Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusiek on ikusia emon deutsie Sopela izenaren ofizialtasunari

Gernika

Gernikan, 2014ko urtarrilaren 29an.

Gaur goizean Gernikan egindako Batzar Nagusien bileran behin betiko onartu da Sopelako udalerriaren izena. Hemendik aurrera, Bizkaiko udalerriaren izen ofiziala Sopela izango da, bertako Udalak eskatu eban moduan. Bizkaiko Batzar Nagusiek berretsi egin dabe 2013ko foru akordioa. Akordio horren bitartez, Foru Gobernuak, Udalak halan eskatuta, eta Euskaltzaindiaren beharrezko txostena eskuetan, izena aldatzea onartu eban. Izenaren ofizialtasunak jaso dauen azkenengo bultzadea EAJ-PNV eta EH Bildu taldeen aldeko botoen eta PP eta PSE-EE taldeen abstentzinoaren bitartez emon da.

Osoko Bileran, batzarretako taldeek errepikau egin dabe gai hori landu zan batzordean izandako eztabaidea. Lorea Bilbaok, EAJ-PNV taldeak Batzar Nagusietan dauen bozeroaleak, adierazo dauenez, bere taldeak aldaketaren alde erakutsitako jarrerea, udalerriak berak egindako aukeraketan oinarritzen da. “Herriaren borondatearen isla da”. Asier Sanz EH Bilduko batzarkidea pozik agertu da izena aldatzeko aurrera eroandako prozesua dala eta, eta aldaketa hori defendidu dau, ikuspuntu “zientifikoan eta akademikoan” oinarrituta. Horri jagokonez, erabagia ez dala “politikoa” esan dau.

Juan Otermin PSE-EE-ko batzarkideak esan dau bere taldeak “ez daukala ezer esateko” “legezkoa” dan aldaketa prozesuaren aurrean, baina kritikau egin dau EH Bildu taldeak herriko biztanleen artean izena aldatzeko kontsultarik egin ez izana, “herri galdeketen oso lagunak diran arren”. “Legezkoa da, baina ez dakigu herriak benetan gura dauena dan ala ez”, adierazo dau.

Arturo Aldecoa PP-ko batzarkideak, bere aldetik, adierazo dau jarraitutako prozesua legezkoa bada be, “oinarriak iraztontzi batek baino zulo gehiago daukazala”. Holan, justifikazinoak jasoten dituan “lelokeriak” aitatu ditu, eta herriaren jatorrizko izena Sopelana dala defendidu dau, eskribauek XII. mendetik jaso izan daben moduan. “Izena aldatu daiteke, arautegia betez, baina ezin da historia aldatu”, adierazo dau.


HIRU FORU DEKRETUREN ONESPENA

Batzar Nagusiek Aldundiaren hiru Foru Dekretu berretsi ditue, Balio Erantsiaren ganeko Zergea aldatzeko, banku-fundazinoen araubide fiskala araupetzeko eta Aurrekontuen Foru Arau Orokorraren testu bategina onesteko.

Ekintzaleei laguntzeko eta nazinoartera zabaltzeko 14/2013 Legeak aldaketak ekarri ditu Balio Erantsiaren ganeko Zergan. Aldaketa horreek Lurralde Historikoko tributuen arautegian sartu behar ziran, Kontzertu Ekonomikoak ezarten dauena betez. Sartutako aldaketen artean, eta enpresen likideziagaz eta maileguak eskuratzeagaz erlazionautako arazoak arintzeko asmoz, Balio Erantsiaren ganeko Zergaren arloan “kutxa erespide erregimen berezia” sortu da.

José María Iruarrizaga Ogasuneko diputatuak azaldu dauenez, aldaketa horri esker, eragiketen bolumenean 2 milioi euroak gainditzen ez dituen zergadun batzuek BEZ-aren ordainketea atzeratzeko aukera eukiko dabe, bezeroaren fakturea “osorik edo parte batean” kobrau arte. BEZ zergea ordaintzeko azkenengo eguna, fakturearen hurrengo urtearen abenduaren 31 izango da. EH Bildu taldea izan da Dekretu hori berrestearen kontra azaldu dan bakarra, Lurralde Historikoek BEZ zergea araupetzeko gaitasun “osoa” izan behar dabela dinoen idearen kontra dagoalako. EAJ-PNV taldearen eretxiz, arauzko aldaketa horrek batez be “enpresa txikien eta ertainen eta autonomoen” finantzaketea hobetuko dau.

Osoko bilkureak onartu dauen araudiaren beste egokitzapen bat Kutxen Legeak ezarten dau. Finantza antolamenduan “Banku-fundazinoen” irudia sartu dau. Aldaketa horretan adierazoten danez, eskakizun jakin batzuk beteten dituen aurrezki kutxak, fundazino bilakatu behar dira 6 hilebeteko epean. Epe hori joan dan urtarrilaren 1ean hasi zan. Lege horrek aldaketak sartzen ditu Soziedadeen ganeko Zergan, Balio Erantsiaren ganeko Zergan eta Ondare Transmisinoen eta Dokumentautako Ekintza Juridikoen ganeko Zergan. Horreetako gehienak “derrigorrez egokitu” behar dira, Kontzertu Ekonomikoa dala eta, Iruarrizagak adierazo dauenez.

Ogasun diputatuak esan dauenez, dekretu horrek izaera “mistoa” dauka, Bizkaian “derrigorrez egokitu” behar diran aurreikuspenak eta, prisaz hartu behar diranez, arauzko prozedura hori erabiltea beharrezkoa bilakatzen daben beste aurreikuspen batzuk sartzen ditualako. EH Bildu taldea ez dago ados horregaz, izan be, koalizino abertzaleak adierazo dauenez, Aldundiak “prisaz eta arineketan” gura izan dau hori egitea, gizarteko eztabaidea mozteko.

EH Bilduren ustez, Dekretu horrek, Euskadiko finantza sistemea Espainiako Bankuaren “menpe” dagoala erakusten dau. Herritarrek euskal kutxen ganeko kontrola galdu egingo dabe, kutxa horreek desagertu egingo diralako sei hilebeteko epean. Horrez gain, “pribatizazinoari ateak zabaltzea” be eragingo dau, adierazo dau Irune Soto koalizino abertzalearen bozeroaleak. Irune Sotok azpimarratu dauenez, beste ondorio batzuen artean, fundazinoek ez dabe irabazi moduan autortuko gizarte ekintzara bideratutako dirua, eta hori dala eta, euskal ogasunek jasoko dituen diru-sarrerak murriztu egingo dira. Koalizino abertzaleak Europaren aurrean desobedientzia erakustea eskatu dau, “bertako” finantza sistema sortzea planteauta. Horrez gain, Batzar Nagusiek fundazinoko patronatuan ordezkaritzea izatea be eskatu dau.

“Ez dago alternatiba handirik”. Dekretuak, Europak egitera “behartzen gaituenari” erantzuten deutso, beste batzuek “txarto” egindakoaren ondorioz. “Zuzen ibili garenok txarto ibili diranak egindakoa ordaintzen ari gara”, erantzun dau Jon Andoni Atutxak, Batzarretako EAJ-PNV taldeko ordezko bozeroaleak. Bere ustez, Europako erakundeek ez dabe kontuan izan Euskadiko kutxen kudeaketa “ona”. Foru Dekretua aldeko 30 botogaz (EAJ-PNV eta PP), kontrako 11 botogaz (EH Bildu) eta 9 abstentzinogaz (PSE-EE) onartu da. Sozialistak abstenidu egin dira, ez dagozalako ados Aldundiak, Bizkaiko araudia Europako Legebiltzarraren araudira egokitzeko aukeratu dauen preminazko prozeduragaz.

Batzar Nagusiek gaur onartu daben azkenengo Foru Dekretuak, Aurrekontuei buruzko 5/2006 Arau Orokorra azken urteetan izandako aldaketetara egokitzea jasoten dau, Testu Bateginaren bitartez. Bertan, foru fundazinoak foru sektore publikoaren barruan sartzen dira eta baita, orain denpora gitxi Foru Administrazinoak emondako diru-laguntzen araubide juridiko orokorraren arloan onartutako aldaketak be. Talde guztiek dekretu horren berrespenaren aldeko botoa emon dabe, abstenidu egin dan EH Bilduk izan ezik.


BAI EUROKOPEA SAN MAMESEN JOKATZEARI, EUSKADIREN PARTE HARTZEAGAZ

Gaurko osoko bilkuran argi eta garbi ikusi da Bizkaiko Batzarrak bloke bitan banatuta dagozala, Bilbo 2020ko Eurokoparen egoitzea izateari jagokonez. EAJ-PNV eta EH Bildu taldeek atzera bota ditue oposizinoak aurkeztutako arauz besteko proposamen biak, bat Socialistas Vascos (PSE-EE) taldeak aurkeztutakoa, eta bestea Bizkaiko Talde Popularrak (PP) aurkeztutakoa. Proposamen horreek Batzar Nagusien aldeko eretxia eskatzen eben, Aldundiak San Mamesen kandidaturea bultzatu daian, Europan jokatuko dan futbol selekzinoen goreneko lehiaketearen egoitzea izan daiten. EAJ-PNV eta EH Bildu taldeek kontrako botoa emon dabe, Eurokopan, San Mamesen etxeko talde moduan, euskal selekzinoak jokatu behar dauela defendiduten dabelako.

Arlo horretan, José Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusiak “parkamena” eskatu dau bileraren bukaeran, Espainiak etxeko talde moduan jokatu ezkero Eurokopea Bilbon ez jokatzea gurago ebala esatean izandako “akatsarengaitik”. Argi itxi dau lehiaketa hori San Mamesen jokatzea defendiduko dauela, baina barriro azpimarratu dau txapelketan etxeko taldea Euskadi izan daitela defendiduko dauela.

"Nik Eurokopea Bilbon jokatzea gura dot, eta holan defendiduko dot San Mames Barriko administrazino kontseilua batzen danean. Euskadik etxeko talde moduan jokatzea gura dot, Espainiaren, Alemaniaren, Mazedoniaren edo beste edozeinen kontra, normaltasunez”, adierazo dau.

Lorea Bilbao jeltzaleak esan dau oraindino sei urte falta dirala, eta “borondate politikoa” egon ezkero, badagoala tartea euskal selekzinoak Eurokopea Bilbon jokatu daian. Esan dau, zoritxarrez “bildurra edo konplexua” dagoala, “herrialde honetako errealidade anitzari aurrez-aurre begiratzeko” eta euskal taldearen partaidetzea baimentzeko. “Gure taldeak ez dau inongo selekzinoren existentzia galarazoten”, azpimarratu dau.

EH Bilduko Irune Sotok adierazo dau “onartuezina” izango litzatekela Espainiako futbol selekzinoak “etxeko talde moduan jokatzea San Mamesen”, eta esan dau Eurokopea Bilbon jokatzen bada, “aitorpen ofiziala” izango dauen euskal selekzinoagaz egin beharko dala, eta selekzino hori izan behar dala “etxeko taldea”.

PP eta PSE-EE taldeetako ordezkariak bat etorri dira, EAJ-PNV taldeak “politikea eta kirola nahasten dituala” esatean, eta azpimarratu dabe uriaren ekonomiarentzat oso garrantzitsua izango litzatekela Eurokopea bertan jokatzea. Horrez gain, gure uriak oso irudi ona emongo leuke mundu osoan.

Esther Martínez PP-ko bozeroaleak adierazo dauenez, azkenean Bizkaiko uriburuak kirol lehiaketa hori jasoten ez badau, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak “erantzukizun argia” izango dauela, “eskura” izan dauen aukerearen kontra agertu izan dalako.

Iñaki Egañak, PSE-EE taldeko bozeroaleak, adierazo dauenez, euskal kirol selekzinoa gura bada, hori Eusko Legebiltzarrean eztabaidatu behar dala, gaur egun Kirolaren Euskal Legea dalako selekzino hori eukitea ezinezko bilakatzen dauen “traba juridikoa”. Gogoratu dau Eurokopea bertan jokatzeak urian izango leuken eragin ekonomikoa “30 milioi eurokoa izan litekela”.


FORU GOBERNUAREN ERANTZUNAK

Osoko bilkuran Itaunen eta ahozko galderen txandea heldu danean, Aldundiak kasazino helegitea aurkeztuko dauela iragarri dau Euskadiko Justizia Epaitegi Gorenaren epaiaren aurrean. Epai horren bitartez Mendexako Vista Alegre burutzapen eremuari jagokozan urigintza arauen aldaketa puntuala geratu egin zan. Bertan 24 etxebizitza eregi behar ziran, 8.800 metro karratuko arboladia sortu behar zan eta 5.000 metro karratuko aparkaleku publikoa egin behar zan.

Unai Rementeria Foru Aldundiaren bozeroaleak adierazo dauenez, Aldundiaren ustez aldaketak biztanleriaren hazkundearen parametroak beteten ditu, eta horreek “egokiak” dira, Udaleko teknikariek eta Lurraldearen Antolamendurako batzordeak berak proponidu eben moduan. Halanda be, epaitegiak kontrako eretxia adierazo dau, burutzapen eremu horretarako urigintza aldaketea balio barik itxiz.

Horren ostean, Aldundiak, Batzarrei jakinarazo deutse emon beharreko aginduak emon dirala, 1998an Hormigones Cavia enpreseari saldutako lurrak berreskuratzeko espedienteari hasierea emoteko. Lur horreek 19.000 metro karratuko finkea osatzen eben Urtuellan, eta eragiketa haren bitartez, enpresa horren leku aldaketea erraztu gura izan zan. Gaur egun, enpresa likidazino prozesuan dago. Aldundiaren asmoa, sal-erosketa prozesuan ordaindutako “kopuru berbera” ordaintzea da. Orduan “metro karratuko 500 pezeta ordaindu ziran”, gaur egungo 57.000 euro baino zer edo zer gehiago, José María Iruarrizaga Ogasun diputatuak adierazo dauenez.

Osoko bilkureari bukaerea emoteko, Aldundiko Ogasuneko arduradunak iruzur eta saiheste fiskalaren kontrako Plana martxan jarri izanari buruzko erantzuna emon dau, Iñaki Egaña bozeroale sozialistak gaia aitatu eta gero. Plan hori, irailean EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen artean sinatutako akordioan jasoten da. Plan horren bitartez, beharrezko hitzarmenak jarriko dira martxan hiru foru aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren artean, tributuen datu baseen lotureak aurreikusten dituan iruzurraren kontrako plana gauzatu ahal izateko.

Gai horren inguruan, diputatuak gogoratu dau akordio horrek atal bi jasoten ebazala: batzorde bat martxan jartea eta sinatu beharreko hitzarmenak sinatzea. Iruarrizagak adierazo dau batzorde hori martxan dagoala dagoaneko, eta bilera bi egin dituala, bat abenduaren 16an, eta bestea urtarrilaren 23an. Bilera horreetan batzordearen araudia onartu da. Adostutako lehenengo neurria, batzordearen presidentzia parte hartzen daben erakundeen artean txandaketea izan da. Aurton Gipuzkoa izango da batzordearen burua. Batzordearen lehenengo zeregina, iruzur eta saiheste fiskalaren kontra burruka egiteko plana onartzea izango da. Iruarrizagak adierazo dauenez, onarpen hori, “otsailaren bukaeran” egingo dan hurrengo bileran egin ahal izango da. Hitzarmenei jagokenez, falta dan bakarra Arabaren on ikusia da, Bizkaiak eta Gipuzkoak euren on eretxia emon deutsielako zirriborroari.