Aurreko Albisteak

Gernikako Arbolaren kimu bat landatu da Derioko Seminarioan

Derion, 2014ko urtarrilaren 23an

Derioko Seminarioa izan zanaren inguruek Gernikako Arbolaren kimu bat daukie gaurtik aurrera. Landatzea gaur egin da, Mario Iceta Bilboko gotzaina eta Ana Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea buru izan dituan ekitaldian. Haretx gaztea, “Adiskidetasunaren Basoko” txoko batean haziko da. “Adiskidetasunaren basoa”, Bilboko Elizbarrutiak bultzatutako ekimena da, bertako berrogeta hamar espezie inguru landatzeko, erakunde publikoen eta pribaduen laguntzagaz. Erakunde horreetako ordezkari asko ekitaldian egon dira.

“Euskal askatasunaren eta euskaldunon unibertsaltasunaren sinboloa”, Ana Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak definidu dauen moduan, mundu osoko txoko askotan dago, Venezuelan, Kolonbian edo Argentinan, besteak beste, eta baita oso leku berezietan be, New Yorkeko “0 Gunean”, adibidez. Gaurtik aurrera, Txorierriko haranean mikrokosmos soziokulturala eta ekonomikoa jasoten dauen Seminarioaren Eraikinean be izango ditu sustraiak.

Landatutako arbola, “quercus robur” espezieko haretxa da, eta genetikari jagokonez, Gernikako Batzar Etxean dagoan eta Bizkaiko erakunde instituzional gorenaren sinboloa dan haretxaren ondorengoa da, ezkurraren bitartez. Bere gerizpean egiten ziran jatorriz Bizkaiko udalerri guztietako ordezkariak biltzen zituan Batzar Nagusietako asanbladak. Hori dala eta, Madariagaren eretxiz “Foruen tradizino demokratikoa eta euskal herritarron lege zaharrak ondoen irudikatzen dituan sinboloa da”.

Gaur egun, Gernikan, bertako haretxak, tradizino kultural eta etnografiko berean batutako Euskal Herriko Lurralde guztien topaleku izaten jarraitzen dau, moeta guztietako muga politikoak gaindituz. Derion landatutako kimua Gernikako Batzar Etxean gaur egun dagoan haretxaren “seme” legitimoa da eta, beraz, aurreko guztien “ondorengoa” da. Lehenengoa, “Aita” izenekoa, XIV. mendean landatu zan, eta 450 urte bizi izan zan; bigarrena “Zaharra” izenez ezagutua, XIX. mendearen amaierara arte egon zan bizirik. Gaur egun horren fosila Gernikako Batzar Etxeko lorategietan kontserbetan da. Lehortu aurretik, 1860an, bere bizitza zikloa 2004. urtera arte luzatu eban beste arbola batek hartu eban haren lekua. Gaur egun Bizkaiko Batzar Nagusien buru dan haretx gaztea 2005eko zezeilean landatu zan.