Aurreko Albisteak

Bizkaibus zerbitzuko autobusen kanpoaldean publizidadea jartea proposatzen dau PSE-EE alderdiak

Bizkaibus

Bilbon, 2014ko urtarrilaren 13an

Bizkaiko Batzar Nagusietako Socialistas Vascos Taldeak Bizkaibus zerbitzuko autobusen kanpoaldean publizidadea jartea proposatzen dau. Eskari hori Herri Lan eta Garraioetako Batzordeak urtarrilaren 17an izango dan batzarrean eztabaidatuko dan Arauz Besteko Proposamen baten bitartez egin dau. Neurri horren bitartez, bada, “finantzabide barriak bilatuko litzatekez zerbitzu publikoen kalidadea mantendu ahal izateko”. Ekimenaren arrazoiketan adibide moduan azaltzen dabe Bilbobusek urtero kontzeptu horregaitik 450.000 euroren %80a. Bizkaiko Talde Popularra hori baino urrunago doa eta zuzenketa-eske batzuen bitartez planteatzen dau, batetik, autobusen kanpoaldean eta barrukaldean be jarri daitela publizidadea, eta bestetik, “telebista pantailak jarteko aukerea aztertu daiala, albistegiak publizidade eta guzti emoteko”.

Uriarteko garraioa aldatzeko proposamen gehiago aztertuko dira batzorde batzar horretan, ze EH Bildu Taldeak beste ekimen bat aurkeztu dau, Aldundiak aldaketak egin daizan Bizkaibusek Trapagaranen emoten dauen zerbitzuan. Hain zuzen be ekimenean jasorik dagoz Udal horrek Aldundiari egiten deutsazan eskariak: markesina bi jarri daizan (Zaballako autobus geltokian eta Trapagakoan), “B1-745 eta B1-3747 errepideen arteko gurutzean oinezkoentzako semaforizazioa eta zebrabidea jartzeko” eta “3331 Bizkaibus linea "Trapaga auzoa" geltokitik Elgero auzoko plazaraino luza dezala gaur egungo maiztasun berarekin”.


AP 8 AUTOPISTAKO LANGILEEN ARAZOA

Beste alde batetik, PSE-EE alderdiak Arauz Besteko Proposamena aurkeztu dau, Foru Sailak Gebisa enpreseari eskatu deion (enpresa horrek egiten dau AP8 autopistearen iraunerazpena eta ustiapena El Gallo eta Gipuzkoako mugearen arteko zatian) “eten dagiala 2014ko urtarrilerako aurreikusita dagoan lan baldintzen erabateko aldakuntzea, langileentzako kaltegarria dalako eta, Plegu Teknikoetan xedatutakoa beteten ez dauenez, formazko hutsa dauelako.”


METROAREN 3. LINEARI ETA A-8 AUTOPISTAKO ISTRIPUEI BURUZKO ERANTZUN-ESKEAK

Batzordearen bilera horretan be Aldundiak erantzun egin beharko ditu Socialistas Vascos Taldeak egin deutsazan galderei, jakiteko, batetik, ea Bizkaiko Garraioen Partzuergoak Metroaren 3. linearen kudeaketea dala-ta Euskotren operatzailearen gaineko benetako kontrola izango ete dauen, eta beste batetik, ea bermatu egingo ete jaken Metroaren 3. lineako erabiltzaileei Metro Bilbaoren gainontzeko linien besteko maiztasuna izango dabela.

Socialistas Vascos Taldeak batzorderatze-eskea aurkeztu deutso Itziar Garamendi Diputatu andreari, argibideak emon daizan Sailak 2007. urtetik hona A-8an Muskizen, batez be La Arenako zubibidearen inguruan, urterik urte gertatzen diran istripuen kopuru handia murrizteko hartutako neurriez, 2007. urtetik hona gertatutako istripu kopuruaz eta gertatutako hildakoen kopuruaz.