Aldundiak, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan lortutako akordioen barri emon dau Batzar Nagusien aurrean
Berak eskatuta, Jose Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, joan dan urtarrilaren 16an egin zan Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren azken bileran sinatutako akordio garrantzitsuenen eukiei buruzko informazinoa emon deutsie batzarretako taldeei. Akordio horreen artean, Kontzertu Ekonomikoaren beraren aldaketea azpimarratu dau.
Foru Aldundiko arduradun nagusiak Bizkaiko Batzarretako Iraskunde Batzordearen aurrean iragarri dauenez, Aldundiko Gobernu kontseiluak Foru Arau proiektu bat onartu dau gaur goizean bertan, Euskadiren eta Estaduaren arteko tributu eta finantza arloetako harremanak araupetzen dituan erakunde horretan sinatutako akordioa berresteko, foru araudia egokitzeko eta erregimen komuneko tributu sisteman sartutako zerga barriak bertara bideratzeko. Gogoratu dauenez, arau hori Bizkaiko Batzar Nagusiek berretsi beharko dabe.
Zergak honeek izango dira: Sektore Elektrikoari buruzko hiru –Energia Elektrikoaren Produkzinoaren ganeko Zergea, Gastautako Erregai Nuklearraren Produkzinoaren eta Hondakin Erradiaktiboen ganeko Zergea, eta Erregai horren biltegiratzearen ganeko zergea–; Negutegi Efektua daukien Gas Fluoratuen ganeko Zergea; Kreditu Erakundeetan dagozan Deposituen ganeko Zergea; eta Joko Jardueren gaineko Zergea.
Aitatutako zerga horreez gain, Bilbaok jakinarazo dau, irabazien ganeko atxikitzeen barruan, loteria eta apustu jakin batzuen sarien ganeko Grabamen Bereziari buruzkoak be adostea onartu dala, eta horreek jagoken araudiagaz bat etorriz eskatuko dirala, eskumena daukan Estaduko Administrazinoaren edo jagokon Foru Aldundi eskudunaren bitartez, lurraldearen arabera, saridunaren ohiko bizilekua edo egoitza fiskala lurralde komunean edo Euskadiko lurraldean egotearen arabera.
Horrez gain, Ahaldun Nagusiak jakinarazo dau, Estaduak, Bizkaiko Aldundiak kontzertazinoa egin arte zerga barriak kudeatu ahal izateko martxan jarri eban Arauzko Foru Dekretuaren kontra Estaduak berak aurkeztu eban konstituzinoaren kontrako helegitea baztertzeko izapideak egingo dituala.
Jose Luis Bilbaok beste tributu aldaketa eta finantza akordio batzuk be azaldu ditu batzarretako taldeen aurrean, Arbitraia Batzarreko karguen barriztapena, adibidez. Batzorde Mistoaren bilera horretan, Gabriel Casado, Isaac Merino eta Francisco Javier Muguruza batzarreko kide izendatzea proponidu zan.
Aldundiko arduradun nagusiak, beste batzuen artean, 2011ko garagarrilaren 20an eta 2013ko agorrilaren 12an sinatutako aurrekontuen egonkortasunerako 6 akordio eta 2007ko “aurrekontuen egonkortasunaren arloko printzipioei eta prozedurei” buruzko akordioaren garapenerako emon beharreko informazinoa be berretsi egin dirala esan dau.
BETE BARIK DAGOZAN AKORDIOAK
EH Bildu taldeari erantzunez, Batzorde Misto horretan lortutako akordioak “garrantzitsuak, baina ez nahikoak” dirala adierazo dau Bilbaok. Holan, oraindino negozietako falta dana aitatu dau, Euskadiko Autonomia Erkidegoaren eta Estaduaren arteko “finantzen fluxuak” eta “oraindino bete barik dagozan kupoak”, beste batzuen artean.
Orain denpora gitxi Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskadiren “subiranotasun ekonomikoan eta fiskalean” aurrera egin ahal izateko koordinazino organua sortzeko egin dauen eta koalizino abertzaleko Aitor Torre batzarkideak gogoratu dauen proposamenari jagokonez, Ahaldun Nagusiak, ez dauela proposamenaren eukia ezagutzen adierazo dau. Dana dala, eguen honetan egingo dan Finantzen Euskal Kontseiluaren bileran landu beharreko gaietako bat izango dala esan dau.
KALERATZEAK BILBAO RIA 2000N
Beste alde batetik, Ahaldun Nagusia batzarretako taldeek eskatuta agertu da, Bilbao Ría 2000 soziedade publikoko 8 beharginen kaleratzea, Bilbao Basket taldeagaz sinatutako hitzarmena, eta datorren martxoaren 3an Guggenheim museoan egingo dan mundu mailako ekonomia goi bilera dirala eta.
Bilbao Ría 2000 soziedadean sortutako egoereari jagokonez, Socialistas Vascos (PSE-EE) taldeak bileran salatu dauenez, abenduan izandako kaleratzeak –lantaldearen %38– “ez datoz bat” Ahaldun Nagusiak emondako azalpenakaz, Azalpen horreetan, Aldundiak akzino publikoen %15 daukan soziedaderen itxiera “ordenatua eta guztiz gardena” izango zala iragarri eban.
Bilbaok adierazo dauenez, gai hori ez zan landu soziedadearen azkenengo Administrazino Kontseiluan, eta hurrengo bilerarako, “itaun askorentzako erantzunak” jasotzeko itxaropena dauka. Dana dala, bat egin dau batzarretako taldeakaz, soziedade horrek Bilbori eta Barakaldori ekarritako urigintza arloko frutu “argiak eta nabarmenak” azpimarratzeko orduan. Bilbao Ría 2000k “martxan dagoana” bukatzea defendidu dau, baina bere eretxiz “ezin ditu proiektu barriak hasi, horretarako baliabideak euki behar diralako”.
HITZARMENA BILBAO BASKET TALDEAGAZ
Amaitzeko, EH Bildu taldeak Ahaldun Nagusiaren agerpena eskatu dau Batzar Nagusien aurrean, Bilbao Basket taldeagaz sinatutako hitzarmena dala eta Foru Aldundiak hartutako konpromisoen betete mailari buruzko informazinoa emon daian.
Ahaldun Nagusiak gogoratu dau, aurreko beste agerraldi batzuetan esandakoa errepetiduz, Aldundiak egin dauen gauza bakarra sinatuta egoana betetea izan dala. “Sinatutako konpromiso ekonomikoak eguneratu egin ziran, %4ko itzulkin tasan, diruaren legezko interes tasan, hain zuzen be”.
Iragarri dauenez, Batzorde Kudeatzailea “2014ko lehenengo hiruhilekoan” alkartuko da, Klubak hartutako konpromisoen betete mailea “ebaluetako”. Aldundiari jagokonez “sinatu genduana bete egin dogu”, azpimarratu dau.
Bilbao pozik agertu da Bilbao Basket taldeagaz adostutako zenbatekoak aurreratuta hiru helburu bete diralako: “taldea bizirik egotea”, Foru Ogasunagaz inolako zorrik ez izatea eta “danon artean” Bilbo Munduko Saskibaloi txapelketearen egoitzea eta Estadu Batuetako selekzinoak jokatuko dauen uria izatea lortzea.
Bere agerraldian Bilbaok baztertu egin dau taldearen etorkizuneko bideragarritasunagaz inolako loturarik. Ez dau taldearen egungo egoereari buruz ezer esaterik gura izan, Foru Aldundia “ez dagoalako hor”, eta bere aurrekontuetan ez dauelako “euro bat be” bideratzen goi mailako kirol profesionalera.
PP-ko eta PSE-ko batzarretako taldeek esan dabe Bilbaok, Bilbao Basketen egoerea eta Munduko Saskibaloi txapelketea Bilbon jokatzea “nahastu” egiten dituala. Biak bat etorri dira gauza biak “ez daukiela zerikusirik” esaterakoan.
Juan Otermin PSE taldeko batzordekideak adierazo dauenez, Aldundiak Bilbao Basket taldeari “dirua aurreratzeko” hartu eban erabagiak “ezustean” harrapau eban, “beste erakunde batzuk be oso egoera txarrean dagozan arren”, eta Bizkaiko Ogasunagaz zorrak dituen arren, “eurakaz ez dalako bardin jokatu”.
Esther Martínez bozeroale popularrak, Bizkaia saskibaloiko “munduko selekzinorik hoberenarentzat anfitrioirik hoberena izatea” gura izateaz gain, eskaerea egin dau, “munduko futbol selekzinorik hoberenaren anfitrioirik hoberena be izateko”, Bilbok Eurokopako egoitzea izateko kandidaturea aitatuz, Espainiako selekzinoak bertan jokatu daikeala kontuan izanda.
MUNDU MAILAKO EKONOMIA GOI BILERA BILBON
Ahaldun Nagusiak ez dau balorau gura izan martxoaren 3an Bilbon egingo dan mundu mailako ekonomia goi bileraren eukia. “Argi eta garbi” itxi gura izan dau ez Aldundiak ezta bere alderdiak be ez daukiela inolako zerikusirik bilera horren antolakuntzagaz. “Ez dakigu ekitaldi horreei buruzko ezer eta, ondorioz, ezin daikegu esan bertan landuko diran gaiakaz ados gagozan ala ez”, esan dau. Onartu dauenez, “batzuen gorazarrerako” antolatutako ekitaldira joateko gonbidapenik jasoko dauen ala ez be ez daki.
EH Bilduko batzarretako taldeak Estaduko gobernuak antolatu dauen eta Bilboko Guggenheim museoan egingo dan nazinoarteko goi bileran ez parte hartzeko esan deutso Aldundiari. Bertan parte hartuko dabenen artean Christine Lagarde Nazinoarteko Diru Funtseko (NDF-FMI) zuzendaria, komisario europarrak eta Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea egongo dira. EH Bilduko Aitor Torreren eretxiz, “lotsagarria” izango litzateke Aldundiak “terrorista ekonomikoakaz batera” parte hartzea foroetan.
Esther Martínezek, PP taldeak Batzarretan dauan bozeroaleak, Bilduk esandakoa “memelokeria patetikoa” dala esan dau. Bere eretxiz, garrantzi horretako goi bilera jasotzea “albiste bikaina” da. Bertan “produktibidadeari, barrikuntzari, lehiakortasunari edo nazinoartekotzeari” buruz egingo da berba. Bilbo eta Bizkaia munduko ekonomiaren “erdigune” bilakatuko dira, eta hori aukera “bikaina” izan daiteke Lurraldearentzat.
Batzarretako Euzko Abertzaleak taldeak goi bilera horretan euren alderdiko kargu instituzionalak egon beharko litzatekezala defendidu dau, Iñigo Urkullu lehendakaria, adibidez. “Edukazinoa, protokoloa edo erakundeen aurreko errespetua dirala eta bertara joateak ez dau esan gura ekitaldiaren arduradun zaranik edo bertan esaten danagaz ados zagozanik”, adierazo dau Jon Larrea batzarkide jeltzaleak.
PSE-EE taldearen eretxiz “ez da gauza negatiboa, bertara doazan pertsonak batzuk edo besteak izanda be, beti eukiko dogulako pertsona horreen kontra agertzeko aukerea”. Javier García batzordekide sozialista bat dator PP taldeagaz, Bilboren eta Bizkaiaren kanpoko irudirako “positiboa” dala esatean.