Aurreko Albisteak

PSE-EE alderdiak eskaerea aurkeztu dau Batzar Nagusietan lan bila dabiltzanentzako deskontuak jarteko garraio publikoan

Bizkaibus eta Bilbobus

Bilbon, 2014ko urtarrilaren 23an

Batzar Nagusietako Socialistas Vascos Taldeak Arauz Besteko Proposamen bat aurkeztu dau eskatzeko Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari eze Bizkaiko herri garraioetan deskontuak sortu daitezala langabezian dagozanentzako. PSE-EE alderdiak eskatzen deutse erakunde bioi “lankidetza hitzarmena sinatu dagiela gizarte bonoak sortzeko, horren onuradun izanik langabetuak”, jokaera hori herritarren artean zabaltzeko. Deskontuak %50ekoak izatea planteetan dabe lanpostua azken hile bietan galdu eta lana era saiatsuan bilatzen dabenentzat, eta %100ekoak lan-alkarrizketaren batera Bizkaiko Lurralde Historikoko edo inguruko Lurraldeetako lekuren batera doazanentzat.

Beste alde batetik, Talde berberak eskatu dau, derrigorrez betebeharrekoa ez dan beste ekimen baten bitartez, Aldundiak sortu dagiala, Bilboko Udalagaz batera, “bizikletearen bulegoa”, horren helburua izanik “gure Lurralderako mugikortasun sistema iraunkor eta osasungarri dan aldetik bizikletearen erabilerea bultzatu eta sustatzea”. Ekimenaren aurkezleak, Isaac Fernández sozialistak, uste dau erakunde bion arteko alkarlana beharrezkoa dala “Bizikleta-erregistro zerbitzua” ezarteko, hain zuzen be “erabiltzaileek bizikletak bertan erregistratu ahal izan daiezan”, lapurreta kasuetan erraztu egingo leukealako bizikletok berreskuratzea.

Aldundiak, bere aldetik, Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidea, Artxandako Tunelak eta bideen azpiegitura-sareko zati jakin batzuk —Zornotzatik Gipuzkoako mugara artekoak— erabiltzeagaitik kobraten diran bidesariaren zenbatekoak aldatzen dabezan foru dekretuak aurkeztuko ditu Herri Lan eta Garraioetako Batzordean.