Aurreko Albisteak

Otsailaren 22an eta 23an. Ertaroko kaligrafia ikastaroa Enkarterrietako Museoan

Ikastaroa

Abellanedan, 2014ko otsailaren 12an

"Los Botxígrafos" izenagaz sortu barri dan Kaligrafia Alkarte Bilbotarrak, Enkarterrietako Museoagaz alkarlanean, ertaroko apainketa kapitularren ikastaroa antolatu dau. Ikastaroa Esperanza Serrano adituak emongo dau, Alcuino (antxinako kaligrafia teknikak berreskuratzeko zaleen alkartea) alkartearen kide danak. Plazak mugatuak dira eta ikastaroa Enkarterrietako Museoan emongo da otsailaren 22an eta 23an. Parte hartzeko interesa daukienek asociacionbilbainacaligrafia@gmail.com helbidera idatzi behar dabe.

“Los Botxígrafos” irabazi asmo bako erakundea da eta helburutzat dauka letra artistitikoz eta txukunakaz idazteko artea ikertu eta teknika horreek zabaldu eta irakastea. Ikastaroa Batzar Nagusiena dan Enkarterrietako Museoan emongo da, eta bertan parte hartzen dabenek apainketa estilo ezbardinetan kapitularren erreprodukzinoak edo irudikapenak egiten ikasiko dabe, Ertaroko eskuizkribuetan egiten zanaren tankerara. Pergaminoak zelan prestatu irakatsiko da, baita gouache eta akuarela margozketea be, bardin pergaminoaren ganean zein eskuz egindako paperaren ganean.

Antxinako eskuizkribuetan erabilten ziran idazkera eta apainketa teknikak eta estiloak be erakutsiko dira, orduan eskribauek edo kaligrafoek erabilten ebezan euskarri-mota berberak erabilita —papiroa eta pergaminoa— eta idazteko lanabes bardinakaz, esaterako kalamua, hegaztien lumak, metalezko lumak, pigmentu naturalak eta urre gorriz zein zidarrez egindako argiztapenak.

Azken baten, antxinako arte horren inguruko zaletasuna suspertuko da egun biotan; zeregin ederra da kaligrafia, bai, baina oso gogorra eta sakrifikatua be bai; idazkerea arte sorkuntzarako eta norberaren gozamenerako dala irakatsiko da. Izan be, sorkuntza-lan erabilgarri hutsak egitetik sekulako arte-lanak lortzeraino heldu leiteke kaligrafia.