Aurreko Albisteak

Gorlizek Billao Lurmuturreko bateria militarra "garbitzeko eta txukuntzeko" eta "balioan jarteko" daukan asmoa bultzatuko dau Aldundiak

Batzordea

Bilbon, 2014ko martiaren 13an.

Bizkaiko Foru Aldundiak Gorlizko Udalari laguntzea emoteko asmoa dauka, Billao Lurmuturreko bateria militarra berreskuratu daian. Abenduan jakin zan Foru Aldundia dala 40ko hamarkadan, Francoren diktaduraren garaian, eregitako kostaldeko defentsa lerro horren jaubea, eta ordutik, Kultura Saila, kostaldeko herriko talaian dagoan bunkerra “garbitzen eta txukuntzen” laguntzeko prest dago, Josune Ariztondo Kultura Diputatu andreak, PP-k eskatutako Batzar Nagusien aurreko batzorderatzean, adierazo dauenez. Dana dala, argi eta garbi itxi dau lan horreek egitea eta moltso militarra “balioan jartea” Udalak egin beharrekoak dirala.

Aldundiko arduradunak autortu dauenez, “ez ekien” 1991ko urriaren 1etik, “kaudilloaren egunetik”, bateria militarraren jaubea Aldundia zanik, eraikina ez dalako inoz Kultura sailaren izenean inskribatu”. EAJ-PNV-ren legebiltzarreko taldeak Senaduan egin eban itaun bati erantzunez, Gobernu Zentralak horren barri emon eban, eta holan jakin eban Aldundiak bera zala jaubea. Dana dala, Ariztondok esan dau moltso militarrak “ez daukala inolako interes kulturalik” Aldundiarentzat, baina Gorlizko Udalagaz alkarlanean jarduteko prest dagozala, paisaje ibilbide baten barruan sartzeko. “Ados gagoz txukundu behar izateaz, baina ez da ‘museo’ bilakatu behar dan elementua”. “Elementu degradagarria da, baina horrez ez dau lurrera bota behar danik esan gura”, esan dau Bizkaiko Batzar Nagusietako Kultura eta Euskerako Batzordearen aurrean.

Aldundiaren eretxia entzun eta gero, PP-ko Batzarretako taldeak, arauz besteko proposamen baten bitartez, Batzarretako taldeen laguntzea bilatu dau, Aldundiari, “bateria sendotuteko eta txukuntzeko eta sarbideak hobetzeko” neurriak hartu daizan eskatuko deutsan ekimena adosteko eta Eusko lkaskuntza edo Unibersidadea moduko beste erakunde batzuen laguntzea eskatzeko, “historiaren, ingurumenaren, paisajearen eta turismoaren ikuspegietatik daukan interesa hobeto aprobetxau ahal izateko, Udalagaz batera etorkizunean aurrera eroan beharreko jarduketak prestetako”. Proposamena ez da onartu, EAJ-PNV eta EH Bildu taldeek kontra botau dabelako. PSE-EE abstenidu egin da.

Juan Otermin batzordekide sozialista ados agertu da higiezina eta inguruak garbitzeagaz, inguruko biztanleek erabili daien, baina bat etorri da Aldundiagaz, bateria militarrak ez daukala “kultur baliorik” esatean. Hori esan eta gero, PSE-EE-k zalantzan jarri dau Kultur Sailaren izenean dagoan foru ondare osoak berez babesa euki behar dauenik. Bere berbetan, popularren ekimenean, gizarte bazterkeria arriskuan dagozan pertsonak garbiketa behar horreek egiteko inplikau daitezan eskatzea “falta” da.

EH Bildu ez dator bat PP-k moltso militar hori modu “indibidualizatuan” berreskuratzeko daukan asmoagaz. Talde politiko horren eretxiz, egokiagoa da Bizkaiko kostaldeko eraikin militar guztiak kontserbetako plan “orokor” baten bitartez egitea. Eraikin horreek guztiak “garai ilunen” lekuko dira, eta oroimen historikoa berreskuratzeko elementu izan daitekez.

EAJ-PNV-k, lehenengo Gorlizko Udalaren eretxiari eta, “Aldundiko teknikarien laguntzagaz eta ekarpenagaz” ingurua hobetzeko proiektuaren aurkezpenari itxoitea eskatu dau, baina bat etorri da Foru Aldundiagaz, ingurua txukuntzeko beharrak Udalaren ardura dirala esatean.


PUNTA LUZEROKO BATERIA

Gai beragaz erlazionauta, Kulturako batzordeak baztertu egin dau PP-ren arauz besteko beste proposamen bat, Zierbenako Punta Luzeroko bateria militarra berreskuratzeko lanak bultzatzeko. Kasu honetan, taldeak eskaerea egin gura izan deutso Aldundiari, Errepublika garaian eregitako gotorleku militar horren “egoerea, kontserbazino arazoak, eraginak, jaubetza egoerea eta lege egoerea aztertzeko”, “bere benetako kontserbazinoa eta kultura eta turismo arloko balioa emotea bultzatzeko”. EAJ-PNV eta Bildu taldeek euren botoak batu ditue PP-ren proposamena baztertzeko. Oraingo honetan, batzarretako talde sozialistak aldeko botoa emon dau.

EAJ-PNV eta EH Bildu taldeen eretxiz, beste batzuk izan behar dira fitxa mobidu behar dabenak. Kasu honetan, jeltzaleek uste dabe Zierbenako Udalak, eraikinaren jaubeak, azterlana eskatu behar dauela, eta koalizino abertzaleak, “oroimenean adituek” eraikin militar horreei buruz egin behar daben proposamenari itxoitea eskatu dabe. Punta Luzeroren kasuan, Francoren garaian, Errepublikaren alde egon ziran “esklabo” bizkaitarrek barriztau behar izan eben, Irune Sotok, EH Bilduko bozeroaleak gogoratu dauenez.


ALDUNDIAREN 2013-2017 EUSKERAREN PLANA

EH Bilduren eskaereari erantzunez, Kulturako foru arduradunak, Aldundiak 2008 eta 2012 urteen artean egindako lau urteko euskeraren normalizazino planaren balantzea egin dau, eta Aldundiak 2017ra arte indarrean egongo dan egungo planerako markau dituan helburuen barri emon dau.

Aurreko planari jagokonez, Ariztondok azpimarratu dau Aldundiko lanpostuen %82k euren eginbeharrari jagokon hizkuntz eskakizunagaz amaitu ebela 2012. urtea, eta 20 puntutan gainditu dala bere sailak epealdi horretarako markau eban “Derrigortasun Indizea”. EH Bilduk adierazo dauenez, datu horreek “nahiko motelak eta anbizinorik bakoak dira”.

Joan dan abenduan Gobernu Kontseiluak onartutako planari jagokonez, foru administrazinoan “euskeraren erabilerea hazten jarraitzeko”, eta, ganera, euskera laneko hizkuntza izan daiten bultzatzeko balioko dauela uste dau Aldundiak, baina ez “inposizinoetan edo arauetan” oinarrituta. Ariztondok gogoratu dauenez, plan hori Aldundian ordezkaritzea daukien sindikatuei aurkeztu jaken, eta ELA eta UGT sindikatuen aldeko eretxia, CC OO-ren kontrakoa eta LABen abstentzinoa jaso eban.


EGUZKI-ALDE JAUREGIA

Beste alde batetik, saioaren eguneko gai zerrendearen barruan PP-k aurkeztutako beste arauz besteko proposamen bat egoan, Aldundiak, bertan behera itxita dagoan Getxoko Eguzki-Alde Jauregiaren ugazaben aldetik, higiezinaren kontserbazinoa bermatzera bideratutako konpromisoa lortu daian. Proposamena baztertu egin da, EAJ-PNV-ren kontrako botoakaz eta EH Bilduren eta PSE-EE-ren abstentzinoagaz.

Batzarretako taldeak bat etorri dira PP-k “eraikina erretzea saihesteko” erakutsi dauen asmoagaz, baina ez hori Aldundiaren gestinoen kontura egin behar izateagaz. PSE-EE-ren eretxiz, Aldundiak ez dau bere gain hartu behar Getxoko Udalari jagokon betebeharra. EAJ-PNV-k uste dau legeak ez deutsala Aldundiari “parte hartzen” ixten, higiezina ez dagoalako “aurri” egoeran. EH Bildu taldeak zalantzan jarri dau eraikin hori “eta ez egoera berean dagozan beste batzuk” babesteko herritarren aldetik egon daitekean interesa, talde berak Udaleko osoko bilkuran adierazo eban moduan.


ALDUNDIAREN ESKU DAGOZAN TXALET BI GORLIZERI LAGATZEAREN KONTRAKO ERABAGIA

Batzordeak ez dau onartu, EAJ-PNV-ren kontrako botoakaz eta EH Bilduren eta PSE-EE-ren abstentzinoagaz, PP-ren beste ekimen bat. Proposamen horren bitartez popularrek, Foru Gobernuak, Aldundiarenak diran eta Ospitale zaharretik gertu dagozan txalet bi Gorlizko udalari lagatea eskatzen eben, udalerriak, “bere beharrakaz bat etorriko litzateken erabilerea” emon deioen.

Josu Arteta EAJ-PNV-ko batzordekideak adierazo dauenez, higiezinetako bat erretirautako pertsona batek erabilten dau “prekarioan”, eta Foru Aldundiak, higiezin hori berreskuratzeko “epai bidezko prozedurea martxan jartea” dauka aurreikusita. Eta bestea, Foru Aldundiek udan Euskal Herriko umeentzat antolatzen dituen “Udalekuak” programaren barruan dagozan zentroen artean dago gaur egun. Hori dala eta “badauka erabilera egokia”.


ARTATZA JAUREGIA “GITXIEGI ERABILTEA”

Amaitzeko, eta arauz besteko beste proposamen baten bitartez, Eusko Jaurlaritzak Artatza jauregia (Leioa) gehiago erabilteko “idea lehiaketea” antolatzea eskatzen eben popularrek. Arturo Aldecoaren eretxiz, arkitekturaren “harribitxi” horri etekin gehiago atera behar jako, bere mantentze lanak zenbat kostetan diran kontuan izanda. Oraingoan be ekimenak EAJ-PNV eta EH Bildu taldeen kontrako botoak jaso ditu, baina kasu honetan PP-k PSE-EE taldearen laguntzea jaso dau, talde horren eretxiz be eraikina “behar baino gitxiago erabilten dalako”.

Irune Soto EH Bilduko bozeroalearentzat, PP-ren ekimenak “pribatizazino usaina dauka”. Halanda be, jauregia gehiago erabiltea sustetearen alde agertu da, partaidetzan oinarritutako udalerri barruko prozesuaren bitartez, eta beti be eraikinaren kudeaketea edo jaubetzea esku pribaduetan ez dala geratuko bermatzen bada. EAJ-PNV-ren eretxiz, ekimenak Gasteizko Jaurlaritzaren eginbeharretan sartzeko asmoa dauka “eta hori ez jagoku guri”, adierazo dau Irene Edesa jeltzaleak.