Batzar Nagusiek Bizkaiko enpresen lehiakortasuna bultzatzeko erakundeen arteko protokoloa berretsi dabe
Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomia eta Ogasuneko batzordeak, aho batez, Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek joan dan zezeilaren 14an sinatu eben asmoen protokoloa berretsi dau gaur, Innobideak Kudeabide programaren bitartez Bizkaiko enpresen lehiakortasuna bultzatzeko. Batzarretako taldeen aurrean egindako aurkezpenean, Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko Foru Diputatuak, euskal administrazinoek, barrikuntzaren bitartez Euskadiko enpresen, eta batez be enpresa txikien eta ertainen, lehiakortasuna bultzatzeko daukien “alkarren arteko” helburua aitatu dau, “gaur egungo krisi testuinguruak dituan erronkei aurre egin ahal izateko eta euskal enpresek globalizazinoan daukien etorkizuneko garapen lehiakorrerako oinarri sendoak finkatzeko”.
Programaren helburua enpresaren arlo guztietan kudeaketea hobetzea da, eta 3 milioi euroko haserako aurrekontuagaz sortzen da. Horreetatik 200.000 euro aurtengo ekitaldian inbertiduko dira. Programan izena emoteko epea apirilaren 1ean zabalduko da, eta irailaren 30ean itxiko da. Diruz lagundu daitekezan jarduketak fase bitan garatuko dira. Lehenengoan, Euskalitek ebaluazinoa eta egoeraren diagnostikoa egingo ditu. Eta bigarrenean, aukeratutako enpresek “ekintza pilotuak” eta “finkatze proiektuak” jarri ahal izango ditue martxan, kanpoko kontsultoreen begiradapean.
BiDC-REN BALANTZEA
Aldundiko arduraduna, berak eskatuta, Batzar Nagusien aurrean agertu da, Beaz foru soziedadeak Bilbao-Bizkaia Design & Creativity Council (BiDC) izenekoa sustatzeko aurrera daroazan jardueren barri emoteko. Pradalesek hiru “lorpen handitan” laburbildu dau BiDC-ek ia urte biko funtzionamenduan izan dauen aurrerapena: “sorkuntzaren eta diseinuaren arloetan aurrekaririk ez daukan” alkarlan publiko-pribadu ereduaren egituraketea, nazinoarteko proiekzinoa eta egitasmoa bultzatzen daben proiektuak.
Ia urte biko ibilpidean gauzatutako proiektuak sektore guztietakoak izan dira. Diseinuaren arloan, Pradalesek Industria Diseinuko Nazinoarteko Masterra eta industria diseinugileak alkartuko dituan materialen zentroa sortu izana azpimarratu ditu. Modaren arloan, moda ekoizpenerako zentro aurreratua sortu izana; eta ikus-entzunezkoen arloan, formatu lantegia eratu izana. Ganera, azpimarratutako proiektuen artean, aplikazino digitalen garapenean espezializautako inkubadorea eta osasun arloan bideo-joko linea sortu izana dagoz.
Lorpenen artean, BiDC-eko kontseiluan 29 erakundek –publikoak eta pribaduak– parte hartu izana be sartu behar da, eta baita sorkuntzaren inguruko Bizkaiko 200 enpresa baino gehiago batu dituan Foroa sortu izana be azpimarratu behar dira.
BiDC-ek koordinau dituan eta nazinoartean proiekzinoa euki daben ekimenen artean, Diputatuak Diseinuaren Munduko Eguna, Nazinoarteko $elect Azoka, Baward izenekoak, Bilbao Art & Fashion eta Fun & Serious Game aitatu ditu.
IBARZAHARRA INDUSTRIALDEA BARRIRO BULTZATZEA
EH Bildu Taldeak, bestalde, Pradales jaunaren batzorderatzea eskatu dau, lbarzaharra industrialdea zein unetan dagoan ezagutzeko, koalizino abertzalearen esanetan “4 urte daroazalako geldirik, ez atzera ez aurrera”. Horrez gain, soziedade publikoaren gerentzian izandako aldaketa posibleei buruz be galdetu dau.
Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko Foru Diputatuak jakinarazo dau Sestaon dagozan Babcock Wilcox izandakoaren lurrak izandakoei “balioa emotea” hurrago dagoala. 2013. urtearen bukaeran udaleko urigintza arloko aldaketeagaz eta lurreko kutsadurea garbitzeko obren lizitazinoagaz, proiektua urbanizazino fasera hurreratzen dago.
2007ko azaroan Euskadiko administrazinoek Ibarzaharra soziedadea sortzea bultzatu ebenetik joan dan urtarrilaren 30ean antolakuntzako epealdi barria iragarri arte, proiektu horrek jasan dituan zailtasunak gogoratu ditu Diputatuak. Antolakuntzako epealdi barri horretan, akzinoen %50 daukan Estaduko Sepides erakundeak proponidutako gerentzia egituraren aldaketea egin zan. Akzinoen beste erdia Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren, bakotxa %22,5agaz eta %5 daukan Sestaoko Udalaren esku dago.
Gerentzian izandako aldaketei jagokenez, Pradalesek azpimarratu dau Aldundiak ez dauela Gerente eta Gerentearen Alboko postu barrien inguruko “erabagirik hartu”, “ez daukalako soziedadearen kontrolik, ezta erabagirik hartzeko moduko nagusitasunik be Kontseiluan”, baina esan dau “aldaketa zehatzak” dirala, eta “adostutako erabagiaren” ondorioz sartutakoak, proiektua geldituko ez daben akordioak bilatzea ezinbestekoa izan dalako.
BIZKAIAK TURISMORAKO DAUKAN ERAKARGARRITASUNA
Socialistas Vascos (PSE-EE) Batzarretako Taldeak be eskatu dau Ekonomia Sustatzeko Foru Diputatuaren batzorderatzea, Bizkaiko Lurraldea “turismorako erakargarritasuna galduz joan ez daiten hartuko diran neurriei buruzko” argibideak emon daizan. Javier García batzordekide sozialistak, Bizkaiko 150 hoteletatik 25 batzen dituan Destino Bilbao erakundeak egindako “gogoetea” gogoratu dau. Erakunde horrek “ekitaldien egutegi bakarra eta egoitza koordinauak ezartea eskatzen eban, bikoiztasunak saihesteko eta lehiakorragoak izateko”.
Hasteko, Pradalesek ezeztatu egin dau Lurraldea erakargarritasuna galtzen dagoanik, eta horretarako, azken urteetako turismoari buruzko datuak erabili ditu. Bere esanetan, 2006tik hona turisten joerea “gorakoa” izan da, eta 2012. urtea “historiako urterik hoberena izan zan”. Azken hamarkadan, sarreren eta bertan igarotako gauen hazkundea “%90etik gorakoa” da. Bere datuek erakusten dabenez, 2013. urtean nazinoarteko turismoaren marka guztiak gainditu ziran, 411.641 pertsona sartu ziran, eta holan, Bizkaia “Euskadiko turismoaren motor” bilakatu zan, Bizkaiko lurraldeak “Autonomia Erkidegoko sarreren %48 baino gehiago” jaso eban-eta.
Atzerritarrak bertara etorteko egiten dan behar horretan, sustapen ekitaldi bi egingo dira, orain denpora gitxi Berlinen egindakoaren antzekoak. Turkiak eta Finlandiak saskibaloiko munduko txapelketea Bilbon jokatuko dabenez, Aldundiak sustapen ekitaldi bat egingo dau maiatzean Istanbulen, eta ekainean beste bat Helsinkin. Bigarren seihilekoan, sustapenerako esfortzuak Frantzian eta Alemanian zentrauko dira, internet eta sare sozialen bitarteko kanpainak eginez. Kontuan izan behar da, Pradalesek gogoratu dauenez, Bizkaira datozan “10 bisitarietatik 9k”, euren bidaia plana sarearen bitartez egiten dauela.
Sustapenaren arloko datu eta barrikuntza horreek emon eta gero, Pradalesek, “konpondu bako arazoak” dagozala onartu dau. Horreen artean, erakundeen eta sektoreko enpresen arteko “koordinazino faltea azpimarratu dau. Esan dauenez, Bilbao Convention Bureauren barruan hori konpontzeko beharrean ari dira. “Pixkanaka-pixkanaka pausoak emoten ari dira”, baina autortu dau “ez dala erraza” ekitaldiak antolatzen dituen eragileen interes publikoak eta pribaduak uztartzea”.
EZEZKOA ARTISAUTZA ZENTROA SORTZEARI
Batzordearen saioan, ezezkoa emon jako PP alderdiak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamen bati. Bertan, artisautza zentro bat sortzea eskatzen zan, “sektorea sustatzeko eta bultzatzeko”. Ganerako taldeak ekimen horren kontra azaldu dira “ez datorrelako bat sektoreak eskatzen dauanagaz”.
GERNIKAKO MAHAI-TRESNEN SEKTOREA
Batzordearen bilerea Imanol Pradales jaunari zuzenduriko ahozko erantzun-eske bategaz amaitu da. Gernika inguruko mahai-tresnen sektorea bultzatzeko estrategiaren barruan 2007. urtean Bizkaiko Foru Aldundiak 19 milioi eurotan Jypsa enpreseari erositako lur-sail baten inguruko gorabeherak argitu daizala eskatu jako Diputatu jaunari.
Diputatuak erantzun dauenez, ekintza horri eta 2008an Gernikako mahai-tresnen sektore osoa Txaporta industrialdean dagoan enpresa bakarrean batzearen aldeko apustuari esker, Rohinter-Cantra Kantabriako enpresak, Gernikan egoan mahai-tresnen azkeneko enpresea erosi dau, eta konkurtso prozesuan egoan konpainia horretako “43 lanpostuei eutsi deutsez”.