Bakioko Txakolingune museoak "sei aste baino arinago" zabalduko ditu bere ateak
Bakioko Txakolingune museoa “denpora gitxi barru” zabalduko da, Josune Ariztondo Kultura diputatuak Batzar Nagusien aurrean egindako agerraldian gaur egin dauan iragarpena kontuan izanda. “Sei aste baino gitxiago igaro orduko” txakolinari eskinitako museoak bere ateak zabalduko ditu jente guztiarentzat, eta une horretatik aurrera foru erakundeak kudeatuko dau, Bizkaikoa soziedadearen bitartez. Kostaldeko herrian egongo dan zentroak ordutegi desbardin bi izango ditu. Urtarriletik bagilera eta irailetik abendura museoa adostutako bisitetarako baino ez da egongo zabalik “eskolentzat eta gizarteko bestelako taldeentzat”; eta udan –garagarrilean eta abuztuan– Aldundiaren hasierako planteamenduaren arabera, ordutegi finkoa eukiko dau: goizeko 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara. Zentroak “145.500 euroko” aurrekontua eukiko dau urtean, eta Aldundiaren aurreikuspenak betetan badira, bost urte barru “ urtean 10.000 pertsona inguruk” bisitauko dabe. Halanda be, lehen urterako aurreikusten jakon bisitari kopurua “4.000 pertsonakoa” izango da.
Irune Soto EH Bilduko bozeroalea pozik agertu da zentroa zabaldu egingo dalako, baina kritikau egin dau museoaren eraikuntzarako “azkeneko esleipenak” “ia milioi bat euroko gain-kostu argia erakusten dauela”. Bere eretxiz, hori “arduratzeko modukoa” da. Ganera, Aldundiari aurpegiratu deutso kudeaketa lehiaketea lortu eban enpreseak “%0,04ko” aldeagaitik baino ez ebala irabazi. Koalizino abertzalearen eretxiz, horrek esleipenari buruzko “zalantza asko” sortzen ditu. Ariztondok adierazo dauenez, alde txiki hori lehiaketa publikoen gaur egungo egoeraren erakusgarri da, enpresek euren proposamenak “gehiago estutzen” dituelako. “Gero eta ohikoagoa da eskintzen arteko aldeak txikiagoak izatea”, erantzun dau.
Diputatu andreak argitu dau, baita be, Aldundiak ez daukala Bizkaiko museo barriari eukia emoteko lizitazino prozeduran zertan “sartu behar”. “Ez dogu zainketa beharrik egiten”, Bakioko Udalaren zereginaren aurrean. Aldundiaren eginbeharra, bere berbetan, “aholkularitza lanak” egitera mugatu zan. Ariztondok gogoratu dau bere sailak esleipenerako txosten teknikoa idatzi ebala, eta Aldundiaren zereginen artean, zentroarentzako kudeaketa eredua proponidutea be baegoala, Bizkaikoa izeneko museo foru sarearen barruan sartuz, zentroari “eskalako ekonomia” apliketako helburuz. Adierazo dauenez, azken gai horren inguruan beharrean jarraitzen dabe.
Jon Sánchezek, EAJ-PNV taldeko ordezko bozeroaleak, EH Bilduren kexak aitatu ditu, eta koalizino abertzaleak Aldundiaren lana zikintzeko aurrera daroan “komunikazino estrategiaren” barruan sartu ditu. Bere berbetan, Aldundia, Udaletik bertatik agindutako beharra egitera mugatu da, “txosten teknikoak” idaztera, hain zuzen be. “Ahalegina egiten dabe –Bilduri buruz– edozein argudio garbigailuan sartzeko, eta politikan ez dau edozerk balio”. Batzarkide jeltzalearen ustez, “herritarren aurrean erakusten dogun irudia arduratzeko modukoa da”. “Kontu handiagoz ibili behar gara”. Sánchezek. koalizino abertzalea foro eta leku okerrean dabilela gogoratu dau. “Ez gagoz Bakioko Udaleko osoko bilkuran”, adierazo dau, proiektua udalerri horren eskumenen barruan dagoala gogoratuz.
ALDI BATERAKO ERAKUSKETAK GUGGENHEIM MUSEOAN
Beste alde batetik, Bizkaiko Talde Popularrari erantzunez, Ariztondok, Guggenheim museoaren aurtengo programazinoa errepasau dau. Holan, aldi baterako erakusketak datorren eguenean, zezeilaren 13an, hasiko dira, Ernesto Netoren erakusketagaz. Horren ostean, Joko Onori eskinitako atzerabegirakoa, Georges Brakeren lanak jasoten dituana eta Chillida eta Oteitza bezalako euskal egileen formatu handiko lanak eta New Yorkeko Guggenheim museoko beste lan batzuk alkartuko dituan “Gure garaiko artea” erakusketea izango doguz. Diputatu andrearen eretxiz, gogoeta prozesu baten ostean eta erakunde publikoen (Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundia) diru-ekarpen handiagoari esker, lortutako programazino hori “kalidade handikoa” da, eta ez da Estaduko museo garrantzitsuenek eskintzen dabena “baino eskasagoa” izango.
Kultura diputatuak igazko bisitari kopurua be aitatu dau. Bilboko museoak “%8ko” beherakadagaz itxi eban urtea, baina hori bere egunean egindako aurreikuspenen barruan sartzen zan, igazko urtearen ezaugarrietako bat erreferentziazko museo gehienetako bisitari kopuruaren jatsierea izan zalako. Gogoratu dauenez, murrizketa hori turista kopuruaren beherakadaren eta Bizkaiko uriburura heltzeko, beste uri batzuetara iristeko baino “aukera gitxiago” egotearen ondorioa da, bertako garraiobideak ez diralako hain egokiak. Halanda be, eta beste museo batzuekaz alderatuta, Bilboko museoa beste museo garrantzitsu batzuen gainean egon dala adierazo dau Ariztondok. Holan, Arte Eder Museoak (%35eko jatsierea), Thyssen museoak (-%25), Artiumak (-%18), edo Pradoko (-%15) museoak emaitza txarragoak izan ditue.
PP taldeak, bere aldetik, etorkizunari begira, “arrakastaren gakoa”, “turismoarentzat erakargarri eta deigarri” diran aldi baterako erakusketetan egongo dala adierazo dau. Horri jagokonez, iraganeko hainbat esperientzia aitatu ditu, “Txinari, motozikletei, Armaniri, Errusiari edo Azteken inperioari” eskinitakoak, adibidez. Arturo Aldecoa ordezkari popularra, lehen mailako beste kultur zentro batzuekaz trukaketa bultzatzearen eta arte modernoaren ikuspegi “zabalagoa” izatearen alde agertu da, Bilboko Guggenheim museoa ez daiten “arte modernora eta garaikidera mugatu”, “beste” museo batzuetan gertatu dan moduan.
“K” ESPAZIOA
Bizkaiko Batzar Nagusietako Kultura eta Euskerako Batzordeko eguneko gai zerrendako gaien artean, “K” izeneko ekimenaren aurkezpena egoan. Bizkaiko gazteei euskeraz eskinitako sorkuntza espazioa da. Gai horri jagokonez, Ariztondok adierazo dau “K” izango dala Aldundiak gazteriari eta partaidetzari begira egingo dauen apustua, eta batzarretako taldeek ondo hartu dabe ekimena.
Azaldu dauenez, "K"-k espazio zabala, partaidetzan eta sorkuntzan oinarritua, izan gura dau, gazteek “euren jakin-minak eta Bizkaiagaz daukien konpromisoa” erakutsi daien eta, ganera, euskeraz egin daien, teknologia barrien bitartez. Lurraldean dagoan “gazte elebidunen %52,8 horri” dago zuzenduta, eta “euskeraren erabilerea erakusteko dago diseinauta, betidanik horretarako egokiak izan diran lekuetan eta baita beste guztietan be”. Kultura diputatuak adierazo dauenez, protagonismoa gazteen esku egongo da, eurak izango diralako euren jakin-minentzako eta arazoentzako konponbideak, proposamenak eta erantzunak bilatuko dituenak, eta eurak izango diralako konponbideak bideratuko dituenak.
Gazteen presentzia hiru partaidetza eremu handiren bitartez egituratuko da. Horreetako bat Kabia izango da. Bertan, Bizkaiko ehun gazte alkartuko dira, arazoei buruz berba egiteko, eztabaidetako, kritikak egiteko eta, batez be, alternatibak proponiduteko. Beste proposamen bat Kmovie izango da, Bizkaiko ikusmen eta emozino mapa erakutsiko dauen bideo sorkuntza lehiaketea. Saioan, batzarretako taldeek, gazte bizkaitarrek dagoaneko aurkeztu dituen proposamenetako bi ikusi ahal izan ditue. Eta azkeneko eremua K gunea izango da, Bizkaiko gazte komunidadearentzako lekua, sarean, gazte guztien topaleku izango dana, eretxiak, bizipenak edo jakin-minak alkarregaz konpartiduteko.
"POBEÑA-KOBARONEKO MEAGUNEAREN" BABESA
Saioan, batzordeko taldeek aho batez onartu dabe PP taldeak aurkeztutako arauz besteko proposamena. Proposamen horretan eskaerea egiten jako Eusko Jaurlaritzari, “Pobeña-Kobaroneko meagunea” Kultura Ondasun izendatzeko espedientea abiatu daian. Arturo Aldecoa batzordekide popularraren berbetan, Muskizen dagoan meagune horrek aintzatespen hori merezi dau, “Bizkaiaren industria hazkundea azaltzen dauelako eta gure iragana ulertzeko funtsezko elementua dalako”. Juan Oterminek (PSE-EE) gehitu dauenez, leku hori iraganean gertatutako “gizarte arloko eraldaketa handien jatorria” da. EAJ-PNV taldeak eskaerea egin deutso Aldecoari, bere ekimena beste erakunde batzuetara be zabaldu daian. “Eusko Jaurlaritzara zuzenean jo daikezu”, gogoratu deutso Ana Esther Furundarena jeltzaleak.