Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek ez dabe onartu Bilbon bizikletak erregistretako bulego bat zabaltzea

Batzordea

Bilbon, 2014ko urtarrilaren 24an

Herri Lan eta Garraioetako Batzordeak baztertu egin dau gaur Bilbon bizikleten erregistroa sortzea. Socialistas Vascos (PSE-EE) taldeak aurkeztutako arauz besteko proposamenaren helburua, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak bulego nagusia eratzea zan, ibilgailu horreek erregistretako, holan, lapurtu ezkero, errazago berreskuratu ahal izateko. Horrez gain, leku horrek garraio hori “kudeatzeko, sustetako eta bultzatzeko” funtzinoak be hartu ahal izango leukez bere gain, urian mobiduteko modu “iraunkorra eta osasungarria” dalako. Proposamenak PSE-EE taldearen ordezkari bien aldeko botoa baino ez dau jaso. Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) eta Bizkaiko Popularrak (PP) taldeek kontrako botoa emon dabe, eta EH Bildu abstenidu egin da.

Eztabaidan, Bizkaiko batzarretan ordezkariak dituen lau taldeak bat etorri dira, bizikleta, herritarren artean bultzatu beharreko garraioa dala adierazoteko orduan. Halanda be, EAJ-PNV, PP eta EH Bildu taldeek ez dabe oso argi ikusi Bizkaiko uriburuan erregistro bulego bat ezarteko beharra. PP-rentzat “gatxa” da erregistrau daitekezan ibilgailuen tipologia zehaztea, eta, ganera, herri administrazinoentzat beste gastu bat izango litzateke. Ez dabe argi ikusten zein izango litzateken Foru Aldundiaren eginbeharra. “Gai horren eskumena udalena da”, esan dau Jesús Isasi popularrak.

EH Bilduk be ez deutso “errazoi garbirik” ikusten erregistroaren kontuari. Batzarretako talde horren eretxiz, azpiegituren arloan, hori baino “lehenago” landu behar diran “beste gabezia” batzuk dagoz, seinaleen edo aparketako lekuen falta, bidegorriak amaitzea eta bizikleta publikoen parkea zabaltzea, adibidez. EAJ-PNV-ri, sozialisten proposamenak “zalantzak” sortzen deutsaz, ez dauelako hainbat “eragile garrantzitsuen” parte hartzea planteetan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila, udaltzaingoa edo aseguru-etxeak, besteak beste. PP-ren kasuan gertatu dan moduan, ez dabe “argi ikusten” zein izango litzateken Aldundiaren eginbeharra.


LANGABETUENTZAKO BEHERAPENAK GARRAIO PUBLIKOAN

Batzar Nagusiek atzera bota dabe, baita be, Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari, beharra modu “aktiboan” bilatzen dabilzan langabetuentzat garraio publikoa erabilteko orduan beherapenak ezarteko eskatzea. PSE-EE taldeak, arauz besteko proposamen baten bitartez, eskaerea egin dau, erakunde bi horreek hitzarmen bat sinatu daien, langabezian dagozan herritarren artean jardun hori bultzatzeko “gizarte bonoak” sortzeko. Ekimena ez da onartu, EAJ-PNV eta EH Bildu taldeek kontrako botoa emon dabelako.

Gai honetan be, ganerako taldeak bat etorri dira esandakoaren “filosofiagaz”. Ados dagoz egoera txarragoan dagozan taldeei garraio publikoa erabilteko laguntzak emoteagaz, baina ekimen sozialistak aurreikusten dauen “larregizko” zehaztapena atzera bota dabe. Proposamen horrek, garraio publikoaren prezioan %50eko beherapenak planteetan ebazan “modu aktiboan beharra bilatzen ari diran” pertsonentzat, eta %100eko beherapena “Bizkaian edo inguruko lurralderen batean beharra lortzeko alkarrizketa batera” doazanentzat. Diruz lagundutako bidaia horreetan, langabezian hilebete bi baino gitxiago daroen pertsonak be sartuko litzatekez.

EH Bilduren eretxiz, beherapen horreek apliketea “gatxa” da. Talde horrek iragarri dauenez, proposamen bat aurkeztuko dau, etorkizunean martxan jarriko dan “txartel bakarra” izan daiten gai horreetarako konponbidea jarriko dauena. Euren ustez, beherapenen ikuspegi “integrala” bilatu behar da, pertsona bakotxaren “errenta mailaren” arabera, joan-etorriak egiteko garraio publiko operadore bat edo beste aukeratzea “kontuan izan barik”.

EAJ-PNV-ren eretxiz gaia “berde” dago, eta “aurretik egin beharreko azterlana” behar da. Azterlan horretan, garraio publikoaren arloan eskumenak dituen beste erakunde publiko batzuen ekarpena be hartu beharko litzateke kontuan, Bizkaiko Garraio Partzuergoarena edo Bilboko Udalarena, adibidez. Ganera, bere ustez, sozialistek ez dabe asmau aukeratu daben formulagaz –hitzarmena– ezta gai horreek eztabaidetako foroagaz be –Batzar Nagusiak–. “Logikoagoa izango litzateke gai horreek Garraio Partzuergoaren barruan planteetea”, adierazo dau Jon Larrea batzarkide jeltzaleak. “Badago akordiorako lekua”, baina Batzarrek ez dabe eztabaida hori “baldintzatu” behar.

PP taldea, azkenean, PSE-EE taldearen proposamenaren alde agertu da, sozialistek popularren zuzenketa-eske bat onartu dabelako. Zuzenketa-eske horrek, Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako sozialisten beste ekimen batek planteetan eban gauza bera planteau dau. Popularrek, gaur eztabaidatutako proposamena “zehaztasun barik” ixtea bilatzen eben, Eusko Jaurlaritza izan daiten “egoera txarragoan dagozan taldeentzako hobariak” ezarriko dituana.


%2KO IGOEREA BIZKAIKO PEAJEETAN

Itziar Garamendi Herri Lan eta Garraioetako diputatuak, Hegoaldeko Saihesbide Metropolitarraren, Artxandako tunelen eta Usansolo eta Gipuzkoako muga arteko AP-8ko zatien 2014ko peajeen zenbatekoak ezarten dituen Foru Dekretuen barri emon deutse batzarretako taldeei. Interbiaken txosten teknikoetan eta foru araudian jasotako formuletan oinarrituta, joan dan urtarrilaren 1ean indarrean sartu zan hazkundeak ehuneko biko igoerea aurreikusten dau aitatutako errepide horreetan, 2013ko prezioakaz alderatuta.

EH Bilduk kritikau egin dau igoera hori, “KPI-aren ganetik” dagoalako. Bere erantzunean, Aldundiko arduradunak “koherentzia” eskatu deutso koalizino abertzaleari, Bizkaian igoera hori kritiketan dauen bitartean, Gipuzkoan %3,5eko igoerea aplikau dauelako aurton peajeen prezioan.