa dala”.
Iñaki Egaña bozeroaleak gogoratu dauenez “desadostasunaren zergaitia, Legez ezarritako banaketaren formularen arabera, Arabako eta Gipuzkoako lurraldeek, kobrau ez daben kopurua entregau behar dabela zan”, eta hortik ondorioztatzen da, bere berbetan, “aldeak, bilerara arauaren aplikazinoak eragindako doikuntza faltea konpontzeko asmoagaz joan dirala”.
Bere erantzunean, Jose Luis Bilbao Ahaldun Nagusiak gogoratu dau 2013an Eusko Jaurlaritzari egindako ekarpenen kitapenean “aho bateko akordioa” egon zala lau administrazinoen eta “mahai haretan jarritako hiru alderdi politiko desbardinen” artean, eta sozialistak “ez zirala mahai haretan egon”, baina “beste batzuetan egon izan dirala”.
Halanda be, Bilbao bat etorri da Egañagaz, Ekarpen Lege barri baten “negoziazinoari eta onespenari ekitea” beharrezkoa dala esatean, luzapen fasean dagoan gaur egunekoak “jasoten dauena jasoten dauelako, zelan egiten dan banaketea eta koefiziente horreek zelan kalkuletan diran”. Holan, esan dau, bere asmoa, Ekarpen Lege barri hori “ahalik eta adostasun handienagaz onestea dala”.
BIKOIZKETAK SAIHESTEKO TXOSTENA
Beste alde batetik, Bizkaiko Batzar Nagusiak Euzko Abertzaleak Taldeak (EAJ) eta Socialistas Vascos Taldeak (PSE-EE) batera aurkeztu daben Arauz Besteko Proposamena onartu dau. Proposamen horren bitartez, Aldundiari eskaerea egiten jako “oraingo bilkura aldi honen barruan foru egitura publikoaren txosten zehatza egin, eta etorkizunean egitura hori barriro dimentsionetako plan berezia aurkeztu daian, erakundeak sinplifiketako, koordinetako, eta erakundeak eta gastu arrunta murrizteko helburuagaz”. Ekimena onartu egin da, proposamena aurkeztu daben taldeen laguntzagaz. EH Bildu eta PP taldeak abstenidu egin dira.
Iñaki Egaña bozeroale sozialistak eta Koldo Mediavilla batzarkide jeltzaleak defendidu daben ekimenean, eskaerea egiten jake Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari, alkarrizketa eta lankidetza prozesua hasi daien, erakunde bien artean, ekintza komunak eta partekatutako estrategiak egituratzea beharrezkoak diran arloak eta esparruak identifikau daiezan, “bikoiztasunak eta gabeziak” saihesteko.
Bere parte hartzean, Koldo Mediavilla EAJ-PNV-ko batzarkideak, talde sozialistak eta jeltzaleak “seguruenez hobetu gura dogun eskema instituzionalaren aurrean ikuspegi desbardinak eta martxan jarri beharreko neurri desbardinak izango doguzala” onartu dau, baina “egitura instituzionala hobetzeko borondateak alkartzen gaitu”.
Erakunde demokratikoek orain arte egindako lanaren “saldoa” “guztiz positibo” gisa balorau ostean, bere eretxiz beharrezkoa da “gogoeta nasaia eta sakona egitea, zer garan eta zelan hobetu daikeguzan Euskadiko ekintza instituzionala egituratzen daben tresnak".
Iñaki Egaña batzarkide sozialistak, bere aldetik, “krisiak, herrialde moduan daukaguzan gabezien espiluaren aurrean jarri gaituela” esan dau, eta gaur egun Euskadi “gaindimentsionauta dagoala administrazinoari jagokonez, eta hori aztertu behar dan gauzea dala” adierazo dau.
Euskadi “batak bestea zapaltzen dauen eta alkarren artean talka egiten daben hiru maila instituzional, lau, Gobernu zentrala kontuan hartzen badogu eta bost EB kontuan hartzen badogu, dituan herrialde txikia dala” esan ostean, “oparoaldi garaietan administrazino guztiek onartu dabela gastu publikoaren hazkundea adierazo dau, egiten ebezan gauzen eskumena eurena zan ala ez larregi begiratu barik, alboko administrazinoak gauza bera egiten eban ala ez kontuan euki barik”.
Bere ustez, “beharrezkoa da neurri zorrotzak hartzea, eraginkortasunaren bidean aurrera egin ahal izateko eta gure administrazinoetan beharrezkoak ez diran gastuei amaierea emoteko”, ezinezkoa dalako “ekintzailetzea sustatzen daben 250 enpresa publiko eukitea”.
Esther Martínez PP-ko bozeroaleak adierazo dau EAJ-PNV eta PSE taldeen ekimena "bluf" bat dala, “akordioak eta konpromisoak lortzeko beharragaz apaindu daitekeala”, baina “ezin dala jeltzaleek eta sozialistek orain sei hilebete adostu eben gauza bat” hona ekarri eta “instituzionalizau”.
Bere eretxiz, Bizkaiko administrazinoan “oraindino konpondu barik dagoan gai nagusia”, herritarrei “denporea ez galduazotea” da. Bere ustez ez da beharrezkoa “hain oinarri ahula” daukan proposamena administrazinoan alkarrizketa prozesua zabaltzeko, “alkarrizketa prozesu hori beti indarrean egon behar dalako”.
EH Bilduko Joseba Gezuraga batzarkideak, bere aldetik, “koordinauta ez dagozan” politika guztiak kritikau ditu, eta Etxebizitzako Foru Plana jarri dau adibide moduan. Bere taldeak, zerbitzu publikoetan dagozan “bikoiztasunak” salatzen dituen zuzenketa-eskeak aurkeztu ditu, eta Udal Legea egitea eskatu dau, baina ez bata eta ez bestea ez dira onartu. Esan dau zoritxarrez “berandu” heldu garala Administrazinoa eraginkorragoa izan daiten lortzera, eta baliabideen eskasia heldu behar izan dala batzuek gauza batzuk aldatu egin behar dirala ikusi daien.
MUNDUKO FORO EKONOMIKOAREN ASTINDUAK
Joan dan martiaren 3an Bilbon egin zan Munduko Foro Ekonomikoa dala eta Bizkaiko uriburuan egon ziran indarkeriazko gertakariek berbetako gai dira oraindino be. Christine Lagarde NDF-FMI-ko presidentea, Mariano Rajoy Estaduko presidentea eta Europako hainbat agintari Bilbon alkartu ebazan topaketak beste eztabaida bat eragin dau Batzar Nagusietan, PSE-EE eta EH Bildu taldeek ekimen bi aurkeztu dituelako. Sozialisten arauz besteko proposamena onartu egin da EAJ-PNV eta PP taldeen aldeko botoagaz; koalizino abertzaleak aurkeztutakoa, barriz, ez da onartu, jaso dituan aldeko boto bakarrak EH Bilduko batzarkideenak izan dira-ta.
PSE-EE taldeak aurkeztutako arauz besteko proposamenak, egun horretan Bizkaiko uriburuan izandako kaleko indarkeria “gaitzesten” dau, eta “alkartasuna erakutsi gura dau” zauritutako ertzainagaz, eta, Iñaki Egaña Batzar Nagusietako bozeroale sozialistak adierazo dauenez, Bilbok inoz jasan dituan kaleko indarkeria ekintza “larrienen” biktima izan ziran beharginakaz eta oinezkoakaz.
Proposamena aurkeztu dauen taldeak PP-ren hainbat zuzenketa-eske gehigarri onartu ditu. Zuzenketa-eske horreetan eskaria egiten jake Batzar Nagusiei, “Bilboko Uriaren kontrako indarkeria ekintza antolatua egon zala eta eragin zan indarkeria eta sarraski irudiak, gure enpresek eta turismoak atzerrian izen ona lortzeko egiten daben lana kaltetu egiten dauela” adierazo daian. Horrez gain, “alkartasuna erakutsi gura jake erasoak jaso ebezan Bilboko merkataritzari, ostalaritzari eta zerbitzuen sektoreari eta merkatari guztiei”. Ganera, zuzenketa-eske horreetan “eskaerea egiten da idea, gizarte eta politika eredu aniztasunaren defentsan, etikaren, demokraziaren eta indarkeria ezaren balio bakarrean oinarrituta. Ez dago indarkeriaren erabilerea justifiketan dauen helburu politiko, ekonomiko edo sozialik”.
“Euren buruei emondako aginteagaz eta legitimitateagaz, sarraskia leku guztietara zabaltzeko eskubidea daukiela uste dabenek bultzatutako benetako infernua” sortuz indarkeria erakutsi ebenen kontrako salaketari, beste salaketa bat gehitu deutso Iñaki Egañak, “modu okerrean Troika deitutakoaren” neurri “basatien eta ez gizatiarren” kontrakoa, eta gaur eguneko sistema kapitalistak “milaka pertsonari eragindako kalte konponezina ez dauela kontuan izan” salatu dau.
Indarkeriazko ekintzei jagokenez, bere eretxiz “gertakari tristeak eta lotsagarriak dira, eta horreen aurrean egin daitekean gauza bakarra gaitzespen argiena eta gogorrena adieraztea, eta kalte gehien jasan ebenakaz alkartasuna erakustea da, zauritutako ertzainakaz eta gure eskubide estadua eta gure demokrazia inolaz be defendiduten ez daben basati horreen erasoak eta mehatxuak jasan ebezan beharginakaz”.
PP taldea, sozialisten proposamena “hobetzeko” aurkeztu dituen zuzenketa-eskeak onartu eta gero, EH Bildu taldearen proposamenaren kontra agertu da, esan dauenez “zuekaz ogerlekoak batzera be ez, pixka bat sakondu ezkero, lehenengo agertzen diranak azkorea eta sugea diralako”. “Ibilpide luzea daukazue oraindino demokraziara heltzeko”, adierazo deutso koalizino abertzaleari.
EH Bildu taldea, Irune Soto bozeroalearen eskutik, gertatutakoaren “kontra agertu da”. “Gertautakoa ez jaku ondo iruditzen” esan dau Sotok, baina horren ostean adierazo dau kaleetan gertatutakoaren “errudunak” “Guggenheim museoaren barruan” egozanak dirala, “murrizketan eta prekarietatean oinarritutako politikak bultzatzen dituelako”. “Zer da indarkeria ekintza handiagoa, denda bateko kristalak apurtzea ala Lagarderen neurriak apliketea?”, galdetu dau Batzar Nagusien aurrean.
EH Bilduren bozeroaleak uste dau gizartearen gehiengoak ez eutsela ongi etorria emon “agintzaileei”, baina “gure ordezkariek”, barriz, bai. “Murrizketa gehiago” egiteko eskatzea “probokazinoa” da.
Esther Martínez PP-ko Batzarretako bozeroalearen ustez, “ez dago indarkeriaren erabilerea justifiketan dauen helburu politiko, ekonomiko edo sozialik”. Ez dago inolako justifikazinorik, “eta uste dot ona dala erakunde guztiek indarkeria gaitzestea”. Ezker abertzaleari esan deutso, zoritxarrez, barriro be indarkeriazko ekintzak “ez gaitzestea” erabagi dauela, ganerako taldeek Bilboko Udalean egin eben moduan.
Lorea Bilbao EAJ-PNV-ko bozeroalea bat etorri da PP eta PSE-EE taldeakaz, “justifikazinorik ez daukien indarkeria” ekintzak gaitzetsi behar dirala esatean. “Indarkeriazko jarrerek, defendiduten dituenen aukerak, ideologiak eta printzipioak balio barik ixten laguntzen dabe”. Adierazo dauenez, “posible da eredu ekonomiko bat defendidutea beste modu bateko eredua daukanaren kontra indarkeria erabili barik, eta haserrea, gizarte gatazkak eta bildurra eragin barik eta triskantzak sortu barik”.
Bilbaok euskal agintarien jarrerea defendidu dau, forora “erantzukizunarengaitik” joan zirala esanez. Bertan egozanen politikakaz bat etorri ez arren, “bilera horretaz baliatuz, gure politikak zabaldu eta azaldu genduzan, ezin garalako isilik egon horretarako aukerea emoten jakunean, baina aurrean daukagunari biraoak egin barik edo bere kontra indarkeria erabili barik”, esan dau.
HEGOALDEKO TRENBIDE SAIHESBIDEAREN ALDEKO APUSTUA
Horrez gain, Osoko honetan eztabaidatzeko beste arauz besteko proposamen bat aurkeztu dabe. Horren bitartez, alde batetik, Bizkaiko Batzar Nagusiek “Seranteseko Tunela martxan jarteaz Sustapeneko Ministerioak egindako iragarpena errefusatu daiela lortu gura da, horrek Bilboko Portutik datozan merkantzien trenak RENFEren Aldirikoen 2. linearen ibilpidea (Muskiz-Bilbo) erabiltea dakarrelako”; eta bestetik, “Hegoaldeko Tren Saihesbidea egiteko eskaria egin deiola Sustapeneko Ministerioari”. Batzarkide sozialisten aldeko botoa jaso dauen ekimenak PP eta EH Bildu taldeen kontrako botoak jaso ditu, eta EAJ-PNV abstenidu egin da.
Javier García PSE-EEko batzarkideak gogoratu dau Seranteseko Tunela Bilboko Portuko merkantzien trafikora zabaltzea “oso kaltegarria” izango litzatekela Urtuellako eta Trapagako biztanleentzat, trenak “goizez, arratsaldez eta gauez ibiliko litzatekezalako etxebizitza batzuetatik hiru metrotara”. Tunela zabaltzeak “eragina izango dau Renferen aldirietako lineako erabiltzaileen segurtasunean”. Linea horretan “egunero ibiltzen diran 90 trenak eta 3 milioi erabiltzaile baino gehiagok” Portuko merkantzien konboiakaz batera ibili beharko litzatekez. “Hegoaldeko Trenbide Saihesbidea eregi aurretik tunela zabaltzeak ez dauka inolako zentzurik”, esan dau.
EH Bilduk zuzenketa-eske bat sartu dau testuan, beste eskari batzuen artean, saihesbidearen eraikuntzarik eskatuko ez leuken beste alternatiba bat bilatzeko, “ingurumenaren aldetik kalte handiak” ekarriko ditualako. Zuzenketa-eskeak ez dira onartu, PSE-EE taldearen eretxiz, dagoaneko “adostuta” dagoan proiektua “atzeratzea” ekarriko leukelako.
Jesus Isasi PP-ko bozeroaleak esan dau bere alderdia izan zala bere egunean trenbidearen saihesbidea bultzatu ebana, eta bere alderdia izango dala tunela zabalduko dauena “lehendik egozan arazoak konpontzeko eta herritar guztiei, Bizkaikoei eta kanpokoei, eta Portuan behar egiten daben enpresei, zerbitzua emoteko”. Isasik adierazo dau ezin dirala “lurperatuta itxi lur-azpiko lan hori egiteko gastau diran 50 milioi euroak”.
EAJ-PNV taldeak “ez dau tunela saihesbide barik ulertzen”. Bere osotasunean, Portutik trenbidez urtetan daben 800.000 tona merkantziei urtenbidea emoteko beharrezkoa dan” azpiegituraren saihesbidearen “beste pieza bat da”, esan dau Nerea Ahedo batzarkide jeltzaleak. Datozan urteetan Santurtzin aurreikusten dan hazkundea dala-ta, gaur eguneko azpiegiturak –tunela eta bide bakarreko trenbidea– “ez dira nahikoak izango”. Bere ustez, tunela zabaltzeak “eragin negatiboak” izango ditu garraio publikoan eta inguruko herrietan.
Ahedok salatu egin dau, baita be, une honetan ez dagoala loturarik tunelaren eta Renferen C2 linearen artean, eta harrituta agertu da, Sustapen Ministerioak, Amaiur taldeak Kongresuan egindako itaun bati erantzunez, gaia “aztertu egingo dala” erantzun ebalako eta PP-k, gaurko Osoko bilkuran, Seranteseko tunela zabaldu egingo dala iragarri dauelako.
Ahedok salatu dauenez, 2008. urtetik saihesbidearen ganerako zatiak eregiteko aukera egon da, baina ez PSOE-k ezta PP-k be “ez eben egin”. “Kontua ez da tunela bai edo tunela ez. Kontua Hegoaldeko Trenbide Saihesbideagaz aurrera jarraitzearen aldeko apustua egitea da, arazoen konponbidea izango dalako”.
GARRAIORAKO TXARTEL BAKARRA
Osoko Bilkurak ez dau onartu EH Bilduren itaun batetik sortutako mozinoa. Mozino horretan eskaerea egiten jakon Aldundiari, Bizkaiko Garraio Agintaritzaren barruan, garraio publikoko txartel bakarra sortzeko beharrean “aurrera egiteko” ardurea hartu daian eta martxan jarteko emon beharreko pausuak emon daizan. Koalizino abertzalearen ekimena ez da onartu, aldeko 20 boto (EH Bildu eta PSE-EE) eta kontrako 30 boto (EAJ-PNV eta PP) jaso ditualako. Beste errazoi batzuen artean, popularrek ez dabe aldeko botorik emon gura izan, ekimenak, oraindino eratu barik dagoan erakunde bati eskaerea egitea eskatzen dauelako; jeltzaleen ustez, txartel bakarragaz bilatzen dan tarifen batasuna gatxa da “ikuspegi teknikotik”.
ALDUNDIAREN LAGUNTZAK LANKIDETZARAKO
Daborduko ohiko bihurtu danez, Osoko Bilkurea, Aldundiak ahoz egindako hainbat itauni erantzunez amaitu da. Horreetako baten bitartez, EH Bilduk baieztu gura izan dau ea Aldundia dan aurton garapenerako lankidetzarako laguntzei buruzko laguntzakaz “jarraitzen dauen” euskal lurralde “bakarra”, zezeilaren 18an bere web gunean argitaratutako albistean adierazoten dan moduan. Egun horretan onartutako foru dekretuak 4,3 milioi euro batzen dituen diru-laguntzak araupetzen ditu 2014. urterako.
Pilar Ardanza Gizarte Ekintzako diputatu andreak adierazo dau Aldundiak ez eukala “guzurrik esateko inolako asmorik”, Bizkaia, lankidetzagaz eukan konpromisoagaz jarraitzen dauen lurralde “bakarra” zala esatean. “Esan gura genduan Bizkaia dala, Autonomia Erkidegoan lortutako akordioetan oinarrituta martxan jarri zan garapenerako lankidetzaren lehenengo foru plan zuzendariaren babespean, 2009an hasitako lanari jarraipena emon deutsan bakarra”, esan dau.
EH Bilduko Amaia Agirresarobek, bere aldetik, esan dau Gipuzkoak bere aurrekontuaren “%0,59" bideratzen dauela lankidetza programetara, Bizkaiak “%0,30” bideratzen dauen bitartean. Adierazo dauenez, zoritxarrez, Bizkaiko lurraldean gai horretara bideratutako diruak “%50” murriztu da.
AKUSAZINO PARTIKULARRA
Koalizino abertzaleak, Foru Gobernuak, “Zambrana auzian” inputauta dagozan zenbait bizkaitarren kontrako legezko ekintzak bultzatuko dituan galdetu dau, Irune Sotoren berbetan EAJ-PNV-ko militante dan Iosu Arrutiren eta bere semearen kasuan, batez be. Itaunari erantzunez, Jose Luis Bilbaok adierazo dau Aldundia akusazino partikular moduan aurkeztu dala auzi horretan “Bizkaiaren interes publikoa defendiduteko”. Zergadunak “izen bat edo beste bat daukan kontuan euki barik”.