Batzar Nagusiek eskaerea egin deutsie Eusko Jaurlaritzari, harrobien sektorearen antolamendu plan eguneratua egin daian
Gaur Bilbon bildu dan Batzar Nagusietako Nekazaritza eta Ingurumeneko Batzordeak arauz besteko proposamen bat onartu dau, Eusko Jaurlaritzari, Kareharrizko Agregakinen Ustiategien Lurraldearen Arloko Plana (LAP-PTS) egin daian eskatzeko, “adostasun politiko eta instituzional handiena eta gai horretan zeresana daben ekonomia eta gizarte arloetako eragileen adostasuna” bilatuz. Ekimena PP taldeak aurkeztu dau. Talde horrek batzordean dauan bozeroaleak, Arturo Aldecoak, uste dau sektore antolamendu hori “orain 16 urtetik egin barik dagoan gaia dala, “1997. urtean, Lurralde Antolamendurako Zuzentarauetan agertzen zalako Harrobi izateko eremuen Lurraldearen Arloko Plana egin behar zala”.
Proposamenak aurrera egin dau PP, PSE-EE eta EH Bildu taldeen aldeko botoagaz eta EAJ-PNV-ren abstentzinoagaz. Talde horretako bozeroaleak harrobiek Euskadiko eta Bizkaiko ekonomian beteten daben lekua azpimarratu dau, baina bere eretxiz, “edozein sektore plan hasi aurretik, une honetan dagoan Kareharrizko Agregakinen erreserben mailea eta etorkizuneko kontsumo aurreikuspenak aztertu behar dira, ekonomian eta industrian bizi doguzan zalantza garaiak kontuan izanda”. EH Bildu proposamenaren alde agertu da, baina Asier Vega batzordekideak eskaera bat egin dau, egiten dan planak “ingurumenagaz eta lurraldearen kultur ondarearen kontserbazinoagaz erlazionautako alderdi guztiak oso kontuan izan daizan”, eta ez daiten “interes desarrollisten eta zementuaren eta eraikuntzaren industria `lobby´-aren helburuetara makurtu”.
ZEBRA MUSKUILUAREN PRESENTZIA
Beste alde batetik, Iosu Madariaga Ingurumen diputatuak, Batzarretako PP taldearen eskariz, baita be, zebra-muskuiluaren izurriteak lurraldeko uretan izan dauan hedapenari eta Sailak espezie inbaditzaile horren zabalkuntzeari aurre egiteko hartu dituan neurriei buruzko informazinoa emon dau. Espeziea aurkitu da, dagoaneko, Zeanurin dagoan Undurragako urtegian, Arratia ibaian, Nerbioi Behean, Basauri parean, eta Arrigorriagan dagoan Mendikosoloko urtegian.
Zebra muskuiluaren zabaltzea saihesteko edo moteltzeko ekimenak hainbat moetatakoak dira, eta horreen artean, muskuilu horren populazinoen jarraipenerako neurriak eta muskuilua hobeto ezagutzeko ikerketa lanak dagoz. Horrez gain, Ingurumen Sailak, zebra muskuilua ur-masetan zabaltzeko arriskua txikitzeko neurriak be jarri ditu martxan, Undurraga-Venta Alta ur hoditerian zabaltzeko dagoan arriskuaren azterketa, adibidez. Ganera, Foru aginduetan muskuiluaren arrantza araupetzeko mekanismoak sartu ditu. Bukatzeko, guneak edo espezieak babesteko neurriak be jarri dira martxan, naiadeen Kudeaketarako Plana egitea eta dibulgazinorako, prestakuntzarako eta sentsibilizazinorako beste neurri batzuk.
VISTA ALEGRE BURUTZAPEN EREMUA
Nekazaritza eta Ingurumeneko Batzordeak Vista Alegre burutzapen eremuan egindako kudeaketea be landu dau. Bertan, Mendexako Udalak 24 etxebizitza eta aparkaleku bat eregi gura izan ebazan Karraspio hondartzaren ondoan, baina Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiak (EJZN-TSJPV) geldiarazota itxi dau proiektu hori.
EAJ-PNV taldeko María Presaren berbetan, Urigintzako 2037/2012 Foru Araua hutsa dala adierazoten dauan EJZN-TSJPV-ren epaiaren zergaitia “Prozedurazko izapide desegokia jarraitu izana da”, eta, hori dala eta, horren aurrean helegitea aurkeztuko dala adierazo dau. Asier Vega EH Bilduko bozeroalea ez da ados agertu helegite hori aurkezteagaz eta, ganera, Mendexako Vista Alegre inguru horretan egoan eta “balio ekologiko handia” eukan zurbaltz kantabriarreko baso bat, azken urteetan desagertzen joan izanari buruzko azalpenak eskatu ditu. Baso horren egoerea SOS Karraspio plataformak salatu eban.
ZUGAITZ BEREZIAK
Amaitzeko, Iosu Madariagak, Bizkaian dagozan zugaitz “berezien” babesera zuzendutako azterlana aurkeztu dau, PP taldearen beste eskaera bati erantzunez. 2012. urtearen bukaeran, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailak, “zugaitz bereziak” aukeratzeko prozedura hasi eban. Behar horretan lurralde historikoko 18 udalen laguntzea euki dau. Guztira 40 zugaitz proponidu dira (25 zugaitz bertako espezietakoak dira, eta 15 espezie exotikoetakoak; 25 landa eremuan dagoz, eta 15 kale ingurunean).
Azkenean, euren interes berezia dala eta aukeratutako zugaitzak honeek izan dira: Goitako zumarra (Mallabia), Trutziozeko Aretx motza (Trutzioz), Fuente Trevillako zurbaltz bizia (Karrantza), Burbustuko Aretx motza (Zaratamo), San Estebango zurbaltz motza (Galdames), Ahedoko arte motza (Karrantza) eta Presako gaztainadiko Gaztainondoa (Karrantza).