Aurreko Albisteak

Martiaren 26an, eguaztenean, Batzar Nagusien Osoko Batzarra Gernikan

Gernikako zuhaitza

Bilbon, 2014ko martiaren 25ean.

Aste honetako eguaztenean, martiaren 26an, Bizkaiko 51 batzarkideak deituta dagoz Gernikako Batzarretxean egingo dan Osoko Batzarrera, bertan eztabaidatu eta, halan erabagi ezkero, onartzeko foru arau proiektu bat, itaun bat, mozino bat, lau arauz besteko proposamen eta ahozko erantzun-eske bi. Aztergaion artean azpimarratzeko modukoa da Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak 2014ko urtarrilaren 16an hartu eban lehenengo akordioa berrestea. Ekonomiaren arloko beste aztergai batzuk be izango dira, esaterako Socialistas Vascos Taldeak (PSE-EE) Ahaldun Nagusiari aurkeztu deutsan Itauna, Finantzetako Euskal Kontseiluak 2014ko otsailaren 13an izaniko bileran lortutako akordioari buruzko argibideak emon dagizan.

EH Bildu Taldeak mozinoa aurkeztu dau Bizkaiko Batzar Nagusiek Aldundiari eskatu deioen “Bizkaiko Garraio Agintaritzaren baitan Bizkaian eta gainontzeko lurraldeetan garraio txartel bakarra izateko urratsak emateko ardura bere gain har dezala”.


ARAUZ BESTEKO PROPOSAMENAK

Lehenengo eta behin, Euzko Abertzaleak Taldeak (EAJ) eta Socialistas Vascos Taldeak (PSE-EE) batera aurkeztu dabena eztabaidatuko da. Horren bitartez, Aldundiari eskatzen jako “oraingo bilkura aldi honen barruan foru egitura publikoaren txosten zehatza egitea, eta etorkizunean egitura hori birdimentsionatzeko plan berezia aurkez dezala, erakundeak sinplifikatzea, koordinatzea, eta erakundeak eta gastu arrunta murriztea xede”. Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen deutsie elkarrizketa eta lankidetza prozesua hastea, “elkarrekin jardun eta estrategia partekatuak beharko diren gai eta esparruak identifikatzeko, eta Euskal Autonomi Erkidegoan lan egiten duten erakundeen funtzionamenduan eman daitezkeen balizko bikoizketa eta gabeziak saihesteko eta konpontzeko”.

Sozialistek Osoko honetan eztabaidatzeko beste arauz besteko proposamen bat aurkeztu dabe, zeinen bitartez lortu gura dan, batetik, Bizkaiko Batzar Nagusiek “errefusatu dagiela Seranteseko Tunela martxan jarteaz Fomentoko Ministeritzak egindako iragarpena, horrek dakarrelako Bilboko Portutik datozan garraio-gaien trenak RENFEren Aldirikoen 2. linearen ibilbidea (Muskiz-Bilbo) erabiltea”; bestetik, “Hegoaldeko Tren Saihesbidea egiteko eskatzea Fomentoko Ministeritzari. EH Bildu Taldeak zuzenketa-eskeak aurkeztu deutsaz proposamenari, besteak beste aukerako bidea aurkitu eta saihesbide hori egin beharrik egon ez dedin, “ingurumen kalteak” eragingo ditualako.

Munduko Foro Ekonomikoa Bilbon martiaren 3an egin izana dala-ta ekimen bi aurkeztu dira Osoko honetan eztabaidatzeko. Bata PSE-Eek aurkeztu dau eta, bestea, EH Bilduk. Sozialistenaren bitartez, gaitzetsi egiten da egun horretan Bilbon bizi izan zan kale indarkeria eta, besteak beste, zauritutako ertzainagazko alkartasuna adierazoten da. Talde abertzaleak arbuiatu egiten ditu gertatutako istiluak eta Osokoari eskatzen deutso, besteak beste, arbuiatu dagiala foro horretan ateratako ondorioa “murrizketen eta prekarietatearen bidean sakontzeko erabakia hartu baitu”.

Daborduko ohiko bihurtu danez, Osokoaren amaieran ahozko erantzun-eskeak eztabaidatuko dira, bi hain zuzen be: bata, garapenerako lankidetzarako laguntzei buruzkoa eta, bestea, Zanbrana auziari buruzkoa, jakiteko Aldundiak “inputatuen aurkako legezko akziorik” egingo dauenetz.

Lotutako artxiboak: