Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek eskaerea egin dabe, Ertzaintzak La Avanzadako trafikoa "hobetu" daian

Garamendi

Itziar Garamendi, Herri Lan eta Garraioetako batzordean

Bilbon, 2014ko zezeilaren 7an.

Bizkaiko Batzar Nagusiek, Herri Lan eta Garraioetako batzordean, Eusko Jaurlaritzari, “La Avanzadako trafikoaren joan-etorria hobetzeko hartu beharreko neurriak hartzeko” eskaerea egitea onartu dabe. PP taldeak aurkeztutako arauz besteko proposamenean eskaerea bideratzen jako Eusko Jaurlaritzari, Ertzaintza izan daiten egunero “95.000 ibilgailutik gora jasoten dituan” bide horren pilaketearen arazoa konpontzeaz arduratu behar dana. Ekimenak aurrera egin dau, PP eta PSE-EE taldeen aldeko botoagaz eta EAJ-PNV eta EH Bildu taldeen abstentzinoagaz.

Batzarretako taldeek onartu dabe errepide horretako trafiko pilaketaren “behin betiko” konponbidea, Eskumaldeko komunikabide nagusiko trafikoa arintzeko Aldundiak aurreikusi dituan proiektuak gauzatzen diranean etorriko dala, Lutxanako zubia eta Lamiakoko azpi-flubiala, adibidez. Baina, hori gertatzen dan bitartean, PP-rentzat beharrezkoa da Segurtasun Sailari “arretea eskatzea”, Ertzaintza izan daiten, “disuasinorako, eta ez zigortzeko” helburua izango dauen presentziaren bitartez, herritarrek “denpora gehiago galdu ez daien” lagundu behar dauana.

EH Bilduk jarrera kritikoa erakutsi dau. Koalizino abertzaleak “ez dau ikusten” polizia autonomikoak trafikoa arintzeko modurik. Aitor Torre batzordekidea “autobusentzako eta okupazino handirako errailak” eregitearen alde agertu da, helburu bikotxa lortzeko: automobil bakotxean pertsona gehiagok bidaiatzea, eta erabiltzaileak ibilgailu pribadutik garraio publikora bideratzea.

EAJ-PNV-k, bere aldetik, La Avanzadako trafikoa hobetzeko konponbidea errepide proiektu barriakaz – Lutxanako zubia eta Lamiakoko azpi-flubiala– helduko dala esan dau, baina onartu dau gaur egun bizi dogun abagune ekonomikoa dala eta “ezinezkoa dala” horreei aurre egitea. Hobekuntzarako neurri posibleak aitatzeko orduan, Jon Larrea batzordekide jeltzalearen ustez, hoberena lehenengo Eusko Jaurlaritzako eta Aldundiko zerbitzu teknikoei galdetzea izango litzateke, eurak diralako konponbideak diseinau behar dituenak. Popularren ekimena, Ertzaintzak dagoaneko aurrera daroan “etenbako hobekuntza” prozesuaren barruan sartzen dala gehitu dau.


ZUBIEN ETA ZUBI-DIDEEN AZTERKETA OROKORRA

PP-k egindako eskariari erantzunez, Itziar Garamendi Herri Lan eta Garraioetako foru diputatua batzordearen aurrean agertu da, Bizkaiko errepide sareko zubien eta zubi-bideen egoerearen barri emoteko. Aldundiak holango 1.184 estruktura ditu erregistrauta bere inbentarioan.

Arlo horretan aurrera eroan behar dan prozesua, une honetan dagoan inbentarioaren ustiapenagaz hasten da. Lau urtez behin inbentario hori eguneratu egiten da egitura “garrantzitsuenetan”. Garamendik azaldu dauanez, erregistro horretan egituren egoerea modu “koalitatiboan” ezarten da. Epe laburrean jarduketea behar daben egiturak identifikau eta gero, eraikuntza proiektua idazteko oinarri izan daitekezan ikuskapen nagusien burutzapena ezarten da.

Gai horregaz erlazionauta, Garamendik adierazo dau “egitura guztiei aurretiko lehenengo ikuskapena egin jakela, eta kasu batzuetan ikuskapen nagusia be egin dala”. Helburua, egon daitekezan patologiak zehaztea da, horren ostean, “epe laburrean” beharrezkoak izan daitekezan lanak egiteko behar diran dokumentu teknikoak edo birgaitze proiektuak idazteko.

Bere esku-hartzean, Garamendik iragarri dau urtarril honetan hasi dirala La Arenako bide-zubiaren azkeneko ikuskapen lanak. Lan horreek 224.000 euroko aurrekontua daukie, eta hilebete bi beharko dira egiteko. Une honetan egiten diran lan horreetan, azpikaldeko ainguraketak oso-osorik aztertuko dira, tiranteen teinkatze indarrak neurtuko dira, tiranteen indarra monitorizau egingo da, kableen nekea aztertzeko, eta korrosinoa atzeratzeko tratamenduak egingo dira. Amaitzeko, ikuskapena, tiranteen eta ainguraketen metalezko elementuetan egon daitekezan ugertze patologien, pinturaren, hormigoiaren eta zubiaren taulategiko euspeneko elementuen egoeraren azterketa orokorra egingo da.

Behin betiko azterketa hori, “behar izan ezkero” azpiegitura berregokitzeko proiektua egin ahal izateko egin behar dan aurretiko eta beharrezko pausua da. Diputatuak emondako informazinoaren arabera, ekimen hori, azpiegituren eta superegituren “aldian behingo prebentzinozko mantentze lanen” barruan dago, “horreen bizitza erabilgarria luzatzeko”.

Egindako ikuskapen nagusietan ikusi da beste sei birgaitze edo barrikuntza proiektu egin behar dirala: BI-633 errepidean, Mallabian; BI-637 errepidearen ganeko igarobidean, Leioan; Atxazpiko bidezubian, BI-3438 errepidean; Ugaldebieta-4 egituran; eta A-8 autopistako Errekaldeko eta Kadagua ibaiko (Zorrotza) bide-zubietan.