Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek Udondo errekearen ganeko zubia babesteko eskatu dabe

Udondoko zubia

Udondoko zubia

Bilbon, 2014ko urtarrilaren 9an

Batzar Nagusiek gaur goizean onartu dabe Kultura eta Euskerako Batzordean, Eusko Jaurlaritzari eskaerea egitea, Euskal Herriko “industria ondarearen historian eta elementuetan dauen garrantziagaitik” Udondoko zubia (Leioa) Kultura Ondasun moduan sailkatzeko, monumentu kategoriagaz, espedientea abierazo daian. Ekimenaren arduradunak, Arturo Aldecoa popularrak, adierazo dauenez, zubi horren parte bat, Bilboko Isabel II-aren bide-zubi zaharraren “azkeneko hondarrakaz” dago eregita. Bide-zubi hori, Espainiako fundizinoko bide-zubi zaharrena zan, Sevillako Trianakoagaz batera. Arauz besteko proposamenak EH Bildu, Socialistas Vascos (PSE-EE) eta Bizkaiko Popularrak (PP) taldeen aldeko botoa jaso dau, eta Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) abstenidu egin da.

Batzordekide popularrak zubi horrek Bizkaiko industria ondarearen barruan dauen “ez ohiko” garrantzia azpimarratu dau, bonbek eta uholde batzuek egituraren parte handi bat desegin eben arte, ia hiru hamarkadaz, 1848tik 1876ra, Arriaga antzokiaren parean, Ibaizabal itsasadarra gurutzetako erabili zan Bilboko bide-zubi zaharretik ateratako metalezko arkua daukalako oinarri moduan. Batzarretako talde guztiak, horren ostean itsasadarreko errepidean bide-zubia eregiteko erabili izan ziran iraganeko aztarna horreek babestearen alde agertu dira, baina EAJ-PNV abstenidu egin da, bere ustez holango ekimenak Eusko Legebiltzarrean planteau behar diralako, industria iraganeko aztarna horren eta beste batzuen babeserako elementuak “talde guztien artean finkatu” ahal izateko.


ERANTZUKIZUN ASEGURUA ZUGAZTIETAKO ESKULTUREN PARKEAN

Josune Ariztondo Kultura diputatuak batzordean adierazo dauenez, Zugaztietako eskulturen parkeko kudeaketagaz arduratzen dan Meatzalde Goikoa alkarteak azaroan luzatu egin dau Aldundiak, kultur ekimen hori Aldundiaren lurretan martxan jarri ahal izateko 2007an sinatu zan hitzarmenean oinarrituz eskatu eutsan erantzukizun asegurua. PP-k Aldundiko arduraduna Bizkaiko Batzarren aurrean agertzea eskatu dau, azaldu daian Aldundiak neurririk hartu ete dauen parkearen arduradunei mantentze lan egokia egiteko eskatzeko, dagoan moduan egoteak “arriskua” dakartsielako bisitariei.

Aldecoak, “bandaloek” eta “eguraldi txarrak” eskulturetan eragindako kalteen hainbat argazki batzordeko kideei erakutsi eta gero, Aldundiko arduradunak “arretea zorroztu beharra” aitatu dau, eskulturen guneko arduradunei, bertan erakusten diran lanen mantentze lan egokia eskatzeko. Ariztondoren eretxiz, kudeaketea “ez da egokia izan”, eta, hori dala eta, Aldundiak, bere egunean, laguntza moduan emondako 13.000 euro itzultzeko eskatu eban, kontratua ez beteteagaitik.

PP taldeak egindako beste galdera bati erantzunez, Ariztondok erantzun dau Aldundiak ez dauela Meatzalde Goikoako arduradunek Meatzaritza Inguruan edo Lurraldeko beste leku batzuetan beste eskultura parke batzuk jarteko ei daukien asmoari buruzko “inolako barririk” jaso.


ZUGAZTIETAKO ELLACURIA ETXEA

Zugaztietako (Trapaga) Magdalena kaleko 1ean dagoan eta Ellacuria izenez ezagutzen dan higiezinari jagokonez, Ariztondok adierazo dau datorren asteetan bilera bat egingo dala eraikinaren jaubeagaz, meatzaritza auzo osoko Monumentu Moltsoaren oinarrizko babespean dagoan eta denporaren eraginez oso kaltetuta dagoan etxeari buruz daukazan asmoak ezagutzeko. Diputatuak adierazo dauenez, eraikinak ez dauka jausteko “inolako arriskurik”. PP taldea ez da bat etorri eretxi horregaz, talde horren ustez egoerea “oso larria” dalako eta etxeak “jausteko arrisku” argia daukalako.

Popularrek Aldundiko Kultura arduradunaren batzorderatzea eskatu eben, Aldundiak Trapagako Udalaren eskaerei erantzuteko zer egin dauen ezagutzeko eta Batzar Nagusiek eurek martiaren 7an onartutako Arauz Besteko Proposamen baten bidez eskaturakoari men egiteko. Bertan eskatzen jakon “behar izango balitz, ofizioz jardunda” etxearen iraunerazpena bermatu dagiala. PP eta EH Bildu taldeek barriro gogoratu dabe eskari hori, eta gaur egungo jaubeak, “Bizkaiko lehenengo ekonomatoa” izan zana “jausten itxi” gura dauela baiezten bada, jaubetza kentze prozesua hastearen alde agertu dira.

Ariztondok, bere sailak azkeneko hamar hilebeteetan aurrera eroandako jarduketak gogoratu ditu. Epe horretan, Aldundiko teknikariek “aldian behin” bisitau dabe eraikina, etxearen egoeraren jarraipena egiteko, eta Udaleko arduradunakaz bilerak eta alkarrizketak izan dabez, eraikinaren babesa bilatuko dauen urtenbide “koherentea” lortzeko, zaharbarritze lanak egiteko “malgutasuna” emonez. Hori dala eta, “begi onez” ikusten dau, Udalak ikusten dauen moduan, barruan hotel bat egiteko idea.


KULTURA BONOA

Beste alde batetik, Ariztondok deia egin dau batzordean, Bizkaiko gizarteak “kulturea kontsumiduten” jarraitu daian, azkeneko Gabonetan egin dauen moduan, Bizkaiko Kultur Txartela ekimenari esker, neurri handian. Bono horrek, liburuak, diskoak eta filmak erosterakoan deskontuak eskintzen ditu. Ariztondok bere agerraldian azpimarratu dauenez,Aldundiak bultzatutako ekimen horren lehenengo fasean, Bizkaiko 176 saltokik egin dabe bat kultura bonoagaz. 40 euro balio daben 23.750 txartel kaleratu dira joan dan hilean, %20tik %40ra bitarteko deskontuakaz, artikuluen arabera. Foru Aldundiak 255.000 euro inbertidu ditu dagoaneko, ekimen horretarako erreserbautako 500.000 euroetatik. Ganerakoa bigarren fasean gastauko da, datorren udabarrian, eskaerea “ahuldu” egiten dan urteko garaia dalako.