Aurreko Albisteak

Eurokoparako Bilbo egoitzetako bat izatearena eztabaidagai 2014. urteko lehenengo Osoko Batzarrean

Gernika

Bilbon, 2014ko urtarrilaren 28an.

2020ko Eurokoparako San Mames zelaiaren hautagaitzari buruz daukien jarrerea adierazo beharko dabe Bizkaiko 51 batzarkideek bihar, urtarrilaren 29an, Gernikan egingo dan ohiko Batzar Nagusian. Oposizinoak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamen bi izango dira eztabaidagai, bata Socialistas Vascos (PSE-EE) Taldearena eta bestea Bizkaiko Talde Popularrarena (PP). Biek eskatzen dabe Batzar Nagusien botoa Aldundiari eskatzeko egin beharrekoak egin daiazala 2020ko Eurokopa San Mamesen jolastu daiten, kontinentean futbol selekzinoetarako izaten dan lehiaketarik garrantzitsuena izateagaitik.

Batzar horretako gai-zerrendan dozena bat gai aztertuko dira, besteak beste Aldundiaren hiru foru dekretu arauemaile, bat Balio Erantsiaren gaineko Zerga aldatzeko, beste bat banku-fundazioen zerga-araubidea arautzeko eta hirugarrena Aurrekontuei buruzko abenduaren 29ko 5/2006 Foru Arau Orokorraren Testu Bategina onesteko. Bestalde, Aldundiak beste gai bat be badaroa Osoko Batzarrera, Sopelana udalerriaren izena aldatu eta horren ordez Sopela izena izatea onartzeko.

Ekintzaileei eta horreen nazioartekotzeari laguntzeko 2013ko irailaren 27ko 14/2013 Legeak aldaketak eragin ditu Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Legean, eta aldaketok Bizkaiko Lurralde Historikoko zerga-arautegian sartu behar dira. Besteak beste, enpresek dabezan likidezia-arazoak eta kreditua lortzeko arazoak arintzeko, “kutxa-irizpidearen araubide berezia” sortu dau Balio Erantsiaren gaineko Zergaren arloan.

Osoko Batzarrak onartu beharreko beste araubide-egokitzapen bat Kutxen Legearen eskutik dator; Lege horrek, bada, banku-fundazioen figura sartu dau gure finantza-ordenamenduan, eta honako betebehar hau ezarri dau: baldintza jakin batzuk beteten dabezan aurrezki-kutxek banku-fundazio bihurtu behar dabe 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera. Lege horrek aldaketa batzuk dakarz Sozietateen gaineko Zergan, Balio Erantsiaren gaineko Zergan eta Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan.

Azken Dekretu Arauemaileak Aurrekontuei buruzko abenduaren 29ko 5/2006 Foru Arau Orokorraren eguneraketa dakar eta horren Testu Bategina onesten dau. Horretan, bada, foru fundazinoak foru sektore publikoaren barruan sartzen dira eta, horrez gainera, Foru Administrazinoak emondako diru-laguntzen araubide juridiko orokorrean oraintsu onartutako aldaketak gehitzen jakoz arauari

FORU GOBERNUARI ZUZENDUTAKO ITAUN ETA ERANTZUN-ESKEAK

Osoko Batzarreko beste aztergai bat EH Bildu Batzarkide-Taldeak Aldundiari egindako Itauna izango da, hain zuzen be “Mendexako Vista Alegre eremuaren inguruko hirigintza arauen aldaketaren inguruan EHAEko Auzitegi Gorenak berriki horiek deuseztatzearen inguruko erabakiei” buruzkoa. Itaun horren bitartez, Talde abertzale horrek galdetzen dau zeintzuk izango diran arlo horren inguruan EHAEko Auzitegi Gorenak ezarritakoaren aurrean Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatuko dituen ekimenak edo hartuko dituen erantzukizunak.

Osokoan aztergai izango dan hurrengo Itauna Bizkaiko Talde Popularraren eskutik dator. Popularrek itaundu egiten deutsie Foru Gobernuari ea zer egin dauen Hormigones Cavia enpreseak Aldundiak 1998. urtean saldu eutsan 19.000 m2ko lur-saila berreskuratu eta foru ondarera itzuli daiten. Popularrek jakin gura dabe ea Aldundiak bete egin ete dauen Batzar Nagusiok 2013.aren hasieran agindu eutsiena, kontuan izanik lurrok agindutako helbururako ez zirala erabili. Enpresa hori gaur egun likidatze prozesuan dago.

Osoko Batzarraren hurrengo aztergaia PSE-EE alderdiak Jose Luis Bilbaoren Exekutiboari egindako ahozko erantzun-eskea izango da, hain zuzen be Iruzurraren aurkako burruka plana egiteari buruzkoa. Ekimen hori jasorik egoan EAJ eta PSE-EE alderdiek irailean sinatutako akordioan, eta horretan zeregin nagusitzat ezarten zan Zerga-Iruzurraren aurkako Burrukarako Plana atontzea, eragindako administrazinoen arteko hitzarmenen bitartez eta zergapideko datu-baseen alkarloturearen bitartez.

Lotutako artxiboak: